kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bakea gudan / Joxe Azurmendi / Txalaparta, 2012

Unamunoren beraren despit Bixente Serrano Izko / Berria, 2012-07-08

Joseba Sarrionandiak Joxe Azurmendiri egin dion hitzaurrean ongi dioen bezala, “Unamunoren Paz en la guerra liburua […] nobela on bat”, “testimoniala eta zer pentsatu ematen duena da, errealista eta lirikoa”; “nobela historikoa da”; “nobela politikoa ere bada”. Baina hori guztiori baino gehiago ere bai: “Unamunok nobela horretan espainiar nazionalismoaren filosofia bat esplikatu nahi izan zuen”, eta horren harira, “Paz en la guerra euskal herri zaharraren akaberaren filosofia da. Eta Espainiaren eraikuntzaren filosofia ere bai”.

Ez dakit adin batetik beheragoko euskaldun / euskaltzale / abertzaleok, baina adin batetik goragokook iltzaturik dugu gure burmuin eta bihotzean Unamuno. Kontrakar bizian, hori bai, gutako baitan. Egia erratera, aitortu behar dut liluraturik ibili nintzela gaztetan Unamunoren izpiritu kritikoaren pean, haren bitalismo tragikoaren pean, kontrakarrean dabiltzan poloen arteko borrokatik sortzen den bizigarritasuna fabulatzeko haren ahalmenaren pean, jakin gabe artean euskarari egin nahi zizkion gorazarrezko hiletez. Alta, laster hasi nintzen Unamunorengandik aldentzen, ez preseski euskaldunoi oparitu nahi zigun etorkizunagatik —horren ezjakinean ni jarraikiz—, baizik eta gehienbat haren estilo literario erretorikoarengatik, hanka bat oraindik ere XIX. mendean zuelakoan, nahiz eta XX.ean bertzea eduki eta espresio-iraultza garrantzizko baten bultzatzaile izan 98ko belaunaldikoekin batera. Baina, hauen artean, laster makurtu nintzen gusturago bertze batzuengana, hala nola Baroja, Valle Inclan, Antonio Machado, are Azorinengana ere.

Azurmendiren arabera, euskaldunon giroan, hiru berreskurapen fase eta bide suertatu zaizkio Unamunori gerra ostetik hona. Gerra ostean “Unamuno kondenatuta dago berak salbatu nahi zuen Espainia horretan”. Halarik ere, gero, “lehen fase batean, Unamuno benetako katolizismorako errekuperatu da: katolizismo ofizialaren (frankistaren) aurka”. “Bigarren berreskurapena Unamuno euskaldun jatorrarena izan da”, zirenak zirelakoak euskarari buruzko haren ideiak, Salbatore Mitxelenak erran zuen zentzuan: “Bere burua euskaldun peto eta abertzaletzat daukaten asko baino euskaldun jatorragoa” da Unamuno, azal azpitik haren sakonean, haren ?”ezinegona, kontentagaitza […], menderakaitza, bizi naia […], kontragite edo antagonia […], euskal mina ta arrandia?” kontuan harturik, noiz eta, Azurmendiren hitzetan orain, “azken mende eta erdiko euskal historia tragikoaren espresioa” haragiturik ikusi nahi eta behar zenean intelektualen batengan. Eta “hirugarren Unamuno berreskuratua kritikoa da, egiatia, mito eta uste onen apurtzailea, are ezkertiarra”: frankismo amaieran sortu zen abertzaletasun ezkertiar berrian, erreferente intelektual sendo bat izan zen Unamuno, Joxe Azurmendi berau isla.

Zegamarrak ohi duen baino euskara estandarrago batean eskaini digu ikerketa labur baina argigarri hau. Hasiera-hasieratik, filosofiaz blaiturik dagoen nobelatik abiaturik, hiru ohartxotan diosku bere hausnarketaren funtsa: a) egiaztapen bat: ?”Unamunok XIX. mendeko ikuspegiarekin ikusi du eta (b)aztertu du euskal arazoa?”; b) objekzio bat: “XIX. mendeko filosofia hura […] gainditu dutenetan, inportanteenetako bat Unamuno bera izan da: baina berak ez dio aplikatu […] filosofia berria euskal arazoari?”; baina/eta c) ondorio gisako bat: ?”hori egin duena —eta Unamunorekin berarekin hein batean— gerraondoko euskal pentsamendua izan da”.

Unamuno, beti kontraerranetan: haren despit, asko zor diote euskal naziogintzaren aldeko asmoek.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak