kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Twist / Harkaitz Cano / Susa, 2011

Pentsatu eta esaten ez diren gauzak Leire Zubeldia / Gara, 2012-02-25

Ezin zuen bestela izan eta hasieratik hasiko naiz. Izan ere, hasierak diruditena baino garrantzitsuagoak dira. Finean, hasieraren arabera hartzen da bertan geratu edo aurrera egiteko erabakia. Horren jakitun garelako kostatzen zaigu lehenengo esaldiak idaztea, idatzi-ezabatu, berridatzi-ezabatu ibiltzen garelarik. Ahalegin horretan, nekaezin, hasierarik onenaren bila imajinatzen dut Harkaitz Cano idazlea Twist eleberria idazten hasi zenean. Merezi izan dio, eta horregatik merezi du aipamena egitea. Adjektibo asko bururatzen zaizkit liburuaren sarrera kalifikatzeko: indartsua, zorrotza, gordina, hotzikarak sortzeko modukoa, bikaina, azken finean. Cambalache, 1983 kapituluak Soto eta Zeberio torturatu eta erail ondoren lurpean karearekin nola estaltzen dituzten kontatzen du, orainaldian eta bigarren pertsona erabiliz, narratzailea Soto edo Zeberio berari hizketan ariko balitz bezala: “Bi dira, edo hiru, agian. Kale jantziz doaz —de paisano— eta ez da galoiduna bereiztea erraza. Baina galoiduna dirudienak ez du aginduak eman besterik egiten. Egiten dutena egiten dute, zer egiten duten gehiegi pentsatu gabe. Mekanikoki, baina hildako bat kokotean zuri begira izateak eman dezakeen hozkirri erantsiarekin”. Soto eta Zeberio gerra zikinak eta kare biziak desagerrarazi zituzten, baina Diego Lazkano protagonistarengan bizirik diraute. Lazkanok, torturapean salatu egin zituelako daude Soto eta Zeberio hilik. Adiskideen paraderoaren erruduna da bera. Edozer egingo luke azalean markatuta daraman “txibato” etiketatik askatzeko. Erru sentimendu horrek akuilatuta lortzen du justizia egin eta errudunak galoietatik galeretara eramateko kasua berriro zabaltzea.

Zortzi kapitulutan antolatuta aurkezten digu idazleak istorio osoa. Kapitulu bakoitza atal laburretan dosifikatzen da. Atalok irakurri ahala istorioa osatzen joaten da irakurlea, eta berdin kapituluen kasuan ere. Baina istorio osoaren zatiak izateaz harago, kapitulu zein atal guztiak dira osoak, bakoitzak bere istoriotxoa gordetzen duelarik, amaieran hurrengo atal edo kapituluetan argituko den galdera iradokiz beti.

Aipatutako hiru pertsonaiez gain, Soto eta Zeberioren erailketan parte hartu zuten Fontecha, Mesa eta Vargas, horien aurkako akusazioaren abokatu Agirre Sesma, Lazkanoren neskalagun Idoia, Lazkanoren editore Fede… Pertsonaia guztiak mamituz eta horien arteko harremanak eraikiz osatzen du idazleak istorioa. Beti informazioa ongi dosifikatuz, narrazioan bixi-bixi aurrera egiteko modua emanez eta zinemako gidoirik onenaren pareko elkarrizketak eskainiz (gogoan dut Lazkano eta Agirre Sesmaren artekoa). Baina noan aitortzera, nobelaren erdi parean gehiegi luzatzen dela trama nagusitik zertxobait aldenduz, horrek nobelak hasieratik duen tentsioa jaitsiz. Noan ni ere alferrikako luzapenetan galdu gabe amaitzera. Horretarako, eleberriko narratzaileak maiz erabiltzen duen esapidea berreskuratu nahi nuke: “Pentsatu eta esaten ez diren gauzak” kontatzen ditu Canok liburu honetan. Nola idatz dezake maila horretan Harkaitz alu horrek? Pentsatu eta esaten ez diren gauzak.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak