kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Izen bereziak / Modesto Arrieta / Erein, 2011

Nortasunez gaindi diren ipuinak Ekhiñe Egiguren / Gara, 2012-03-31

Ipuin bilduma berezia eman du argitara Juan Modesto Arrieta zarauztarrak bere lehen liburuan. Izenburuak berak dioen bezala, narrazioen arteko lotura edo haria pertsonaien izenak dira, nortasun partikularren izana biltzen duten kontakizunak. Idazleak berak bere deiturarekin duen harremanak harilkatzen du sortaren hasiera-amaiera. Literatur lehiaketetan sarituak asko, mikroipuinak bezain laburrak batzuk, luzeago eta zatikatuak besteak, eleberrirantz jotzen duen narrazioren bat ere bada. Oro har, zertzelada gutxi batzuekin pertsonaia eta istorio ongi moldatuak kontatzen dituzten hamaika ipuin ditu irakurleak esku artean.

Estilo zuzena, azkarra, muinera jotzen duena eta, aldi berean, pertsonaien nondik norakoak xehetasunez azaltzen eta lotzen dakiena. Bilduma Iñakik Angels albistegi aurkezleari idazten dion amodiozko gutunarekin hasten da. Handik aurrerakoak lehen zein hirugarren pertsonan idatzitako narrazioak dira, umore eta ironia leunez zipriztindutako lerroak.

Azken hegaldia-k badu Kafkaren metamorfosiaren oihartzunik eta Mundu zoragarri hura ipuinarekin batean, bildumako piezarik esperimentalenak osatzen dituztela esan daiteke, azken honi zenbait kontraesan topatzerik badagoen arren. Kontakizun modu klasikoenera joaz Gafi sibarita argentinarraren gorabeherak datoz; bat-batean herrian azaldu eta guztia lortzen duen pertsonaiaren ia karikatura.

Autorearen beraren hitzetan, putakumeren bat edo beste agertzen da liburuan. Horren harira, bai Gafi bai Leonor G ipuinean pertsonaiak topikoetan oinarritzen badira ere, istorioak borobiltzen asmatu du idazleak, izenak bezain bereziak diren amaierak lortuz.

Kontakizunen egiturari erreparatuz, azpimarragarrienak hauek dira: Noraren Egunkaria (egunkari formatura salto egiten duena), Diskoboloa (lapurreta bat lau aktotan) eta Natura hila (hiru azpi-ipuinez osatutako kontakizuna). Azken honen Labana atalean, Luis Buñuelen Un chien andalou laburrari egiten zaion keinua kitzikagarria da eta ibilbide zirkularrak zentzua ematen die txertatzen diren kontakizun ezberdinei. Halere, gaietan, egituretan edota esamoldeetan baino, argumentuan ardaztu du idazleak ipuin bakoitzaren mamia eta interesa mantentzea lortu du. Ezbairik gabe, gertakariekin irentsiko du irakurleak amua.

Hasieratik amaierara, gustura irakurri dut izen berezien bilduma. Hurbilekoak egin zaizkit pertsonaien zenbait aurpegi, fikzio bezainbat errealitate topatu dut izanetan eta istorioek harrapatu egin naute. Bereziki gogoko izan dut Adelino Sousa ipuina, tonu naïf eta malenkoniatsuagatik —tristezia, fadoak, Portugal, Pessoari erreferentziak—, baita amaieraren indarragatik ere. Esango nuke, luzera jotzen duen narrazioetan eman diola idazleak bereziki sormenari bidea, laburrean baino ederrago defenditu duela istorioen esentzia ipuin luzeetan. Horregatik, okurritzen zait ez ote gauden, akaso, eleberri egile baten aurrean ipuin idazle baten lerroetan baino; luzerako egituretan nabari baitut nik idazlea erosoen.

Edonola, eta zalantzarik gabe, ipuin bilduma berezia, zer esana baduen ahots berri baten lehen urratsa da liburu hau.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak