kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Ifar aldeko orduak / Joseba Sarrionandia / Elkar, 1990

Izkiriaturik aurkitu ditudan nire ipuinak Edorta Jimenez / Egin, 1990-05-01

Ifar aldeko orduak izeneko liburua hartu dut eskuartean. Egilearen izena dakar azalean. Joseba Sarrionandia da. Eta Joseba Sorrionandiak sinatu zuen behiolako liburu hartan berak esan zuenez, geuk idatzi behar genuke, inork egin ezik, irakurri nahi ditugun liburuak. Zorionez, Joseba Sarriononandiak idatzi du nik irakurri guratako liburua. Hala bada, Iurretako erbesteratuaren beste harako haren “remake” ganorabakoa egin dut artikuluskan honen izenburuan. Hamar ipuin idazteko lana kendu dit Sarrionandiak.

Ipuinok non idatzi dituen, auskalo. Denok jakin gura dugu non ote dabilen iheslaria. Denok hona itzultzea gura dugun era berean. Zertarako gura dugun, hor, berriz, bestelako irrikek agintzen dute. Kalean behar dugu guk, bestek gartzelan amesten duen bitartean. Hala bada, esan daitekeena da tituluan halako mezuren bat somatu uste izan dugula. “Ifar Aldean nago, orduak ematen”, edo halakoren bat dioskula. Ifar Alde hori ez da hemengo Iparraldea, bestea baino, Europakoa. Halaxe igarri diot izen bereko ipuinean. Erbesteratuen hotza hezurretaraino sartu zait. Eta gogoeta egin dut.

Euskal Literaturaren historian, letras vascas en navarra eta letras vascas en el País Vasco-Francés gorabehera, “letras vascas en el exilio” idatz baleza inork, kapitulu hori itxi gabe dagoenaz kontura litezke guztiak, Madrilen bezala Bitorian. Ez dute eginen, ordea. Eta isilik dihardugu amarauna ehuntzen. Erauziak izan dira inoiz egondakoak eta sartu ere ez dituzte edo gaituzte egin erderazko laburpenetan. Ez gaituzte leer-ko, ez leiduko. Eta hala ere, prosalari bikaina dugu Joseba Ismael Sarrionandia (Uribe)larrea.

Ez dago ustebakorik oraingo honetan ere, ez bada estiloa hobetu egin duela eta gaietan, txorkatilak barik, lepoa ere busti duela. Bizkaieran oinarrituta, klasikoez ondo ongarrizturik, ahozkoaren lurretatik hurrindu barik idazten du Josebak. Batu egin du, bere erara eta bere kasa. Zehatza inor baino zehatzagoa izanik, aberastasunak dakarkio berba egokia leku egokian idatzi ahal izatea. Malgutasuna ere, joskera-bideen aberastasunak damaio. Josebak lortu duen sintesia harrigarria da. Bere gramatika sortu du. Eta gramatika eta literaturaren arteko dialektika zuzenean, transgresioa eta araua arteko gatazkan bera dabil Agintari. Hitz-Osteak eta Lerro-Armadak bere menpe ditu.

Estiloa gaiei egokitzen daki Errepublika-Egunaren bezperan jaio zen honek. “Aio Aioma” Hasierako ipuinean igaranaldia ekartzen du gogora. Gerra garaian, porrotaren osteko egunetan, “Nazionalek” meneratzen duten aldetik hanka egin behar izan zuen humea-(sic) ari da gogoratzen. Eta hala bada, liburuko lehen ipuin honek gero ere sarrien agertuko zaigun gaia aurkezten digu. Gudua , egon ere ukatu nahi den gertaera latza. Areago, galdu egin genuen gerra izan zela eta oraindik orduko legeak duela indarra, Sarrionandia gogoan duela beti, halaxe dirudi.

Oroimena bada, iraganerako bidea. Gudua baino haruntzago joan da oraingoan Sarrionandia. Poetaren azken egunetara ekarri gaitu, Garaxira. Apokrifoen balioak berresteko modua eman dit narrazio honek. Aintzinako pertsonaien aurpegiak, oraingook benetakotzat jotzen ditugunak, ez al dira asmatuak? Egiazkoa al da Espainiakoa historia? Zer esan Frantziko heroiei buruz? Denon Irudimengoa, iruditeria kolektiboa, geureez osatzeko eskubidea dugu. Halako tendrezia erabilirik egiten bada, hainbat hobe. “Disiecti menbra poetea” laztanez idatzita bait dago.

Historian barrena egin duen era beretsuan, bere bizitzako lehen urteetara egiten du “Haurrak pindaturio paisaia” izenekoan. Asmoa igarrita ere, ahulena eman dit bildumakoen artean. “Ukabilka” izenekoa ere ez da gailentzen. Hala eta guztiz ere, poz-suaz erre ninduen. Boxeora jo du. Zuria beltzaren aurka eta hamar segundu madarikatuak. Euskal prosak dituen arazoetan denboraren erabilkerak eragiten dituenak nagusi. Irtenbideetariko bat eman digu honetan Joseba Sarrionandiak.

Ameriketatik bertora, Iparralderik Iparralde, Matalas hartu du hurrengo ipuinean. “Oroitzera eseri” da horren-titulua. Oritzera eseri, zer besterik egin dezake erbesteratuak ordu hotzetan? Apokrifiaren bidean aurrera jo eta Matalasen matxinada haren ondokoak asmatu ditu. Bearnokoa euskarari erantsiz, halako pertsonai berezi bat boroildu du egileak, beregan tesi oso bat laburbiltzen duena: beti ez da hola izan, hau da, aintzina erderakadak ez ziren frantseskadak. Edo botereak idazten du historia. Beste askoren artean, ze Matalas salbatu gura duten gazteok, narroziokoak, egungo gazte ipartarrik direla iduri luke.

Azken ipuin horrek zinea egiteko ere emango luke. Izan ere, zinemazale amorratua da Sarrionandia. Argian —Zerukoan— sosoi batean idazten zituenak gogoratu, bestela. Edo “berrogei, IZEN SONETOA egiteko” hura berrirakurri, bestela. Ifar aldeko orduak izeneko ipuina zinezaletasun horren lekuko eta halako omenaldia da. Belaunaldi ipuina da, ia-ia. Joseba Sarrionandiak POTT-en izpirituaren gordailu da horretan, jabariaren nagusi berriak gora behera. Hau desastrea! Ez dea?

Filma egiteko, bestalde, hortxe dugu, beste behin ere, Guda Azkena. “Gerla historia” idatzi du, denok dakiguna kontatuz. Miragarria da hori ere, zaharra ain zuzen, kontatzeko erraztasuna. Eta, temati bera Joseba “Excalibur” filmaren “remakea” egin du “Amorante Ausarta” izenekoan. Etxaburudorrera itzuli da hor egilea, niri gogora Stanislav Lem ekarri didan ipuinean. Ez dut esango, ez luzatzearren, ipuin horri darion filosofia.

Hurrengo ipuinean, “Hamar liburuak”, bere antologia literarioetariko bat egiten du Iurretakoak. Gartzelan kokatuta. A ze ironia, berriro galdetu beharko da, “demokrazia (honen) bideak uxatu dituztela (ditugula) eta hala eta guztiz ere, literatura maite dute?”. Edo, etarra eta filoetarra zorook, kaguen zotz, leidu ere egiten dute. Halaxe da, bai. Eta ez da alferrik esatea, ba ze, liburua Josu Muguruzari eskainita dagoela.

Amaitzeko, “Oroimena eta Desira” izenekoa dator, hamargarrena. Dinamita hutsa, berriro ere zirkularitatearen gakoan eskegi ditu barrukoak Sarrik. Euskaldunok, oroimenaren eta desiraren arteko lurralde sukartsuan bizi gara Joseba. Biva tu.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak