kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Ileak uretan / Josu Penades / Alberdania, 2012

Pusketa bat argitan Iratxe Esnaola / Berria, 2012-03-25

Josu Penades (Bermeo, 1962) gaur artean bi eleberri argitaratua bazen ere, Etxea (2006, Alberdania) eta Jantzi beltz bi (2009, Alberdania), ez nuen ezagutzen. Nire kalterako saiakera eta haur zein gazte literatura landu izan dituen egilearen ez ezagutza. Istorio bizi eta sendoa idatzi du bi pertsonaiari jarraituz, eta beren bitartez hiru belaunaldiren koadroa eskaini. Hasiera puntu bat 1936ko gerra da, Galo Mendizabal protagonista duela. Atxilotu eta Iruñeko San Kristobal gotorleku presondegian sartzen dute, erresistentzia edo jarduera politikoarekin zerikusirik ez badu ere. Bigarren istorioa aita ezagutu ez zuen Inas semearen kontakizuna da. Madrilen hasten da 1960ko frankismoan, Kimika ikasketak burutu berri dituen unean. Nola amaitu du baserritar txiro baten semeak ingurukoek lor ezineko pribilegioez gozatzen? Hirugarren pertsonan ari den narratzaile pazientziadunak ondo eusten dio irakurlearen jakin-minari, batetik, pertsonaien barne gogoetetara katigatzea lortuz, eta, bestetik, semearen aitaganako distantziari kezka gisa eutsiz.

Denboran saltoak eginez bisitatzen ditugu bi narrazio bideak, kapitulu bakoitzak txanda utziz besteari, orainetik iraganera. Nobela historiko gisa saltzearen lotsarik ez luke. Garai historikoa markatzen duten ezaugarriak zaindu ditu. Izan landa giroan (60. hamarkadako euskaldun bizkaitarren bizimodua), izan historiari begiratua botatzeko baliogarri den Iruñean (San Kristobal gotorlekuaren historia, 1972ko Iruñeko Topaketak eta abar). Baina zaindu duena, batez ere, pertsonaien nolakoa da. Protagonistak ez ditu iraultza zaletasunak ezaugarritzen. Inas semearen profila, tentagarri izan daitekeen joerari eutsiz, ez da heroiarena. Ez du gure herriko ibilbide politikoan aztarnarik utzi. Institutuko kimika irakaslea da, senarra eta aita. Apenas agertzen du iritzi politikorik, ez bada diktadura amaitutakoan, indarkeria anitzek eragin gogoeta bakan batzuk azaltzean. Paradoxa, aitak erregimeneko indarren gehiegikeriak, tortura eta heriotza ezagutu zituenean? Irabazleen harrotasuna eta galtzaileen lotsak badu zerikusirik, gerra galdutakoen hitzak seme-alabei ez iragatean.

Bestalde, narratzaileak segizioa egiten dion emakume protagonista bakarrak duen rola, ama eta emaztearena da, eta ohoreagatik familiak nola arbuiatua duen erakusten zaigu. Hori salbu, gizon protagonisten inguruan zertzeladaka agertzen dira emakumeak, beren bahetatik paseak. Koadroaren osagarri horien falta suma dezake irakurleak, baina egileak aita-semeen ikuspuntua hautatu duenez, haien bitartez narratzen du. Gainerakoan, hainbeste urte korritzen dituenez, azpigai asko ageri dira. Irakaskuntzaren irizpide eta ikasleen profilaren aldaketaz ohartzen gara. Urteetan Euskal Herriko gatazkari begiratzeko modua nola mudatu den ageri da. Galdera bat egiten da: iraganarekin bakeak egin al ditzakegu? Amaiera anitzen arteko dialogoak posible ikusten dituenarena iruditu zait. Euskal Herriko elkarbizitzan fedea duen norbaitena. Abentura luzean sartzeko ausardia izan du Josu Penadesek, eta, koadroaren atal zenbait ikusteke geratu badira ere, literaturak egin dezakeena egin duela uste dut: pusketa bat hautatu eta hura ahalik artetsuen argiztatu.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak