kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gogoa ibiltari / Jaime Kortabarria / Elkar 1988

Gogo ibiltariak eman dionean Edorta Jimenez / Egin, 1988-11-01

Ezaguna da zeinu linguistikoa gratuitoa edo berezko dena, ez duena errealitatearekin zer ikusi zuzenik, ez bada onomatopeikoen kasuan, alde batera utzita zeinua bera ere erreala dela. Hala eta guztiz ere —hizkuntzak gure euskarak kasu honetan— bere barne egiturakuntzarako legeak ditu eta legeak igargarriak dira. Ez dugu, bada, tradizio makala hitzen esangura sakonen bilaketan gurean. Euskaldun ororen barruan ei dago filologoa erdi lotan, noiz itzartu zai. Tradizio horretakoa dugu Jaime Kortabarria ere, nik uste, argitaratu berria den Gogoa ibiltari —iazko Azkue Nobela Saria— liburu trinkoa irakurri ondoren antzeman diodanez, konotazio ezkor barik.

Hizkuntzalaritza arloko ausnarketak ez dira biderik atseginena, literaturaz ihardutean, funtsezko ezer esateko. Oraingoan, hala eta guztiz ere, derrigorrezkoa da aldez aurretik esatea hizkuntza bera dugula nagusietarikoa liburu honetan. Argitaldariak iragarritako biografiak dionez, A.E.B.etan eta Kanadan egona eta teknikari ikasketak burutua dugu Arratzuarra. Datuok prezedenterik ezarri gura gabe, argigarriak dira. Adimen distziplinatua behar bait da idazle berri honek burutu duen lana azken muturreraino garatzeko, eta hain borobil garatu ere. Biografiak berak itzultzaile zereginetan diharduela argitzen badigu, errezago liburua nondik sortua den igartzea, euskal lesiko aberats bezain ezezaguna eskuratzeko bidea eskaintzen bait du traduktorearen iharduerak. Jaime Kortabarriarenean bizkaiera maitearen altxor harrigarria ageri zaigu, inoiz kultoa, oso kultua, izan bide zen hizkuntzaren lekuko.

Hizkuntza maisuen pare menderatzeak ematen duen boteretik ekin dio Jaime Kortabarriak lanari. Amamak konta izaten zizkigun ipuinetan legez hasten zaigu berrogei urte igarota dituen gizon hau elea garatzen. Hil egin da baten bat, eta baten bat horren gogoa askatu egin da. Gogo jaio berria da. Gogo jaio berri hori hara eta hona hasten da, aiaia doan umearen antzera, trakets eta baldar, soinduna zelarik izandako munduari —baserrietxea, auzunea, bertakoak, zuhaitzak, animaliak, e.a.— eta mundu berriari, bioi so eta beha. Beraren antzera askatuak izan diren gogoak ezagutu eta berauekin harremanetan sartuko da, munduan ari den umea bezalatsu, ikastekoak eta bost ikasten. Apurka apurka —gizakiok baino azkarrago, hala ere— jakintza berriak —gokintza, Jaimek asmaturiko hitza erabiliz esanda— bere gogora ekarriko ditu. Hazi egingo da gogo-umea. Hazi ahala, galdera korapilotsuagoak gogoratuko zaizkio, minago egingo zaio jakingura. Gogoalde gero eta zabalagoak beharko ditu gogo ibiltariak eta, hara hor liburu honek duen alegi kutsua, zientziek munduaz eskeintzen dizkiguten ezagutzak gogoratuko dizkio egileak pertsonaia abstrakto horri. Fisika, kimika, biologia, informatika, guztiotarik dute apur bat gogoaren gogogaiek .

Hasieratik hartzen diot panteista kutsua liburuari. Antzinako euskal munduan hain sinesgarria izan den “gaua gauekoentzat edo gauekoena” esaldi hori tramaren harietariko bihurtu da hemen. Naturaren baitan, animaliak zein landareak, mikroskopikoak nahiz makroak, bai geu bai eurak, bat gara guztiok. Gustavo Bueno filosofoaren “El animal divino” haretakoak bururatu zaizkit liburu hau irakurtzean. “Bat” zabalago horretan “nia” galdu guran bizi ei gara gizakiok, halaxe dio Buenok. Gogo ibiltaria ere horrexetan dabil.

Zientzien ikuspegitik kosmo osoari begirada luzatu gurak sorrarazitako lilurarik azken sekretuen amildegirantz kirik egiten duenaren eldarnio esistentziala dago orrialdeotan. Erantzun bila ari da gogo ibiltaria eta, —oro dakiena jainkoa bada— jainko bihurtzeko asmotan, gainerako izakien baitan sartzeko irrikaz guziz —bizi, gogoen artean erabiltzen den hizkuntzaz— bizi zaigu gero eta helduago dugun pertsonaia. Gogoa ibiltariak begien menean dituen paisaiak gure historiaren laburpena diren Bustialdekoak ditugu. Behingoan igarri diogu bertakoak garenok. Anbiziotsua izan da horretan ere Jaime. Historira ere jo du, erlijioso egin zaidan hunkiduraz jo ere. Gure eskualdeko euskal ikustinguruari darion kosmotasuna isurtzen dute liburuko orrialdeek sarri askotan.

Beharrezkoa du, beste inon esan dudan bezala, hizkera teknikoa literaturako egitea gure hizkuntzak. Literaturako arragoan bertaratu diren hitz teknikoak izango dira herriarenak, edo ez dira artifizio hutsa baino izango. Belarrietan igurtzi biguna egin diezaguten, beharrezko izango dugu hitzok poesiaren umontzitik berriro erditzea mundura. Horretan ere saiatu da Kortabarria, sinesgarri egiten zaizkidalarik gogo ibiltariak erabiltzen dituen hitz guztiak, antzinakoen ahots malguaren oihartzuna dakarkigutenak, Einstein osteko unibertsoa berbaz azaltzeko behar ditugun hitz hotzekin batera erabiltzen bait dira, erro bakarren bila. Erro eta gara, Otxandiokoak idatzi duen bezala.

Ez dira liburuaren balio bakarrak tradizioa, hizkera eta darion filosofia edo. Esan egin da hau ez dela nobela. Denetariko sartu izan da, berriz, nobelaren zakuan eta ez nator definiziorik borobiltzera. Rulforen pertsonaiak hil ondoren mintzo dira, lurpean, “Poliedroaren hostoak” irigoientarrekoek beranduago egingo dutenaren antzera. Gogoa gizartean ez dabilela eta, ez ei da nobela. Nik uste, berdin dio horrek. Gogartean dabil pertsonaia eta, leku hori gizarte honen ispilua ere badelakoan nago. Gainera, garatu egiten da pertsonaia, ez dago geldirik, hazi egiten da, umegogo izatetik togogo izatera igarotzen da, azkenean zer bihurtzen den edo nora jotzen duen esan barik usten badut ere, irakurleak berak irakur dezan.

Abentura itzela eskaintzen du liburu honen irakurketak. Ez da, aitzitik, ibilbide erreza burutu behar dena. Ez dakit menturakideri askorik lortuko ote duen. Lortutakoak lortuta ere, Jaime Kortabarriaren dudabako etorri eta sena ez direla honetan agortuko sinestu gura dut.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak