kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Mendekuak / Koldo Izagirre / Susa, 1987

Mendekoaren tragedia (mendez mendetako mendekoaren mendekua) Jokin Aldazabal / Egin, 1988-03-22

Iparragirrek burua altxako balu… Gernikako Arbola aizkoraz ipurdi-ipurditik ebakiko luke. Ez da, ez, gaueskolan ikasleek egiten dituzten baldintza-ondorio ariketa horietako bat, Koldo Izagirreren sujerentzia bat baizik, liburua ireki bezain pronto botatzen diguna. Egia ote hor idarokitzen zaiguna? Gezurra? Ez dakigu baina polita da, ezta? Oso prosa poetikoa da “Iparragirre rides again” delako zatitxo honetakoa. Urretxuar zaharra hortxe datorkigu berriro Hendaian barrena, ez dakigu oaingoan Ameriketatik ala Axularren begiak Euskalerria zaintzen duenaren antzeko lekutik eta hara zer bururatu zaion.

Paregabeko goxotasuna batzuetan, amorru ezin eraman bestetan, sentierazi zigun Koldo Izagirrek idazten hasi eta segituan zorioneko Mermelada, Eguberri eta Zorion ustel haietan. Gerora ere, hizketa erregistro diferenteak hatzemateko dohain aparta erakutsi zigun bereziki Zergatik bai izeneko hartan eta oraingo honetan ere, Mendekuak delako honetan ere, badu gisa bereko ekarririk. Hau esatean “Gertakariaren lekuan bertan” izeneko narrazioa azpimarratu nahi genuke. Izan ere, euskara artez edo moldez alor askotara zabaldu nahi eta ezinean den honetan eredu egokia ematen baitigu. Ez genuke jakingo zehatz esaten baina badu kazetaritza kutsurik, baina areago, jerga judizialaren zaporea. Edozein hizkuntzatan trinko, zail ta motroilo izan ohi dena xinple ta txukun ematen digu pasaitar honek. Narrazio honetan El Caso-k, orain urte batzuetara arte baserritar askok irakurtzen zuen egunkari-astekari hark, gogoz argitaratuko zukeen maitasun-heriotze kasu bat ematen zaigu bizirik dirautenak jaulkitakoaren arabera.

Hala eta guztiz ere, eta joan den mendeko azken alderako errelato bat ematen baldin bazaigu ere, aktualitatea, Euskalerriaren gertu-gertuko historia daukagu pil-pil istorio hauetan: burruka abertzalea bere garaipen eta hutsekin, presoak, inkontrolatuen balentriak, manifestazio eta errepresioa, politika eta euskara Txomin Iturberen heriotzeko hartan…

Denetan ez baldin bada ere gehienetan, autoreak lanean jartzen gaitu liburuska hau irakurtzeko garaian. Ez dugu irakurtze lan hutsarekin aski. Osatu egin behar dugu aurkezten digun puzzlea. Ez “Etxeberri” izenekoan bakarrik, bertan pertsonaia diferenteak eta elkarren etsaiek kontatzen baitigute historiaren zati bana, guk geuk nortzu diren ez dakigula. Baita beste gehientsuenetan ere, gure historia gertuko pasarteak ematen zaizkigu eta geuk osatu eta beren lekuan kokatu behar baititugu; irakurleak gogora ekarri behar gertakariak kontatutakoa, guztiz lauso geratuko ez bada. Gogoratu eta osatu behar honek, gainera, galdekatu egiten du irakurlea geure herriko gertakariez eta berorien aurrean norberak izandako jokabideaz.

Esanak esan, zein eratako, zer nolako Euskalerria erakusten zaigu “Mendeku” otan? Egia esan, nahiko mundu mugatua da, liburuan bertan irakur daitekeenez “herri honetako gizarte gatazkatsua”ren ispilu, edo behinik behin ispiluaren zati zorrotz eta mingarrienarena. Baina oroz gainetik, herri honek bizi duen tragedia da isladatzen ipuinotan. Azalpean autoreak berak aitortzen du tragedia maitasunez eta gorrotoz idatziriko” lan honek. Tragedia da gure herriak pairatutako hainbeste irain, umilazio, menderatze… eta tragedia horretatik sortzen da mendeku egarria, mendekoari hain gutxitan zabalik geratzen zaio irtenbide mingots hori, baina gure kasuan, agian hori ere ukatua dugu “galtzailearen arantza hezurreraino sartua” daukagu eta. Eskerrak arnas apur bat hartzen uzten digun “Petite Bohéme”n, itolarrian geundenean.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak