kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kirikiñoren idazlan hautatuak / Kirikiño / Labayru, 1981

Astiro, Kirikiñoren idazlan hautatuak Edorta Jimenez / Egin, 1990-03-27

1914ko uztailaren 28an, Francis Ferdinan izeneko Osterreizko erregegaia eta beronen emaztea Sofia, errege-alaba, Bosniako hiriburua zen Sarajevoko Udaletxera sartu baino lehentxoago, Cabrinovitch irarlariak bonba bat jaurti zien… gerotxoago, erregegaiak eztandaz zaurituei agur bat eginda gero gaisotegitik kaleratzean, Garilo Prinzio zeritzon ikasleak tiro egin zion Francis Ferdinani, berehalaxe hil zelarik.

Jazoera ezagunak dira. Urte bereko irailak 27 zituela —Txiki eta Otaegi asko— Guda nagusia hasi zen. Hurrengo urteetan, gizakiak gizakiak akatuko ditu, gizakinez beteta uzteko Europako lur-larru zigortua. Urte luzeak, izkiluei egunero egunerokoa eman behar izan zietenentzat. Berririk ez frontean eleberria eta filma dagoz lekuko, testigu lazgarri, irakurri nahiz ikusi gura duenarentzat.

Bitartean Garoa eleberrian euskeraren arerio erakusten diguten hurian, Bilbon, eguneroko guduan dihardu harako gizon lotsati hark, Kirikiñok. Guda nagusitik heltzen diren berriak irakurri, hautatu, laburtu eta euskaratu egiten ditu. Eguneroko biharamunek osatzen duten katean, goizero agertu dira gerratiko albisteak Euzkadi izparringian.

Orain, orduko gertaerak egunkarietako azaletara agertzen hasi direnean —ez era zuzenean, bai ostera zeharkako bidez— batera argitaratu dira Ebaristo Bustinzaren artikuluskak, berritxoak, liburu bakarrean.

Liburua Sutondoan izeneko sailean dator, Labayru ikastegiaren eskutik. Aurkezpena eta hitzaurrea berriz, Xabier Perearenak dira. Aurrean duguna ez da Pereak prestatu duen lan bakarra, horregatio. Lehenago ere beste liburuki bi eskaini dizkigu, Bustinzaren lanetarik batzu bilduta eurotan.

 

Idazlan guztiak

Xabier Pereak ekinari ekin zion behinola. Kirikiñok Euzkadi egunerokoan argitaratu zituen guztiak biltzeari eutsi zion. Horren kumeak hamasei liburu dira, zein zein baino lodiagoak guztiak, antza. Lan luze eta zabal hori laburtu beharra izan du, zoritxarrez, Pereak. Laburtuta, zazpi liburu geratzen zaizkio. Hiru, argitaratuta dagoz dagoenerako. Aipatutako Sutondoan bildumari hasiera eman zion Egunekoa dugu lehena. Bigarrena, bilduma berean, Edo geuk edo inor ez, izenekoa da.

 

Edo geuk edo inok ez

Euskeraren alde idatzi zituenak biltzen dira liburu honetan. Gogoeta bi, gutxienez, eragiten didan liburua. Lehena, mende hasierako eta gerra aurreko eztabaidagai eta berbalekuak, oraingoen aldean, ez direla gugandik lar hurrundu. Harrokeriak jotako jelurte hauetan, terapia ederra da ordukoetara jotzea. Askotan eta askotan, ia berean gagoz. Euskararen galera, hizkuntza berri versus jatorra dialektika pozointsua, herria eta hizkuntza, politikariak eta mitinak, hau eta bestea, ardatza beti euskara, gaur bezelatsu.

Bigarren gogoeta, horren harian dator, berririk erakutsi ez eta komentario hutsa den lerro sorta honetan; abertzaletasuna eta euskara elkartu ezineko amoranteak direla, hor erdian figura adarjole berria sortu izan zaielako beti, euskoa hain zuzen. Eta Kirikiñok sufri zituenak eta bost sufritzen ditugu egun ere. Berarenak eta bost, bai, bost hamarkadaren buruan halakoak aztertuta egongo zirela amestu zuelako berak. Gu ostera , amets ederra amets gaizto bihurtu deneko garai nazionalistean bizi gara. Amnesia historikoak insomnio gaitzera kondenatzen gaitu egunero. Bitartean, Ebaristo Bustinzaren gogoetetan bat etorri batzutan, bi beste sarri ere, historia beti errepikatzen dela, Marxen hitzetan, lehena tragedian eta bigarrena fartsan, ezin ahaztu.

 

Egunekoa

Bat ere berria ez den izen horren azpian bildu dira Kirikiñok 1913.urtetik 1929a bitartean idatzi zituen denetariko idazkitxoak. Irakurgai barregarriak dira gehienak, ez baida ahaztu behar Kirikiño hau berau dugula Abarrak eta Bigarren abarrak sorten sortzailea. Gaur egungo euskal prentsaren patua igartzen da hemen ere. Erdarak hartuta orrialde zabal eta nagusiak, ertzetako litsak batzera eta jostera jo behardu euskaldunak. Folk for ever. Hala eta guztiz ere, helburu didaktikoa nagusitzen zaio Bustinzari, irakurlegoa euskaraz irakurtzen trebatzea, hain zuzen. Horren barruan, bitxi ederrak eskaintzen dizkigu nohiz edo behin.

 

Bildumaren balioa, Kirikiñorena

Zein den halako bildumaren balioa, ez dago esaterik. Lehenengo eta behin, Kirikiñoren beraren balio berbera du. Alferrik izango da hemen hautsik harrotzea. Literaturaren historietan dago Abarrak en egilearen balioa. Arriskua, dena dela, horretara mugatzean datza. Orain ikustea dugunez, zabalagoa izan zen haren lana. Ez zela literaturgilea izan? Batek daki. Nik neuk, argi ikusten dut, literaturgile hutsaren irudia altarera ekarri gura duenean baten batek. Hizkuntza eta Literatura ur bera direla, bide zberdinetan bide ezberdinak zabaltzen, itsaso bakarrerako jarioan.

Politika auziak alde batera utzita, gai aseptikoago bat, hau da, hizkerarena. Ebaristo Bustinza literatur bizkaiera malgu eta landu baten sortzailea da, mende hasieran, Azkue eta Agirre handien itzalak ia argi bakarra direnean. Ni neu, zalea nau Kirikiñok.

Esan beharrik ote dagoen ez dakit, garbizalea izan zen Kirikiño. Patologiaren eraginez edo, atsegin dut orain anakronismoa ematen duen hori. Literaturarako jokoa ematen duelakoan nago. Filmetako trukoa iraganaldia iradokitzeko sepiak erabiltzea baldin bada, zertan ez Kirikiñoren lexikoa eta zenbait joskera euskal iraganaldia sinesgarriro idazteko? Adarjole apalak eskertu egingo ligukeelakoan nago. Bitartean, ikasgaia errepikatzen diot goizero nire buruari, Edo geuk edo iñork ez. Geuk!

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak