kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Orbanak / Pello Lizarralde / Erein, 2012

Ñabardurak Ibon Egaña / Deia, 2012-05-19

Ustekabe handirik ez du hartuko Lizarralderen irakurleak haren nobela berria irakurtzean; peripezia narratibo handirik gabeko liburua delako, batetik, eta aurreko eleberriekiko (Larrepetit, Iragaitzaz) jauzi izugarririk ez dakarrelako; berriak dira, ordea, zenbait ñabardura eta xehetasun (eta xehetasunak dira Lizarralderen literaturan garrantzitsuena), sendoagotu eta aberastu egiten dutenak lehendik sendoa zen nobelagilearen bide pertsonala.

Bidea eta ihesaldia. Horiek dira egilearen nobela guztietan errepikatzen diren obsesioak, eta oraingoan ere ihesaldia da nobelaren bizkarrezurra. Herri txiki batean emakume bat hilda agertu ostean gizon batek abiatzen duen ihesa kontatzen zaigu, batetik, bere herria utzi eta inguruko herri eta bazterretara daramana; hiltzailearen peskizan dabilen gizon baten eta herrikideen susmoek osatzen dute bigarren hari nagusia. Bi plano narratibo tartekatuz ondu du Lizarraldek eleberria: gizonaren ihesaldia hirugarren pertsonan dator, xehetasun osoz kontatua, eta hiltzailearen susmoak dituen gizonaren burutazioak lehen pertsonan. Iheslariaren ibiliak kontatzen dituen ahotsa Larrepetit edo Iragaitzaz-eko ahots narratibotik hurbil dago: objektibotasunez eta distantziatik kontatzen zaizkigu pertsonaiaren ibiliak, kanpoko behatzaile zorrotzaren begiradatik. Beste behin ere, Lizarralde maisu ageri da ahots narratibo horretan, mundu oso bat eraikitzen ohikoa duen hoztasunetik, ikusten, usaintzen, entzuten denetik abiatuta. Hauteman daitekeena soilik erakusten digu ahots horrek eta zentzumenetatik jasotakotik (elkarrizketa apurretatik, keinu txikienetatik) interpretatu behar du irakurleak pertsonaien inguruan gertatzen dena.

Bigarren planoa, bestetik, lehen pertsonan mintzo den gizonaren ahotsetik eraikia da. Estreinakoz baliatu du Lizarraldek lehen pertsonako ahotsa, eta horrek badakar ñabardurarik aurreko lanekiko, izan ere, plano objektibo kanpokoari kontrapisua egiten dio plano subjektibo barruko honek. Narratzaile honek gogoetak tartekatzen ditu gertakarien kontakizunarekin batera (herri txikiko bizimoduaz, emaztearekiko harremanaz…), ahozko erregistrotik hurbilago dagoen hizkera erabat sinesgarrian. Bi ahotsen tartekatzeak erritmoa ematen dio narrazioari, kontraste interesgarria sortzen du eta irakurlearen jakin-mina pizten laguntzen du.

Informazioa erabat dosifikatuta ematen du Lizarraldek, eta eskura jarri dizkion arrasto gutxiekin atera behar du irakurleak zein garaitan gertatzen den kontakizuna eta non, izenlagun bakanekin identifikatu beharko ditu pertsonaiak eta bete elipsiak. Edonola ere, informazioa neurtze horrek ez du zerikusirik eleberri beltzetako elipsi eta informazio-ezkutatzeekin. Hilketa abiapuntu izan arren, eleberriaren xedea ez baita hilketaren argitzea, ez bada bidean gertatzen dena: susmoak eta juzkuak nola sortzen eta errotzen doazen, hala eleberriko herritarren nola irakurleen artean.

Era berean, 1950eko hamarkadako Nafarroako mendialdeko herrixka bateko giroaren birsortze aparta ere bada Orbanak. Aizkora-apustuak, pilota-jaialdiak edo dantzaldiak irudikatzen dira, baina betiere ikuspegi bukolikotik urrun, eta orobat baserri-giroaren ikuspegi tremendistatik aparte, xehetasunari arreta emanez eta epizentroa mendialde horretan bertan kokatua duen begiradatik.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak