kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Boga boga / Itxaro Borda / Susa, 2012

Ikertzaile berezia Javier Rojo / El Correo, 2012-10-13

Amaia Ezpeldoik protagonizatzen duen beste nobela bat plazaratu du Itxaro Bordak. Boga boga izenburua du liburu honek eta, protagonista hori agertzen den beste idazlanetan bezala, idazleak nobela beltzeko generoa erabili du abiapuntu moduan generoarekin zerikusirik ez duen beste zerbait eskaintzeko. Hasteko, protagonista berezia da, generoaren kanonarekin konparatuz gero: ikertzaile afizionatua da Amaia Ezpeldoi hori, gure arteko nobela beltz askotan gertatu ohi den bezala, baina kasu honetan, pertsonaia nahita sartzen da ikerketan, jakinaren gainean eta ez halabeharrez; bestalde, lanbidez zabor biltzailea da, eta ez da batere zaila lanbide honetan nolabaiteko esanahi sinbolikoa aurkitzea, zeren pertsonaiak gizartearen barne zaborra ere aurkitzen baitu ikerketak egiten dituenean; eta bere identitatea osatzeko, emakume hau euskalduna eta lesbiana da.

Gauzak honela, liburuak itxuraz nobela beltzaren berridazketa ematen duen arren, zerbait gehiago da, eta nago gehien nabarmentzen diren osagaien artean identitateari buruzko hausnarketa bat dagoela. Liburua lehenengo pertsonan kontatuta dago, eta jakina, protagonistaren ikuspuntua agertzen da horretan. Eta protagonista euskalduna eta lesbiana izanik, liburuan izaera horri berebiziko garrantzia ematen zaio. Behin eta berriro aipatzen dira euskaldunen gaineko topikoak, eta behin baino gehiagotan era ironikoan aipatu ere, ezaugarriak exageratuz. Alde horretatik begiratuta, liburuak askotan parodiaren mugan jartzen du euskaltasuna. Baina begirada parodiko horrekin Itxaro Bordak ez du inor mindu nahi, beti ere parodiaren atzean xamurtasun punttu bat aurki baitezakegu. Pertsonaiari kanpotik datorkion identitatearen ezaugarri honen parean, bere barnetik sortzen den identitatearen bigarren ezaugarria, lesbianismoa, nabarmena da, gizakiaren identitatea zerbait konplexua dela erakutsiz, atal desberdinez eraikita baitago.

Argumentua, bestalde, nobela beltz bati dagokionez, ikerketa baten inguruan gauzatzen da. Kasu honetan hogeita bost urte lehenago desagertutako emakume baten bilaketa da ardatza, eta ikerketa horrek aukera ematen du Euskal Herriko errealitate konplexuaz ere hitz egiteko.

Hegoaldeko irakurleentzat idazkera pixka bat zaila izan daiteke batzuetan, baina ahalegina egiten badute (irakurleek ere zerbait jarri behar dute beren aldetik), nobela benetan interesgarri baten aurrean daudela konturatuko dira.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak