kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Zwei Frauen / Joxean Agirre / Elkar, 2011

Bi emakume baino gehiago Goizalde Landabaso / Deia, 2012-04-06

Joxean Agirre (Azpeitia, 1949) kazetari eta idazlearen Zwei Frauen (bi emakume) Elkar argitaletxeak kaleratu zuen iaz. Bere seigarren liburua da, eta hiru urte pasatu dira La lutte finale kaleratu zuenetik. Literatura lan honek ipuinak dakartza, edo beharbada ipuin handi bat esan beharko genuke. Izan ere, lau zatitan banatutakoa bada ere, lotzen dituen hari bat dute: narratzailea. Bere ahotsa hasieratik da nabarmena: “Goizero, Bertrand Moranek egingo zukeen bezalaxe, koadernoa aldean hartu eta nagusiki emakumeak ibiltzen ziren hiriko guneetara joaten hasi nintzen, eta ni baino zaharragoren bat aukeratzen nuen beti, nire adineko neskek, hogei urtekoek, kontatzeko ezer gutxi zutela iruditzen zitzaidalako”.

Narratzaileak zaletasun bi ditu: emakumeak eta literatura. Eta liburuak bi ardatz hauen gainean jarduten du etengabe. Kontatzeko modua gustatu zait, bere erritmoaren bizitasuna, eta atalik atal ematen dituen jauziak sinfonia antzekoa osotu dute, eramaten zaituen sinfonia. Narratzaileak idazle izan nahi du; eta maitale. Idazle izateko hamaika eredu ditu, eta horietako batzuk jakinarazten dira. “Moranek bezalaxe, bizialdia emakumeak konkistatzen emango nuela erabaki nuen eta historia horiek liburu batean biltzen”. Atalik atal bere maiteen berri emango digu egileak. Eta kutunen dituen idazleen berria ere luze eta zabal emango digu (batzuetan besteetan baino luze eta zabalago). Irudipena daukan lau istorioetatik azkena dela nabarmentzen dena. Luzeena delako, bateko, eta liburuari izena ematen diolako, besteko. Nadia eta Karla dira azken istorio horretan agertzen zaizkigunak. Biak maite ditu idazle saiatuak. “Kostaldeko errepidetik nindoala, adibide bat jartzearren, portuko taberna zahar bat ikusten banuen, Nadiarekin gogoratzen nintzen; edo jatetxe dotore batetik igarotzean, Karlarekin, adin, ohitura eta gutizia kontrajarriak zituztelako”.

Lau istorio ezberdin, lau erritmo eta lau imitazio. Bai, kopiaren garrantziaz, kopiaren aldarrikapen garbia egiten du egileak liburu honetan. Kopia goratzeko ematen duen lehenengo istorioan Hans Van Meegeren, historian izan den faltsutzailerik garrantzitsuenaren, berri ematen digu. “Herbeheretar askorentzat, alabaina, Van Meegeren ez zen sekula traidore izan, naziei iruzur egin zien margolari bat baizik”. Bitxia benetan lehenengo imitazioa. Erritmoan crescendo doa, izan ere, bigarren imitazioa (ene uste laburrean) hobea da. Emakume bat konkistatzeko literaturaren bidez egingo du bidea, baina miresten duen idazle bat erabiliz. Emakumeak, kopia dela konturatzerakoan, utzi egingo du idazlea. Etengabe esaten ari gatzaizkizu, kopiaren aldarrikapen garbia da. “Nire liburuetako ideiarik onenak lapurtuak dira, aipamenak barne, eta idatzi ditudan esaldi borobilenak eta ederrenak besterenak”. Idazle sorta handia azaltzen da berton; Dostoievski, Garcia Marquez, Garcia Lorca, Lope de Vega, Mann, Halfon, Hrabal, Salinger, Allighieri edota Kafka, Goethe, Walter Benjamin nahiz Bernardo Atxaga. Denei egiten die kiku bat liburuko protagonistak. Goretsi egiten duen azken idazlea, azken ipuinean azaltzen dena, Max Frisch da. “Max Frisch-en eragin nabarmenegia zuen eleberri labur bat argitaratu nuen ondoren eta ez nion inoiz eragin hori ukatu edo ezkutatu, alderantziz baizik, egin zizkidaten. Buruz nekienez berdin izaten zitzaidan nondik hasi, plazer bertsua sentitzen bainuen edonondik hasita ere”.

Joxean Agirreren liburu berriak barru-barruko patxada eta ironiaz zipriztindu ditu nire barruak. Atsegina, benetan, irakurketa.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak