kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Kezka bat gutxiago / Urtzi Urkizu / Maiatz, 2012

Kezka bat gehiago Mikel Asurmendi / Berria, 2012-05-27

Digresioetan aritzeari itzuri nahi diot, eta liburuaren gainean jardun aitzin, poesiaz oldoztuko dut amiñi bat, poesiaz eta gure poetez.

Bi poeta mota bereizten ditut: poesia idazten duena eta, poesia idazteaz gain, bizitzari modu poetikoz aurre egiten diona. Bizitzari lotzen zaiona, huntza harriari lotzen zaion legez. Poeta bizi duena, hots. Urtzi Urkizu bigarren multzokoa begitantzen zait.

Poeta hauek poesiaren periferian ibilki dira, marjinalean, erran nahi baita, marjinaleko marjinalean. Horiek horrela, eta poesia jadaneko, berez eta izatez, ekimen marjinatua izaki. Gordinago esate aldera, gurean, poesia, marjinala izanagatik ere, Susa, Pamiela, Elkar edo Erein argitaletxetik heldu bazaigu, gaitzerdi. Horietatik heldu ezean, are marjinagotik heldu den seinale.

Urtzi Urkizuren lehenengo liburua Beta izan zen, autoekoizpena. Kezka bat gutxiago Maiatz argitaletxearen eskutik heldu zaigu, baita maiatzean niri heldu ere. “Udaberrian loreak ez ezik, poesia loratu ei / omen da”. Hara topikoa. Topikoa ere bada honako hau: “Hobe poesia amiñi bat sasimedikuaren botika dosia baino”.

Kezka bat gutxiago bost ataletan apailatuta dago. Hitzaurrea Auxtin Zamorak izkiriaturik. (Poeta bizi duen poeta hau ere, bizitza arras poeta daramana).

—Urtzi, bilatzen duzu?, itaundu digu Zamorak.

Eta arrapostua:

—Bai, uste dut Bizia deitzen dugun gure portu-hiriaren erdiguneko karrika baten ezkinean aurkitu zenezakezula!

Hostoei ostikoka. Lehen ataleko huntzak hostokatu eta giharrik gabeko hostoak eskuratu ditut.

Gizakia gaurko gizartea. Egungo munduko pertsonaren —eta poetaren— kezkak aurkitu ditut: Big Bang, Fukushima, Internet, Reset, Krisia, Euskal Herria… Maleruski, poesia bakan aurkitu ere hauen hostoetan.

Gertuko hartu-emanean delakoan hasi dut poesiaren aieruren bat sentitzen ene arnasketan, Laztan loretan emeki (69. hostoa edo orrialdea) sentitu dut ene baitan.

Indartsu heldu den horri atalean, udaberriko goizetan ibilki naiz poetarekin: “Loratu da berria / hasi udaberria / berotasun apala / parkeak erdi hutsak / goiza eguzkipean / eta zu zilipurdika”.

Ene baitan-en, azkenik, Kezka bat gutxiago paratu du Urtzik lehenbizi, eta kezka bat gehiago daukat nik.

Eta nik, marjinaleko marjinalean dabilen poetaren bideetan ibiltzeko lotsarik ez, baina nire sentipenak itotzeko kuraiarik ere ez. Eta poetak gertuko hartu-emanean iradokitako poesian —Asmatu berrian— jolasteko gertu nauka: “Jolas berriak bonbon / daudenean xanpain eta txanpon, sosik gabe ere / irudimena biderkatu eta lo on, jolas txiki bat goxo / dagoenean zorion, nekatuz gero halako batekin / asmatu berria ta hor konpon”.

Alta bada, zer eta nola adierazi? Nork bere bizia bizi du, bere sentimena, bere arrazoimena. Hitz xamurretan errana: poesia kausitu dut aldian-aldian. Ni ote, akaso, marjinaleko marjinetan bideak urratzen menturatzen ez dena? Marjinalean bizitzen ikasi ez duena?

P.S. Bart, ordu txikietan esnatu, eta kezka buruan murgildu nintzen berriz ere liburuan. La vie en rose, ez da beti poemarekin birlokartu naiz. (…) “Ostikoka haizatu ditudan hostoak iritsiko dira beste leku batera”.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak