kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Leuropa / Pablo Sastre / Susa, 2002

Mugarik gabeko begirada Oier Guillan / Gara, 2002-06-29

Oso denbora eta espazio gertuetan, posible da arras errealitate ezberdinekin batera bizitzea. Errealitate horiek ezkutuan egon daitezke sarri, baina zenbaitetan begiak ixtea da horiek ez ikusteko modurik eraginkorrena. Testuinguru horretan kokatzen ahal da etorkinen gatazka, errealitate guztiz gordina izanik ere oraindik jende askok berea sentitzen ez duen afera baita. Etorkinak hitz orokorraren atzean izenik gabeko aurpegiak daude askorentzat, jende multzo bereizi bat, bertako biztanleei zeharka baino eragiten ez dien arazo bat, datu bat, gertaera bat, hondoratutako patera bat egunkarietako albiste txikietan… Bertan den arren urrutitik datorren arazo urrun bat, edonola ere. Europako gizartearen zutabeak astintzen ditu, ordea, etorkinen gatazkak, ofizialki aldarrikatu gabeko gerra baten errefuxiatuak bailiran paperik gabeko bizilagunak.

Gai honetan ez ohiko ikuspegi batez sakontzeko aukera eskaintzen digu Leuropa Pablo Sastreren seigarren eleberriak, izan ere, argumentuak baino gehiago kontatzeko moduak hartzen baitu liburu honetan indar berezia. Istorioaren abiapuntua sinplea bezain ez ohikoa da, Euskal Herritik Marokora bi lagunek egindako bidaia da-eta, handik kamioian legez kanpo eta diru truke pertsona batzuk ekartzeko xedez burutzen dutena.

Edozein errealitate nahiz gatazkak berez kontraesankor eta kontrastez beterik agertzen ahal badira, Sastrek are gehiago sakontzen du haietan bi pertsonaien bidez. Batak Saki du izena, operazioaren buru sutsua, tarteka gizatiar ager daitekeen arren afrikarren bizitzekin negozioa egiteko prest dagoena. Sakiren alboan Tximi laguna, aita marokoarra izanik Euskal Herrian hazi eta euskaraz bizi dena. Neurri batean inuzente, neurri batean motz, istorioaren narratzaile bilakatuko da ustekabean. Tximiren begirada sinple baina zintzotik ikusten ahal dira gertaera guztiak, agertutako egoeren gordintasuna are nabariagoa da gauza sinpleen edertasunari erreparatzen dion pertsona baten begietan. Sakirentzat negozioaren lehengaia direnak izen eta istorio pertsonal propioak dituzten pertsonak dira Tximirentzat.

Tximi protagonista eta narratzaileak darabilen hizkera da liburuaren beste oinarri garrantzitsua. Euskara batua oinarri bada ere, ahozkoaren eragina nabarmena da oso, euskara berezkoa duenaren kale erabilera haren ezaugarri guztiekin. Nahiz eta agian irakurlea hizkuntza aldetik horrelako apustuak narrazioetan jasotzen ohituta ez egon, ederki osatzen ditu hark Tximi pertsonaiaren izaera eta sinesgarritasuna. Bai haren herria Europako bidean utzi nahi dutenen bai lortu eta ametsa zapuzten zaienen errealitateak gordinak dira oso; haien zilegizko dramatismoak agian zailtasunak ekar litzake irakurlearengana gerturatu eta edukia helarazteko orduan. Tximiren hizkerak eta batez ere izaera gertuak irakurleari ate bat irekitzen diote etorkinen gatazkari konplexurik gabe eta zintzoki begiratzeko, baina gehiegizko minaren pisua narrazioan ekidinez. Etorkinen saminean barneratu eta haien barnetik istorio propioak dituzten pertsonak kausitzeko aukera eskaintzen digu Tximiren begirada propioak.

Liburuan bada Sussu deritzon pertsonaia erdi eroa; esaten denez, eroek egi handiak esaten dituzte. Europan ezberdintasunean sakontzeko proposamenak gero eta ageriagoak diren honetan, gogoetarako ariketa aproposak suerta daitezke halako liburuak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak