kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Azukrea belazeetan / Inazio Mujika Iraola / Erein, 1987

Umetako kontu beldurgarriak Jokin Aldazabal / Egin, 1988-04-05

Nire jaioterria mendikoskor baten hegalean zegoelarik, nire ttikitango irrikarik handienetako bat mendi haren tontorreraino igotzea zen. Zertarako, ordea? Hango gurutzea bertatik ikusteko? Ernio aldea ikusi ahal izateko? Bai zera! Zerua ukitu ahal izateko. Horixe zen herri koskor hartan ikus zitekeen muga gertukoa. Eta ez pentsa hara iritsi eta nik espero nuen zeru bigun hura ezin ukitu izatean ideia hura burutik kendu zitzaidanik, ez, urrunago zegoen beste mendi batzuetara, ibarraz bestaldekoetara joan ziren hurrena nire begiak. Noizpait iritsiko nintzen hara eta ukituko nuen goataz eta lainoz osatutako zeru ditxoso hura.

Hori bezalaxe, barne barneraino sarturik daude oroimeneko kutxarik xahar eta kuttunenean, sekula galduko ez den horretan, ijitoei genien beldurra —senide zaharrek gu etxeraerazteko erabiltzen zutena—, Sakamantekas izugarriak sorturiko amets gaiztoak eta soldadutzatik nola edo hala libratu behar genuenekoa, sei urtetan soldadutza eta gerra, gauza bat bera baitziren entzundako gauza lazkarri haien arabera.

Honelakoak, antzekoak eta bestelakoak gogoratuko ditu irakurleak azukre belaze hauetan abiatu orduko, bereziki baserri munduan sortu, hazi eta hezi baldin bada eta baita kaletartu horietakoa baldin bada ere. Txikitango usain, kolore, hitz eta zaporeak etorriko zaizkizu gogora: danbolinean erretako gaztain beroenak, ebaki berri dagoen belar hezearena…

Inazio Mujika Iraola autoreak bizi-bizi ditu umetako bizimoldetik hartutako hainbat pasarte. Bere umetakoak izan arren, ospaldikoak Euskalerrian, eta hemendik aurrera, zihur aski, bizi ezin izango direnak, liburu honetako baserri mundua dagoeneko hilik dagoela esan bailiteke zalantza gutxirekin. Hala dirudi behinik behin, batzuk berak bizitutako gauzak dituela, besteak agian garai hartantxe kontatutakoak, eta beste asko, urteen lausoen eta gaur imajinazioaren artean oreatuak. Ohargarri gertatzen da irakurtzen hasi orduko ez gaudela gazte urbano baten lanaren aurrean, ezta pentsatu ere. Areago, baserri girokoa dela eta ezin dituela berrogei urtez behera izan ipuin hauek idatzi dituenak.

Ezustekoa nahiko haundia da 25 urte inguru baizik ez dituela jakitean bere gaztaroko oroipenik maitteneak Urkizun bide dauzkan mutil honek. Urkizun bai, Lizardi, diotenez, maiz joaten zeneko auzategi hori, Tolosako auzoa, izenik aipatu gabe alde askotatik eta aldi askotan deskribatzen zaigun aldean.

Orain gutxi Juan Mari lekuonak, egunkari batetan egindako elkarrizketan, erdaraz, honelatsu zioen, edo behinik behin, esanerazten zioten: Gaurko idazle gazteek literatur mezuan aldea atera diezagukete, baina ez hizkuntzaren jatortasunean. Salbuespen gutxi izango ditu Lekuonaren esanak, baina baldin bada, hauxe da horietako bat. Ez al da izango aipatzen ari garen kasu hau erregela ziurtatzen duen salbuespena! Baserri mundu hori eta bere hizkera dotore isladatzen du idazle gazte honek eta edozein txoratzeko moduan transkribatu ere batzuetan transkripzio fonetikoaren erara.

Ipuin bilduma da aipatzen ari garen lan hau, baina lan askorik gabe nobela izan zitekeena, bai baitu kasik halakoak eskatzen duen batasuna eta haria. Ipuin gehienak oso errealak dira nahiz giro irrealez eta zorte txarreko aztarnez inguraturik ageri gehienetan. Halere, oso mundu gordina da bertan ageri zaiguna. Gerra garaiko heriotzeak, auzoarteko sesioak, segaz egindako hilketak… Tragedia ugari kontatzen zaigu ipuinotan, nahiz —eskerrak— umeen kontakizunek arindu noizik behin, istorioen zama eta larritasuna. Haurrak dira goxotasunik eta arintasunik eskaintzen digutenak, eta baita, tarteka, umore apur bat ere.

Ez dira linealegiak Inazio Mujikaren ipuinok, askotan apurka jaulkitzen digu istorioa, beste batzuetan osatzen kontalarien esanen artean, beste batzuetan gauzak ilun eta lauso ere uzten dizkigu. Maisu ageri zaigu esaldiak mozten. Esaldiok moztu arren, indarra gordetzen dute, batzuetan belarrondokoak balira bezain haundia gainera, zart! Ezin aipatu gabe errepetizioneak, ez bakarrik hitzenak, bai baititu oso hitz kuttunak —azukrea, belazea, elurra, terrala, lama…— esaldi eta pasarte osoenak ere, mailuak txingudea bezala jotzen gaituztenak.

Gutiz liluragarria da inondik ere Azukrea belazeetan delako honetan eskaintzen zaiguna mundua eta sakonune ospeletik barneratzen baldin bazara bertan, kostako zaizu bertatik ateratzen.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak