kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Marinel zaharrak / Joseba Sarrionandia / Elkar, 1988

Hitzen jabe izan nahi du poetak Josu Landa / Egin, 1988-02-16

Lewis Carroll-en pertsonaien bidez jakinerazi zitzaigun zein den idazlearen edo poetaren eginkizun nagusietakoa: hitzaren jabe bilakatzea. Beste hitzetan, sistemari edo botereari hitzekiko jabegoa egotzi, desmozorroztu, eta ikuspegi iraultzaile batez birritan edukiz bete. Bide honetan ikusten dugu Joseba Sarrionandia bete-betean Marinel zaharrak berri honetan, hitzen trtanpan erori nahi gabe eta estetikaren balioa etengabe praktikan birdefinitzeko saioan. Berak Ni ez naiz hemengoa n enuntziatua duen bezala: imajina ezazu soberazko hitz bakoitzak apur bat bustitzen gaituela; soberaz esandako hitzen ordainez, zenbat denbora egon beharko ginateke isilik lehortu arte?. Eta hona bere orduko proposamena: “hitz guardasolak behar ditugu; eta bizitzarako hitzak”. Marinel zaharrak honetan, hitz guardasolen” bilaketa eskergaitza soma daiteke nonahi.

 

Harrian izkiriatuz

Ehuntzea izan badaiteke idaztearen metaforetako bat, esan liteke poeta honengan betidanik antzeman ahal izan dela oihalak ehuntzeko eta bordatzeko abilidadea. Dena dela, Josebak berak metafora horri buruz mintzatzerakoan zioen bezala, ehundutako literatura den oihal hori, askoren aldetik “bizitzak egiten dizkigun kalteen aurkako babes” bezala erabili izan da sarritan. Baina Marinel zaharrak honetan , oihalak ehuntzearen metaforarekin batera, egileak berak duela urte batzu apuntatzen zuen beste metafora bat erabil dezakegu literaturari egokitua: harrian izkiriatzearena. Harrian izkiriatzen duen eskultorearen moduan irudika dezakegu oraingo Sarrionandia hau, harean idazteak askotan ekartzen duen errazkerietatik urrundu nahian, eta harriaren gotortasunak suposatzen duen biluztasun desafioari aurre egiteko asmoz.

Beti ikusiago dut Sarrionandia intuiziozko poeta bezala, sendimenduzkoa bezala baino. Eta intuizioek , sendimendu hutsek ez bezala, unibertso edo ikuspegi poetiko bat osa dezakete inoiz. Poeta honen uniberso poetikoa nola ari den eraikitzen ulertzeko, liburu honetan giltzarri ugari ematen zaizkio irakurleari. Hasteko, 1980 urteko Izuen gordelekuetan barrena liburuko poemak galbahetik pasaerazi ditu, intentzionalitate akzidental guztiak alboan utziz. Metamorfosi horren bi muturrak (jatorrizko bilduma, eta geroko galbaheketa) alderatuz gero irakurleak datu sustantzialak atera ditzake aski erraz. Liburu hartan zegoen debaldeko metaliteratura ia guztia desagertu egin da, halaber bildumaren estrukturazio formalistegia, eta kopla edo hitz joku preziosistek ez dute poetaren aro berri honetan oneritzia jasotzerik izan. Interpretazio errazetarako aukera itxi digu bide batez (bidaia-egituraren afera famatua, egile unibertsalekiko zabaltasuna, e.a.), baina oraingo bertsio berriak askoz giltzarri gehiago iradokitzen dizkigu poetaren beraren ikuspegi poetikoaren eraikuntza dialektikoaz. Guztiz faltsua da arestiko bertsio honekin Izuen… haren birrargitalpena egin dela pentsatzea (birrargitalpen hori eginkizun ikusten dugu oraindik), baina hori bai, irakurleari haren irakurketa berri ausartago bat proposatzen zaio.

 

Galdutako kate-maila eskueran

Baina ez dira hor bukatzen irakurleari egindako keinuak. Garai batean Puerto de Santa Marian idatzitako “Eguberri Amarauna” poema-bilduma kolektiboan sinatu gabe argitaratu ziren zenbait poema, bilduma honetan Sarrionandiaren aitatasuna bereganatu dute. Hala irudi lezakeen arren, ez nuen nik hori maila anekdotikoan kokatuko. Bere esanahia dauka, batez ere gerora ematen den eboluzio poetikoa konprenitzea zaila suertatzen delako beste hura anekdotiko hutsa konsideratuz gero. Poema horiek izenpetzea harrotasun aldarrikatze bat dela sinesteaz gain, hala jotzeak liburua osotasun dialektiko bat bezala konprenitzen laguntzen gaituelakoan nago. Eta gartzelako poemek ematen digute 1980-82ko poemak eta 1985tik aurrerakoak elkarrekin lotzeko (ez kronologikoki, poetika aldetik baizik) ezinbestekoa zen kate-maila.

Azken garaiko poemak dira beharbada (gartzelakoekin edo hastapenekoekin gonbaratuz gero) liburu honetan ahulezia nabarmenenak agertzen dituztenak, eta hori arrazoi ebidenteengatik: poema berrienek ez dituzte besteek aina denboraren eta eboluzioaren ondorio onurazkoak nozitu, eta hori liburuaren planteamendu orokorrean nabaritu egiten da, nahitaez baina ezinbestez. Horrek nolabaiteko desoreka sortzen du azken aldiko poemen kontra, baina aurrekoekin egindako lanari zor diogun eskerronak ondokoen berealakotasuna ulertzera eraman behar gaitu.

 

Hitz gazteluen kontrako borroka

Zernahi moldez, Sarrionandiak berak gauza bat erakutsi berri digu: zein tamainako astakeria den hasiberriko idazle bat (nor ez da halakoa gure letretan?) maitasunaren mugetan goraipatzea, bere autosuperazioaren bitartez, aurreko poemetaz botatako lore errazegi guztiak desertuan bezala kamuztu erazi bait ditu.

Norberak bere zaletasunak izango ditu, baina nire iritziz Sarrionandiaren poemagintza heldutasun aldetik bere narratibagintzaren aurretik doa, esan nahi baita munduaren ikuspegi poetiko pertsonalaren eraikuntz bidean. Mimetismoen eta irudi formalen mundutik beste mundu baterako bidean ikusten dugu Josebaren poemagintza, hots, aportazio zeharo pertsonal eta berezienerakoan, eta bere narrazioetan urrats hori emateke dago, bestearen neurrian behintzat. Narratzile ona edo poemagile ona izatea ez bait da aski. Narrazioaren forma (poesiarena bezala) traszenditu egin behar da osotasun baten barruan, osotasun hori kontraesanguratsua bada ere. Hori ere erakutsi digu poema-liburu berri honek.

Hitzak gazteluak izan daitezke (hau ere Josebarena da) eta gaineratu genezake hitz gaztelu horiek barneko ikuspegi falta ezkutatzeko oso baliagarriak gertatzen direla maiz. Hitz gazteluen kontzepzio horren kontra, “hitz guardasolen” andana berritzailea proposatzen digu Marinel zaharrak liburuak , gure hezurrak beratu ditzaketen soberazko hitzei aurre egin beharrez. Harriaren gainean hitz guardasolak idaztean datza liburu berri honen desafioa.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak