kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan / Joxe Azurmendi / Susa, 1989

Azurmendi eta Mirande Edorta Jimenez / Egin, 1990-03-13

Susa argitaletxeak bilduma berriari eman dio hasiera, apur bat urrun geratu zaigun Durangoko azken Azokan. Bildumaren izena “Iraun” da, argitaratu diguten lehen liburua Joxe Azurmendirena.

Filosofi liburua da Azurmendirena eta, hala bada, gaitz egiten zaiguna arlo horretako ikasketa bakarra zaletasunezko orduetan eta orduetan ihardun izatea dugunoi. Urrun guregandik, aspaldidanik Humanismoaren ideala, hau da, jakintzaren arlo guztietan behinena den gutxienezko ezagupen sorta izatearena. “Marca” irakurtzea ere zail egiten da, nahiz eta futbolak hain soila eman. Espezializazioara kondenaturik bide gagoz.

Nik neuk, kondena horren aurka alferreko ahaleginetan, urtean-urtean leiduten dut liburu parea-edo filosofiaren arloan. Aurtengoan, euskaraz egingo dut filosofi-itsasotea. Ez neke barik, berritz.

Fidela izan natzaio azken urteotan Azurmendiri. Argitaratzen duena, zergura izanda ere, irakurri egiten dut. Gogoan dut oraindik ere Mirande eta kristautasuna (Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1987) liburu zinez ederra, Miranderen pentsakera entelegantzen abiatzeko hasiera ezin hobea.

Lehenago ere irakurrita neuzkan Azurmendiren beste sei-zazpi prosa liburu, eta manifestu atzeraturen bat ere, fotokopien bidez eta beranduegi, Euskadi sariren bat emango diotelakoan nago, eta horretarako neuk proposatzen dut beraren izena, bizia barkatzeko ohitura hain paganoari bizia emateko ekandua eranstearren eta, bide batez, Eusko Jaurlaritzaren hegoa non dagoen jakitearren ere.

Liburu hau osatzen duena, funtsean, eta egileak berak aitortzen duenez, 1981 ean egin zen, Kolonian. Antza denez, bigarren egotaldi bat ere egin zuen Azurmendik Koloniako Unibertsitatean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker. Gero, Susakoek akuilatu zuten argitara zezan. Eta hemen dago liburua.

Lan honen nondik norakoa Joxe Azurmendik berak laburtzen digu hitzaurrean, hurrengoa diolarik:

“Lau kapitulutan banatzen da liburua, ohar historiko orokor batzuetarako bostgarren kapitulu batekin. Epistemologia eta ontologia ikertzen dira bi lehengo kapituluetan. Aspergarrienak berak egingo zaizkio seguruenik irakurle filosofian ohitu gabekoari. Halere hori ulertu gabe ez da Mirande ulertzen, inola ere izan ez diren txoriburukeriak bihurtzen dira Miranderen kritikak erlijio kristauari, politika ‘judu-kristauari’ eta abar. Ez dago esan beharrik, parte honetan Spenglerek ez duela edo apenas duela zer ikusirik, historiaren eta kulturaren morfologoa bait da lehen-lehenik. Berdin alderantziz, Miranderen eritzi politiko eta sozialetan ozta-ozta agertuko da Schopenhauer, hirugarren eta laugarren kapituluetan alegia. Konklusio bezala esan genezake, beraz, Mirande bere epistemologian eta ontologian. Schopenhauer eta Nietzscheren eragintzapean dabilela, moral arazoetan eta politikazko ikuspideetan Nietzscheren eta Spenglerenean”.

Egia esan ez dut oso-osorik irakurri liburua, tarteka baino. Aspaldion aldean darabilt, hala ere. Gauetan ere alboan izaten dut, sarritan begiratzen dudalarik. Ez naiz, hala bada, ezer besterik esateko gauza. Dirua irabazi alde idazten dudanez, ulertuko du irakurleak. Egia, orain lau urterik ona EGA azterketarako klaserik eman barik ez banengo, ariketa ederrak aterako nituzke hemendik ibilketarekiko teoria ibiliz frogatzen den era beretsuan frogatu duelako Azurmendik euskararen gaitasuna, behin eta berriro, filosofiarako. Harritu egin naute zenbaitetan egileak gauzatu dituen irtenbideak, lesikoaren arloan batez ere.

Euskaltegiren batean banengo ere ez nioke, ez inondik ere, hango ikaslei gomendatuko liburua. Bai, ostera, ia berrehun orrialdetan barrena filosofatu guran dabiltzanei. Jakina, orrialdeak zenbat gura izanda ere, nekez onartuko du batek baino gehiagok Miranderekin dugun joera faxismo utsa baino besterik denik. Hala eta guztiz ere, euskal literaturari buruzko katedra eskaino diote, eta faxixta tematiok desagertu, edo bestela otsasko beltzaren eritasun anakronikoa baino ez da izango gure poetari halako lanik eskeintzea. Larrosa dun ukubilak barka gaitzala!

Amaitzeko, hasieran hain ona izan duen bilduma honi jarraikorik ekarriko ote dioten Susan, hara galdera. Jakin dudanez, beste lanik ere prestatzen ari dira, laster argitaratzeko. Ez bedi alfa hain ederra omega ere izan. Pena litzateke maketa hain ederra behin bakarrekoan erabiltzea.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak