kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Beste norbaiten zapatak / Garazi Kamio / Elkar, 2012

Kaleidoskopioa Bixente Serrano Izko / Berria, 2012-04-13

Zortzi ipuin bildu ditu Garazi Kamiok bere lehen liburu honetan. Begirada sotila, detaileetatik haratagoko ilun-argiei erreparatzeko gai, eguneroko edo memento berezietako bizikizunetan janzten ditugun “betaurreko zikinen atzeko kaleidoskopioa” irakurleari erakusteko gai. Kaleidoskopio horretan destolesten zaigun bizitza kolore-tonu askotako eta mugikorrean, irakurleak, agian, espero eginen luke liburuari titulu ematen dion ipuineko kontua izatea bildumaren muina, bilduma osoa zeharkatzen eta tindatzen duen arima, izpiritua. Alta, irakurle honen ustez, Panenka kontakizun guztiz metaforikoak islatzen digu Garazi Kamiok bizitzari luzatzen dion begiradaren tonua: Panenka futbolari ohiaren estiloko penaltiz beteriko bizitza da gurea, guk ederki ikusi nola sartzen dizkigun golak geldo-geldo, baina baloia geldiarazteko ezinean gaudela.

Nessun Dorma-n, bikote baten bizitza luzea frustrazio bihurtu zaio emazteari, eta lurrean etzanik biak, mugitu ezinean, oraindik ere gizonak bere baldintzak jartzen dizkio bizikide emakumezkoari. Matematika-n, Maslow psikologoaren piramidea, auto-errealizazioaren (zoriontasunaren) mailak begietaratzen dizkiguna, gure pultsio kontsumistak piztu eta betetzeko mailaketa begietaratzera pasatu da, gure bizitza betiere erdipurdiko mailetatik gora ezin igo arren. Long Journey Home-n, dispertsioko euskal presoak ikustera eginiko bidaia luze eta aspergarria da, eta joatekoa bezain luze eta aspergarri antzeman egiten da bueltakoa, etxerakoa, presoaren askapenerakoa izanik ere oraingo honetan. 325-ean, ama batek bere alaba gaixoaz ospitalean duen ardura, urduri eta medikuak presionatuz gaixotasuna lehen baino lehen diagnostikatu eta hari erremediorik bilatzera, baina amak berak horretaz ezer jakin aurretik medikatuko du alaba, “urtebete lehenago bere aitarenak izandako pilulak” irentsaraziz: azken finean, “amatxok medikuek baino hobeto zainduko zaitu eta”; alaba zainduko al du hobeto horrela, ala bere burua amak?… Argazkia-n, estetikaren pasioa hilkutxako zenduarenaz absurdoraino eramana. Beste norbaiten zapatak-en, langabezian tarteka eta era programatuan bizi behar duen baten egitasmoen zerrendan, frankismo garaietatik hona datorren memoria historiko baten freskatze lanean ikusten du bere burua protagonistak, baina freskatu ez, galdu beharreko memoriarekin egiten du topo.

Golak eta golak, bizitzak sartzen dizkigunak behin eta berriz, baina espanturik gabe ikusitakoak. Ipuin bakoitza metafora bat da, eta bilduma osoa kaleidoskopio baten antzeko aniztasunaren isla, bai koloreetan bai pertsonaien kokapenetan. Estilo zuzena, soila, dramatismo berezirik gabea, efikaza. Bizitzari buruzko epaia, Garazi Kamiorena, kontakizunen traman, istorioetan, metafora horietan dago, sen puruko narraziogile bati dagokion bezala, bere betaurreko zikinen atzetik zorrozki ikusten duena kontatzen du eta kito. Istorioetan barna eramaten gaitu gustura joateko moduan, eta zapore berezi batekin geldituko da betiere irakurlea, mihi-puntak ezpainak igurtziz, zapore bakoitza identifikatu nahian, ipuin bakoitzak irakurketa anitz dituela sumatuz. Neuk goian apuntatuak ez dira irakurketa posible bakarrak. Aipatu gabe utzi dudan ipuina, Gerizpeko panpinak alegia, izan ezik, amaierako sorpresa guztiz ezustekoa duena —eta alde horretatik agian bildumaren tonuaz kanpoago gelditzen dena—, bertze guztiak, zeinek bere sorpresa xume, sotil eta nahikoa duten amaieran, oso egokiak narrazioen estilorako.

Nire ongietorri beroa Garazi Kamio ipuinlari berri honi.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak