kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Boga boga / Itxaro Borda / Susa, 2012

Aurrera doan ontzia Iratxe Esnaola / Berria, 2012-07-01

Amaia Ezpeldoi detektibearen azken abentura esku artean dugu. Boga Boga da Bordak osatu saga ezagunaren azken emaitza, Bakean ützi arte, Bizi nizano munduan, Amorezko pena baño eta Jalgi hadi plazara aurretiazko lanen ostean, Delirium Tremens taldearen abestiari izenburua lapurtuta dakarkiguna. Oraingo honetan, Iparraldeko detektibe rural lesbianak Lapurdiko kostara eta Baionara garamatza, 80ko hamarkada berrinterpretatzeko parada hartuz, baina horregatik gaurko egoera alde batera utzi gabe, bi denbora planotan mugituz. Daniel Elgebeltzen Jana arreba orain dela 25 urte desagertu zen 1985eko Baionako festetan. Bi ikerketa lerro badira desagerpena argitzeko: Lapurdiko kostetan bortxaketak egin zituen serial killer batena, eta 80ko ETAko kide eta laguntzaileen peskizan dabilena. Elgebelztarrak 80ko abertzaletasun jakin baten seme-alabak dira, euskaltasuna egikaritzeko molde jakin batenak. Desagerpenaren kausaren atzetik, bai ETAk eta bai GALek Iparraldean utzi ondorioez mintzo da liburua. Daniel Elgebeltz eta Ezpeldoiren mundu ikuskera kontrastatzen dira, eta kontraste hori —kontrasteak, berez— liburuaren ardatzetako bat dira, zenbait girotan hegemoniko izan den euskalduntasunaren ikuskerari berriak txertatuz. Pertsonaiak ETAk izan zuen antolaketa ereduarekiko ezadostasuna adierazten baitu, hierarkia, obedientzia, jendea eliminatzeko moduak kritikatuz. 80ko hamarkadako berrinterpretazio kritikoa egitearen beharraz ari da, egiazki. Gaurko planoan, berriz, ETAren su-eten behin betikoa emana da, eta horrek pertsonaia anitzen irakurketa aldi berean anitzak erraztu dituela iruditu zait.

Gaurkotasunaren termometroari so egin nahi izan dio egileak, eta horretarako modua kale garbitzaile baten ikuspuntua txertatzea da. Ezpeldoik Baionako kaleak garbitzen ditu, eta berak ikusten ditu ondoen kapitalismoaren soberakinak. Baionak beretzat nahi ez duen pobrezia, Europako pobrezia zabalkorra, hiriguneetatik at nahi dutena baina zabor artean bizi dena. Talaia horretatik, narratzaileak pentsakizunak plazaratzen ditu etengabe, pintzelada laburrez. Kapitulu bakoitzean txertatzen du digresioren bat honetaz edo hartaz gogoetatzeko. Dela industrien pixkanakako desagertzea hiri kontsumistaren moldean, dela hiritarren bizi-baldintzen okerragotzea banku eta aferagileen ardura gabeziagatik. Gustatu zait hori, azken urteetan Espainian kaleratutako eleberri lesbiko askok klase ertain altuko profesionalak irudikatu baitituzte, jendarteko espektro zabalagoa erakusteke. Bestalde, keinu ugari egiten ditu beste sorkuntzetara. Detektibe generoaren zaleentzat omenaldirik bada: Lili Rush (Cold Case), Samantha Spade (Without a Trace), Dana Scully (The X Files) ageri dira, besteak beste. Gainera, lesbiana publikoen mila eta bat erreferentzia daude, musika, literatura eta pentsamenduaren alorrekoak. Beste behin, genero rolei egiten die kritika. Genero konkretu batez esleituak diren hainbat lanbide, kirol edo aktibitate —errugbia, kale garbitzea— genero pisuaz desjabetzeko saioa da, eta, nola ez, elizaren lesbofobia ez da aipatu gabe geratzen. Egia da badituela detektibe kontakizunetan egoten diren hainbat errepikapen —jipoitzea eta osteko osatzea; klase altuen ustelkeria—, baina leku errepikatuak izanagatik, ongi onartzen dira. Etorkizuna optimismoz begiratzea eta berraurkitzearen aukeran sinestea azpimarratuko nituzke amaieratik, bukaera ez atsekabezko bat proposatu izanarekin batera. Iraganaz mintzatu nahi den baina aurrera doan ontzia.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak