kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Euskal Erriaren Yakintza / Resurreccion Maria Azkue / Espasa Calpe, 1942 / Euskaltzaindia, 1989

Azkueren Euskal Erriaren Yakintza Edorta Jimenez / Egin, 1989-11-14

Diotenez, Resurreccion Maria de Azkuek nekez galdu ohi zuen aldarte ona. Hil ere, halaxe hil zen, pasadizo biurtzeko moduko eran; Euskaltzaindiko egoitzatik irten, Bilboko errekara jauzi 1951ko urriaren azken egunean eta handik behargin batek atera osteko bederatzigarrenean, hamazortzi urte beteko direlarik.

Egin zuen lan itzelak berriz, ez du goraipamenik behar. Gehienok sarritan erabili izaten dugu haren hiztegia, oraindio ere beti zeozer ikasten delako ziurtasunaz. Bestalde “Morfologia Vasca” ezinbestekoa izan da euskal gramatikan pausuren bat eman gura izan duen edonorentzat. Bada gure artean Azkuekerien aurka mintzatu denik ere, aitzitik, garbizaletasuna eta ez-garbizaletasunaren arteko eztabaida gaurkotuz. Lehenari neo-aurrizkia erantsi izaten diote eta bigarrenari progresua esaten diote goitizenez. Diodan, aurreko guztia jakintzat emanda, gaurkoan, ekarri ere, beste hirugarren lan batek ekarri duela Azkueren dena gure plazara. Berrargitaratu egin digute Euskal Erriaren Yakintza lan mardula. Argitaldariak Euskaltzindia eta Espasa Calpe izan dira, bigarren hori izan zelarik lehen argitaldaria ere. Sasoia izan dute. Lan hau aspaldi agortuta egon da, zatiren bat aldizkarietan-eta argitaratu izan bada ere. Hala bada, dena irakurtzeari lehenengoz ekiten dionak plagioren bat edo besteren berri ere izango du, orrialdetan barrena aurrera nahiz atzera egin ahala. “Euskal Erriaren Yakintza” hau gerra aurrean hasi zen argitaratzen 1935.ean, 1945.ean amaitu zelarik. Beraz, Hiztegia, Kantutegia eta Morfologiaren kumea da. Esan gura du horrek antzinakagoak diren horietan ere argitaratu zituenetakorik asko aurkituko dugula honetan ere. Galdetzea da, dena dela, zein metodologia erabili behar izan zuen Azkuek, jakingai beretsuei hainbeste aldetik ekin eta halako emendioa ateratzeko.

Lan hau osatzen duten lau liburukietariko lehenak “Oitura eta sineskeriak” du titulutzat. Euskaraz planako exkerraldean eta erdara espainolez eskuinaldekoan —beste hiruretan bezala— hor agertzen zaizkigun gaiak, abereak “Euskal Nortasunaren Animaliak” Azurmendiren liburua egunero berrirakurri beharko nukeela gogoraraziz, aldia, hatz-begiak, belarkia, egaztiak… hemeretzi txatal osatu arte, herriaren ahotik hartutakoak paperera ekarriz (herria berba idatzitakoan dardakadan hasten naiz, halakorik ba ote den eta, izan ere, zer den galdetuko ote didaten bildurrez. Aldez aurretik eskatu behar barkamena, bada). Liburuki honetan bildu denaren zati bat amamari entzun izaten genionok, aintzinako ahots isilak ikutuz irakurtzen dugu hemengoa. Besteok, ez dakit nik. Esan gura dut, bestalde, euskal ipuin eta legendak hainbestetan bermoldatu izan diren aspaldi honetan, bada, mesede ederra egiten digula Azkuek, herriaren ahotik ia artez-artez ekartzean liburura. Zer esanik ez, zuzenketarik ere egin zion Resurreccionek herrikoari, tamalez. Azkenean ere, irakurleak berak erabaki ahal izango du zenbatetan ez ote dioten ziria sartu bertsio berrietan.

Lehen liburuaz esandakoak, bigarrenari dagokionean ere berdin berdin balio du. “Ipuin eta irakurgaiak” euskaraz, “Cuentos y Leyendas” erdaraz, berrehun eta berrogeitabat halokoak bildu ditu hor Lekeitiokoak.

“Eri-otoitzak, Eri-olerkia, Ostagikindea —Meteorologia— Eriaren sendakuntza eta Aurren yolasak” bildu zituen laugarrenean. Era guzietako Medikuntza Alternatiboak sortzen ari diren honetan etorria idoro duke batek baino gehiagok,besteok teleberrietakoei baino konfiantza zabalagoa emango diogularik horko Ostaginkindeari.

Liburu honetako Haur jolasak atalak, aldiz, herriz herri eta auzorik auzo halakoak bildu behar direla gogorarazten du, iraganekoaren berri dakitenek hil orduko. Badakit, jakin ere, zenbait lekutan aspaldirik dabiltzana zerregin horretan baina, beste askotan lanean hasi barik gara. Lehen bait lehen hasiko ahal gara.

“Atsotitzak, Esakerak, Aurren hizkuntza, Ago-korapiloak, Goitizenak eta Igarkizunak” dira horko zatiak. Atsotitzetan bimila bederatzirehun eta hogeitamasei dagoz, euskal herri guztietakoak eta hainbat liburuetakoak ere. Zenbatekoak berak arritzen nahu eta, aldi berean, galdu dugunari negar egiteko gura tortzen zait.

Koldo Izagirre euskal stablismenthak altareratu gabekoak ekin dio atalari berrikiago, hizkuntza batetan eta hamaikatxotan ere funtsezkoa bait da Lokuziozko altxorra gorde, hobetu eta berriztatzea. Bi mila bat dira bildutakoak. Euskal modismoak direla eta, ezer esatea, ernegurako bidean sartze baino ez denez, ez dut besterik esango. Asma dezagun erdaratik hitzez hitz itzulitako sorta berri bat eta errekara antigualekoak. Aberatsak gara eta.

Amaitzeko, eta umeei esateko berbak dakartzala esan ondoren, diodan lotsagarri deritzodala horrenbeste nacionalista, abertzale eta Jaurlaritza, Aldundi, gurea, batzoki eta foru, eskubide, burujabetasuna eta vamos caminando, benetan, behinenak ditugun lanak eta egileak bildu barik izatea. Noiz hasiko zarete, Unibertsitate eta Instituzio denonak ei zaretenok, Euskal Herri gerokoa egiteko oraintxe eskuragarri behar ditugunak osorik eta ganoraz batzen eta denon irispidera ekartzen? Gora Euzkadi ala Gora Euskadi, autonomikideok?.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak