kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Guardasola ahantzia / Koldo Izagirre / Ustela Saila, 1978

Guardasola ahantzia X.X. / Egin, 1978-08-17

Hauxe da Ustela sailak argitara duen 6en liburuxka, beronen autorea Koldo Izagirre delarik. Orrialdetan 41 besterik ez ditu poematxoak, baina ala ere kreazio literario logratu baten irudipena egiten du.

Agian, sinfonia batekin konparatzea litzateke egokien, hiru mugimendutan banatua bera. Mugimendu horietako bakoitzean, etenik eta pausarik gabe eusten zaio ritmoari, itsasoko uhinen antzera gora-behera baten konpasean aurrera egiten delarik.

Hauxe da behar bada Koldoren lorpenik seinalagarriena. Abilidade berezia du hizkuntzari halako plegu eta tornu berezia eransteko, batez ere ritmoaren aldetik. Bestalde, ez da errazkerian erortzen. Hasierako abiadari indarrean eusten dio, hitz eta esaldiekin mila joko, jolas eta zilipurdi egiten dituelarik. Maisu ona ageri da autorea esaldi luzeari eusten eta aurpegi ematen.

Koldok sumatu du, noski, gure literaturaren eta estiloaren flakezia, eta hori erremediatu nahian dabil, hitzarekin eta esaldiekin borroka bizian. Euskal literatura eta estiloa gehiegi lerratu da aspaldion esaldi laburraren bidetik. Joera horrek sekulako pobrezia ekarri digu estilistika aldetik.

Gramatikakeriaz okituta gauden honetan, gisa honetako saioak behar ditugu sarriago. Bada ordua konturatzeko, hizkuntzaren inguruko hauziak ezin daitezkela gramatika hutsez erabaki. Literaturazko ikuspuntuak gutietsi edo alde batera uzten direnean, hizkuntzaren bizia eta oreka arrisku bizian daude. Garaiz esnatzen ez bagara, hainbeste gramatikaz euskara disekatzeko arriskutan gaude. Arestik, bere literatur sena bereziak eraginda, garbi ikusi eta adierazi zuen problema: “Filologoek, gizon serioegi hoiek, edertasunarekin akabatuko dute; poesiaren haragia sendatu nahirik, haren arima bihotzkorra hilen dute”.

Euskararen inguruko hauzi asko ata asko estiloari dagozkionak dira. Horregatik, hain literato guti eta hain literatur sena eskasa dagoen herri batean, benetan beldurgarriak dira hizkuntzaren inguruan harmatzen diren istilu eta estabaidak.

Bukatzeko. Halako gai edo pasadizo arrunt batetik —Donostiako Parte Zaharreko taberna batean ahaztutako guardasola— poema borobil hori sortzea ez da merezimendu txikia, eta bai literato baten trebetasunari zor zaion fruitua.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak