kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Twist / Harkaitz Cano / Susa, 2011

Hemen daukazue Aritz Galarraga / Deia, 2011-12-31

Argitaratu du Harkaitz Canok liburu berria, aspaldion itxaroten genion Twist eleberria. Eta betetzen ditu kanonek markatzen duten urrezko legea. Batetik da lan mardula, laurehun orrialdetik gorako adreilu paperezkoa, zenbat eta gizenduago, orduan eta hobea dela uste dutenen sinesmena betetzera datorrena. Eta bestetik besarkatzen du gure ditxosozko gatazka, erran nahi baita, gatazka politikoa, zehatzago armatua, bere ondorio humano, sozial eta abarrekoekin. Kanonek markatzen duten legea betetzen du hartara. Merkatuak aho bitsetan kanonizatzen duen lana genuke hartara. Eta halere da nobela ona.Oso da nobela ona, aizue.

Ezen, hasteko, ez baita erortzen merkatuak aupatzen dituen liburu halakoak jausten diren topiko eta milikeriatan. Nobela da mardula, baina zentzurik positiboenean; da sendoa, ez erraza, ez lastoz betetako lastategia. Besarkatzen du gatazka armatua, baina zentzurik baikorrenean; da berezia, ez melenga, ez azukrez betetako azukreontzia. Begira, Lazkano dugu pertsonaia nagusia, haren presentziak zeharkatzen du alderik alde kontakizuna. Orain idazle egonkortu askoa, iraganera eraman beharrean da memoria, bere bizitza ordura arte tatxa gabea atzera bueltarik gabe aldatu zeneko momentura. Gero daude Soto eta Zeberio (Soto eta Zeberio beti, ez Zeberio eta Soto sekula), baina horien presentzia baino gehiago da absentzia, horien hutsuneak betetzen du nobela osoa. Ez alferrik, gazterik erauzi dituzte euren bizitzetatik, gazterik lur eman diete kare bizitan, gazterik bilakatu dira, mito guztien modura, adrenalina eta amnesia. Lagun ziren hirurak, karea eta gehiago, hori denori gertatu zenean. Konpartitzen zuten amistadea, konpartitzen zuten militantzia, konpartituko dute handik aurrerako bizitza guztia.

Eleberriak egitura du oso erakargarria, izena aipatzea ere merezi ez duen idazle hura gogora ekartzen diguna (orain moda-modan den idazle lehen bazterrekoa; bai, mundu guztiak derrigor irakurri beharrekoa). Kapitulu bakoitzak fokatzen du pertsonaia diferentea, dela polizia borreroa, dela kasua berrartuko duen abokatua, dela hildakoa bera, sarrera kapitulu ezin kolpagarriago batean. Baina kapitulu bakoitzaren baitan ere, kontatzen dena ez da lerroa, baizik eta atzera-aurrerakoa, saltoa, kontatzen dena are erakargarriago egiten duen katea errekurtsoa. Eta errealitatean erraz identifika daitekeen gertaera bat izan lezakeen arren abiapuntu, nobela hortik abiatu baino ez da egiten, azken batean ari delako bizitza erauzteaz, bizitza apurtuaz, lapurtuaz, papurtuaz, laguntasunaz, laguntasuna kolpetik bukatzeaz, bizitza herenka bizitzeaz, hainbat bizitza batera bizitzeaz, identitateaz, identitatea hurrupatzeaz, norberaz, besteez, besteaz, bizirik ez daudenek bizitza nola biziko luketen, nola bizi duten irudikatzeaz.

Aspaldion ere entzun izan ditut ahots batzuk —ilunpetakoak, gutxienez ilunak—, Canok nobela falta zuela ziotenak. Baietz, ipuingile gisara, akaso poeta bezala, tira, ez zela makal-makala. Baina eleberri sendoa, zalantza guztiak uxatuko zituen lana beharko zuela. Hemen daukazue, bada. Aurreko hirurak bazter utzi gabe, gainontzeko generoetako lanak kontuan hartuta, hemen daukazue nobela bat bikaina, irakurketa derrigorrezkoa ia, datozen urteetarako utziko duena lorratza. Denborari eman denbora, bestela.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak