kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Egarri egunak portualdean / Koldo Izagirre / Susa, 2011

Egarria asez Ekhiñe Egiguren / Gara, 2012-06-09

Badira irakurri eta berehala ahazten diren liburuak, aldiz, gogoan iltzatuta gelditzen den horietakoa da Egarri egunak portualdean, Koldo Izagirreren eleberria. Errenteria eta Pasaiako portua, zentral termikoa, paisaia industriala eta eraldaketak, iraultza, langileen borroka. Garai eta belaunaldi baten lekukotza baino gehiago jasotzen da lerro hauetan. “Dena galdetzeko dena amestu behar” eta galderek hausnarketarako bidea irekiko digute, bidegurutzeetan erabakiak hartzekoa, zalantzarena, itaun berriak sortzekoa.

Bixarberderen hilobiratze eszena abiapuntu hartuta, irudiek eraikiko dute kolektibitatearen zantzua. “Zer axola dio, bizitza hau ez da edangarria. Horregatik datza gaztaro bat hemen, mesosferaren ondoraino zuloan gordea”. Ez dira gertakizun soilak, esanguraz hornitutako pasarteak dira. Lehen pertsonan ari zaigun protagonista da narratzailea, “indibidualista burges koskorra, diletante bat, zelako ergela, mentalitateak aldatzen ahal direla hitzak landuz, horixe pentsatzerainokoa”. Gainontzekoek politika egiten duten artean, izaera kritikoak beste zerbait egitera bultzatzen duena; idaztera, alegia.

Eleberri korala da, pertsonaia kontrajarriekin osatua; Gorka kale-semea eta Luis elizaren ingurukoa. Bixarberde bere klaseari ihes egitea lortzen duena eta aita enpresa burua. Marilu etxekoia, hurbila, dardartia, odola, eta Aleksandra artista, autonomoa, probokatzailea, feminista, gereziak. Azken honi zuzentzen zaio hainbatetan narratzailea bokatiboa erabiliz eta era berean, pertsonaia honen bidez liburuaren ardatz garrantzitsuenetakoa: garaiko matxismoa versus feminismoa. “Nola ekarri feminismoa gure ederrera? Nola eman gure zakarra feminismoari?” edota “gizonezkoa naiz, baina agian zu ez zara emakumezkoa”. Tabernetan hezitako gizonezkoen gaitzespena eta beldurrak, protagonistarenak barne, emakumeen iraultza eta aldarrikapenen aurrean: “Diktadura politikoak beste diktadura asko bermatu zituen, gizonezkoena esate baterako, gizonezko kontzientziadunona”. Ezinegona sortu didaten hitzak.

Egoera soziopolitikoak eskatzen zuen aldaketaren beharra ere islatzen da. Eraldaketa nola eta nondik hasi. “Iraultza gizonetan egin behar da lehenik” ala “Gauzak aldatu behar dizkiagu aurrena, gizona aldatzeko”. Langileen asanbladak, sindikatuen sorrera, greba. Horrekin batera, bortxaketak, erasoak, oldarketak. Guztia narrazio poetikoan, hirukoen erabilerak urratsen erritmoa markatuz.

Hasiera-amaierak egoera eta esamolde berak borobiltzen ditu, kontakizunaren zirkulua ixtera egiten dutenak. Eta, halere, liburu zabala da, irekia, keinu eta iradokizunez hornitua. Badira irakurri ahala agortzen diren testuak, ostera, Izagirreren eleberriak behin eta berriz irakurtzea ametitzen du; eskatzen ditu berrirakurketak, interpretazioak, irakurlearen plazererako. Muinera heldu nahi bada, arretaz irakurri beharreko eleberria dugu hauxe.

Amaitzearekin batera, luzaroan oroituko dudan liburua dela konturatu naiz. Ase dut egarria. Berriro naiz hurrengoaren gose.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak