kritiken hemeroteka

6.866 kritika

Azken kritikak

« | »

Lagun izoztua / Joseba Sarrionandia / Elkar, 2001

Lagun izoztua Joseba Bergara / Txalaparta, hitzak & ideiak, 2002-03

Askotan esaten da saldutako liburuen kopuruak ez duela zertan liburu baten kalitatearen erakusgarri izan behar. Indarrik eta ekarpenik gabeko milaka liburu eskas saltzen dira, ugari. Aurtengo Durangoko Azokan, ordea, liburu on, duin eta eder bat izan da salduena. Poztekoa da, beraz. Izan ere, euskal literaturan inoiz irakurri dugun lan biribilenetakoa iruditu zaigu Sarrionandiak argitaraturiko lehen eleberria.

Hamazazpi urte beteko ditu aurten idazle iurretarrak erbestean, eta erbesteko eleberria atera zaio. Eleberri gogorra, zinez. Egileak berak “Argia” aldizkariari eskainitako elkarrizketan zehaztu zuen moduan, “autobiografikoa ez den arren, fikzioa eginda ere, pertsonaia eta egoeretan inplikatua sentitu naiz”. Hori jakiteak, noski, are gordinagoa egiten du irakurketa.

Ez gara hemen nobelaren nondik norakoak kontatzen hasiko. Arrazoi politikoengatik erbesteraturiko euskal errefuxiatuak dira nobelako protagonistak, hiru narrazio paraleloetan barrena. Frankismo garaiko Kalaportun jesuitenean interno dauden haurren gorabeherak kontatzen dira narrazio batean, Andoni Martinezen ahotik. Goio Ugarte da haur horietako bat, gaur egun Nikaraguan bizi dena, eta orain izoztu egin dena. Inor ezagutzen ez duela, hitzik gabe, oroitzapenik gabe geratu da, eta haren bila joan beharko du Maribelek, errefuxiatuen postariak. Hara hor bigarren haria. Hirugarrena, berriz, etorkizunean kokatzen da, eta narratzaile orojakile batek kontatzen digu Goiok, behin sendatuta, espedizio zientifiko batean Antarktikara egiten duen bidaia. Hotza, paisaia desolatuak, eta izozmendi ugari ageri dira hirugarren narrazio eder honetan.

Guztiak maisuki harilkatzen dira, paraleloan, irakurlea batetik bestera atseginez jauzi egitera gonbidatuz. Ederki idatzitako liburua da. Inork gutxik lortzen du euskaraz Sarriren estilo ederraren parekorik. Liburuan aurrera egin ahala, halaber, irakurlea ohartuko da testuan gozamenez jarraitzera ez duela hainbeste bultzatzen hariak, oso noizean behin uretan agertzen diren izozmendien antzera agertzen diren harribitxiek baizik: deskribapenak, egoerak, gogoetak, istorioak… Sarrionandiak orain artean ohituta gintuen mundu literario horietako hainbat eta hainbat zati aurkituko ditu irakurleak orrialdeotan barrena. Eta benetan eder irudituko zaio irakurketa.

Liburu handia da hau. Irudiz, sinboloz, esanahiz betea. Hurrengo hilabete eta urteotan kritikoek, ikertzaileek eta, zergatik ez, egileak berak argituko dituzte horietako hainbat. Baina irakurleak, besterik gabe ere, gozatu ederra hartuko du orrialde hauetan. Irakurle izatearen plazerra sentiarazten duten liburu horietakoa.

Azken kritikak

Bidean ikasia
Arantxa Urretabizkaia

Roberto Moso

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Peru Iparragirre

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Iratxe Retolaza

Pekineko kea
Beatriz Chivite Ezkieta

Hasier Rekondo

Iraganik gabe
Felipe Juaristi

Javier Rojo

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Igor Estankona

Poz aldrebesa
Juanjo Olasagarre

Aiora Sampedro

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama
Alaine Agirre

Estibalitz Ezkerra

Bidaiak
Jon Iñaki Lasa

Javier Rojo

Dramak
Abelino Barriola

Aritz Galarraga

Labur txintan
Juan Kruz Igerabide

Igor Estankona

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Javier Rojo

Gerrak ez du emakume aurpegirik
Svetlana Aleksievitx

Javier Rojo

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Peru Iparragirre

Artxiboa

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Abendua 2016

Azaroa 2016

Hedabideak