kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Ixtorio-mixterio / Ipuin-mipuinak / Jean Barbier /Bernardo Garro "Otxolua" / Labayru, 1989

Norena da hitza? Edorta Jimenez / Egin, 1990-02-27

Sutondoan ez baina, eskaratzean entzuten genituen amumaren berbak guk, beti betiko ipuinak edasten. Gogoan dut, oraindio ere, baten batzu. Gero transistorea etorri zen, igande arratsaldeak, mendian bertan ere, “Carrusel Deportibo”-ren morroi bihurtzeko. Transistorearen atzean telebisiñoa etorri zen, eta, azkenik telebista. Hitza, egun, horiena da; euskaraz zein erdaraz.

Telebistak eta irratiak euren legeak dituzte. Halako perpausak, halako doinua, halako modulazioa, eta abar. Euskara ere lege eta arau horien menpeko dator aspaldion. Mendebaldekoa da gure belarria, ahots elektronikoak uniformatuta. Begia ere elektronikoa dugu eta.

Bestalde, eta Freud, azti belagilearen ostean batik bat, psikologiak berak onartzun, ba ze, hitzak terapiarako ahalmen ikaragarria duela. Hala bada, iluntzetako ipuinak entzutea, ez ote zen terapeutikoa? Eta horrekin buruz buru, telebista entzutea, ezein gaisotasunaren sendabidea ote da?

Sarrera hau zertara datorren eta, Igone Etxebarriak moldatu eta sarrera egin dion Ixtorio-mixterio/Ipuin-mipuinak liburu bikoitza dela eta dator, etorri ere. Ahozko euskal literaturako ipuinak biltzen dituen azken argitalpena bait da aipatu hori.

 

Bikiak edo antzekoak

Liburu honetan argitaratzen diren ipuiñak Jean Barbierrek bildu eta idatziak dira, batetik. Bestetik —lehenak ezkerreko planan eta oraingoak eskuinekoan dagoz moldiztaturik— Bernardo Garro “Otxolua”k egindako egokipenak dagoz. Lehenak, bera Behenaforrokoa izanik, hango euskalkia darabil. “Otxolua”k bizkaieratu egin zituen, “Euzkadi” astekarian argitaratzeko (orduan bai; orain ez, euskal mundua beti aldrebes). Igone Etxebarriak sarrean esaten duenez: “Aztertzen gabiltzan ipuinak herritik jasoak dira, hala ere irakurtzean errez igartzen da

idatzia ez dala ahozkoaren transkribapen lotua”.

Gaur egungo belarri —orogailu eta— guztidun barik ihardun izaten zuten, entzun eta idatzi. Arin entzun arren, berridatzi, astiroago berridazten zuten antza. Horretan halako aurreritzien ondoriozkoak tarteka ohi zituzten, txit sarri, hartzaileek. Barkatu egiten diegu bekatua, etorkizunekoek gureak barkatu ahalko dizkiguten legez! Norberaren mendekoak gara denok ere.

Zentsurak zentsura, herriko ahotsak ageri dira hemen, baliabidez ondo hornituak. Zer esanik ez, ipuin mitologikoak eta halakoak “bertsionatu” egin dituztenek, ez dute barkamenik merezi. Hemengoak hitza berreskuratzeko eta umeagoei ozen irakurtzeak izan behar duen abenturan abiatzeko atxakia dira.

 

Ipuinak

Pamielak liburu honen tituloetarik bat duen halako bilduma argitaratu zuen, “Ixtorio-Mixterio”, 1988an. Honen aurreko edizio hori Txema Larreak apailatua da. Edizio bien artean antzekotasunik dago, hala ipuinak sailkatzeko eraren aldetik, nola ipuin hutsean ere. Dena dela, Larrearenak dituen irudiek —Erramun Landarenak— eta liburu-tankerak —txikiagoa— hura egokiago egiten dute umeentzat.

Nagusiontzat datekeen hau, lau ataletan bereiztuta, dago: “Laminak”, “Jesus Jauna eta Doni Petri”, “Ixtorio-Mixterio” eta, azkenik, “Lau ipuin Axular-etzaz”, hurrenez hurren. Horiez gainera, “Euskaldunak Egytoan” izenekoa ere dakar Igonek hona. Guztira, berrogeita hamabost ipuin, beste horrenbeste gau; ez Pekinen, ohe alboan baino.

 

“Otxolua”

Bernardo Garro, “Otxolua” ezizenez, Mundakan jaio zen, 1891 ean (hara hor beste mendeurren bat). Hil, 1960an hil zen.

“Bertolda eta Bertoldin” liburuaren itzultzailea izan zelako dugu ezagunen “Otxolua” Mikel Zarateren eritzian, itzultzaile bana-banakoa, “euskeratuten bakarrik barik euskaldunduten ekialako… Joskeran, aditzean eta esakeretan bere —esakeretan, batez ere— maisua dugu…” (Mikel Zarate, Bizkaiko euskal idazleak, 207-208).

Mikel Zaratek baino urte batzu beranduago, “Otxolua” ren beste ezaugarri bat aipatuko dute Euskal idazleak bizkaieraz liburuaren egileek: haren grafia eta garbikeria aldi bateko aize-boladatzat hartzen jakinez gero kalterik egiten ez diona idazleari.

 

Jean Barbier

Igone Etxebarriak prestatu duen hitzaurre luze bezain interesgarrian Jean Barbierren bizitzaz oharrak eskaintzen zaizkigu. Donibane Garazin jaioa, 1875an, Hasparren, Larresoro eta Baionan ikasketak egin eta gero 1898 abade egin zen. Ordurik aurrera Toulousen Teologi-Doktoradutza egin, Larresoron irakasle eta Baionan Apezpiku egon zen, 1931n hil zen arte.

Argitaratu zituen lanen artean, Nere kantuak (1910), Supazter xokoan (1924), Ixtorio-mixterio (1930) eta Piarres elaberria (1926-1929).

Biltzaile eta egoitzailea dugula diosku Igone Etxebarriak. Hori dela eta hurrengoa dio edizioaren prestatzaileak: “Askotan leporatu jako Jean Barbierri ahozko iturritik hartutako ura liburuetara ixurtzerakoan eskua gehiegi sartzea material horri itxura literarioa emon gurean eta euskal kutsurik ez dauken berba eta egiturak kentzeko”.

“Gure testu honetan euskera ulerterreza darabil, herri ipuinek berezkoa daben joskera errez eta aberatsagaz, esaldi laburrak gehienetan eta hiztegi ezaguna, batez be euskalki hori erabilten dan lekuetan. Hizkera arina, bizia dala esango genuke, ahozkoa azken baten”.

Liburu gomendagarri zeingura aldetatik begiratuta ere. Bizkaiera apur bat ikasteko makulu bila dabilenak Barbierren aldaeran topako du. Eta alderantziz. Bestalde, eta sarrerakora itzulita, egunero gainezartzen zaigun kanonaren aurkako sendabidea ere da hau tentuz erabili beharrekoa botikak eden eta edenak botika izaten bait dira, aintzat kantitatea.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak