kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Kartzelako poemak / Joseba Sarrionandia / Susa, 2011

Sistemaren gunea Javier Rojo / El Correo, 2011-12-10

Josbea Sarrionandiak 1992an argitara eman zuen Kartzelako poemak liburuaren argitarapen berritua agertu zaigu. Hogei urteren ondoren azalez pixka bat aldatuta agertu arren (orduko hartan agertu ez zen poemaren bat gehitu da; ortografia gaurkotua), funtsean liburu bera da irakurlearen eskuetara helarazten den idazlan hau. Euskadi sariarekin gertatu denak frogatzen duen moduan, zaila da Sarrionandiaren literaturaz hitz egitea, egileak errepresentatzen duena kontuan hartu gabe. Lehenengo eta behin, zaila da zeren nahita edo nahi gabe idazleak nazio oso baten zama sorbalda gainean jaso nahi izan duela ematen baitu. Eta halako erantzukizuna onartuta, idazleak berarengandik espero den moduan jokatu behar izaten baitu. Idazlea den aldetik, berari ere zaila gertatu behar zaio onartzea bere literaturagatik baino gehiago bere biografiagatik baloratzen dutela bai bere aldekoek bai bere aurkakoek. Edonola ere, gure literatur mundu txikian tokatu zaion papera zintzo betetzen saiatzen da idazlea, eta paper hori betetzen duen neurrian bere aldekoek goraipatua eta bere aurkakoek arbuiatua izango da. Izan ere, Joseba Sarrionandia ez da idazlea, izen bat baizik, eta izen honi lotuta biografia bat, eta ibilbide horretan idazle moduan egiten dituen lanak bigarren maila batean geratzen dira. Bere liburuak asko saltzen dira, jakina, eta halaxe frogatuko da urtero bezala Durangoko azokan, baina bere liburuak erosten dituztenek benetan irakurriko dituzten ala ez beste kontu bat da.

Testuinguru honetan, berriro ere Kartzelako poemak irakurtzeko parada dugu, 80ko hamarkadan egin ohi zuen poesiaren adibidea erakusten digun liburua. Jose Maria Alvarezen eraginpean sortutako poesia zen ordukoa, epikarako joera zuena, askotan narratibo xamarra, kulturalista. Haurtzaroaren nostalgia duen poesia da berea, haurtzaroan paradisua ezkutatuko balitz bezala. Eta bere poemetan berebiziko garrantzia du bidaiekin loturik agertzen den guztiak, poemetan itsaso eta nabigatzea, zerua eta hegaztiak agertzen baitzaizkigu, ihes bidea eta beste mundu baten errepresentazioa irudikatzen dituztelarik. Honi gaineratu behar zaio poemak sortu zireneko errealitate hurbilari egiten dion erreferentzia, hori bai, Sarrionandiak ohi duen moduan, deskontestualizatua.

Garai batean marjinalitatearen aldarrikapena egin zuen idazlea gaur egun gure literatur sistemaren erdigunean kokaturik aurkitzen dugu, eroso.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak