kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Saski bete intxaur / Patziku Perurena / Alberdania, 2012

Pentsamendua atalka Javier Rojo / El Correo, 2012-09-08

Patziku Perurenaren azken liburua, Saski bete intxaur (ezalditan bilduak) izenburua duena, gure artean egin ohi diren saiakeren adibide hautatutzat har daiteke. Izan ere, alor honetan ildo nagusi bihurtu zaizkigu, hari bati jarraitu eta horren inguruan iritziak argumentatu beharrean, zatika sortutako saiakera liburuak, ia eguneroko baten itxura daukatenak. Ziur aski honelako liburuen arrakastaren jatorrian Sarrionandiaren itzal luzea egongo da. Baina itxura honetako liburuak egiteko joerak beste ezaugarri bat nabarmentzen du: ez da pentsamendua gehiegi garatzen eta inpresio xumeetan geratzen dira askotan ideiak. Denetatik dastatu nahirik eta denaz iritzia eman nahirik, hainbat atalez osatutako liburu hauetan batzuetan iritziak ez dira ondo uztartzen elkarren artean. Bestalde, zatikako pentsamenduarekin batera, honelako liburuek beste ezaugarri bat izaten dute: alde batera uzten da argumentazioa (horretarako atal laburrak alde batera utzi eta gaiaren nondik norakoak sakonago aztertu beharko lirateke) eta narrazioa nabarmentzen da. Azken finean, saiakera izan nahirik, istorioak kontatzen dituzte eta istorio batek beste bat gogora ekartzen duelarik, horrela osatuz doa liburuari batasuna ematen dion egitura. Patziku Perurenaren liburua horrela osatuta dago.

Bertan, beraz, atal txikiak agertzen dira, oinarrizko unitateak izango balira bezala, haietan inpresioak plazaratzen dira eta gehienetan aldez edo moldez istorio batzuen presentziarekin egiten dugu topo. Idazlearen aukera da, eta lehen esan dudanez gure artean arrakasta handia du honek. Baina liburuak halako forma erakusten badu ere, ideiak ditu langai. Bi mailatan ulertu ahal dugu ideien kontu hau. Alde batetik atal bakoitzari dagokion ideia zehatza egongo litzateke, baina beste aldetik, eta honek interesgarriago dirudi, ideia zehatz horiek biltzen dituen planteamendu orokorra egongo litzateke, beste ideia zehatz horien oinarria osatzen duena. Planteamendu orokor hau kontuan hartuz gero, modernitatearen aurkako jarrera bat aurkituko dugu liburu honetan. Ematen du Perurenaren ideietan zibilizazioa eta kultura kontrajartzen direla. Lehenengoa modernitatearekin erlazionatzen da eta zerbait endekatua da; kultura, ordea, naturalezarekin, egoera naturalarekin, lotuago egongo litzateke.

Eta euskal kulturak azken honen adibidea erakutsiko luke, balizko egoera naturalarekin eduki beharko lukeen lotura, alegia.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak