kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Scanner / Leire Bilbao / Susa, 2011

Maiakovskiren musak Igor Estankona / Argia, 2011-11-06

Titulu futurista gora-behera, ez da liburu hotza Leire Bilbaorena. Scannerra pasatzen die ohiturei eta harremanei, eta heroi izan nahi ez dutenen poesia xamurra dakar: zati bat berea da, beste bat edozeinek sentitu dituen gauzen gainekoa. Horregatik Ondarroan hasi eta unibertsaltasunera egiten du Scanner-ek, ia konturatu barik. Errealismo zikinarekin batzuetan, minimalismoaren bidetik beste batzuetan, liburuak txikitako arora garamatza, eta gero infernu helduetara, azkenik berriro eguneroko gauza txikien balorea gogorarazteko: “Gauza gutxi dira azken finean ezinbestekoak / azalaren lehen mintzean gordetako beldurra bezala / begiak zabalik edukitzea / edo salbatuko garela pentsatzea”.

Salbaziorik nahi ez baina kontsolazioa bilatzen duen literaturaren bidetik —Otamendi, Meabe, Benito…—, Leire Bilbaok familiaren korapiloak askatzen ditu lehen orrialdeetan. Oihanera itzultzen da estreinako poemetan, hitzik ez zegoen garaira, gizakirik ere ez zegoen mantisaren eta emozioen historiaurrera. Aitaren figuraren absentziaz eta amaren eskuaz hitz egiten diguten piezak gordinak eta ederrak dira: “egun batean Amak / Aita garbitu / eta atseden unerik hartu gabe / arrautza zaharra erruten / eseriko da”.

Tristura barruntatzen da Scanner-en, maitasuna dago, bizitza dario. Zentzumenen mundutik idazten du Leirek errealitatearen gainean, eta horregatik ematen du gogoetak metafisikoak direla, taxi batean edo trenari begira idatzi arren. Esanahi sakonaren bila egindako bidaia eta gauza arruntak interesgarri bihurtzeko ahalegina txalogarria da. Horretan Ezkatak (Susa, 2006) poemarioaren jarraipena iruditu zait hau. Hizkuntza poetikoa doitu egin du beharbada, baina esentzia berbera da. Bukatua dago, perfekzionatua, bere tonua: leuna da eta, era berean, egonezin arraro bat sortzen du.

Aitzakiaren bat jarri behar banio Scanner-i, esango nuke uneka galdu egiten duela nerbioa, bizitzaren alderdi ilunean guztiz sartu barik egiten dituela zenbait itzulinguru, eta poema indartsuen ondoan gatz bakoak irakurri behar izateak penatu nauela. Zuria, biguna, bustia edo Desertua edo Oinen arteko hutsunea edo Inventarium poema liburuaren alderdi makalenaren adibide dira. Trazu fin eta sinpledun zatietan gauza asko kontatzen ditu Leire Bilbaok. Sinpletasunari uko egin eta sinbolo eta konplikazioetan galtzen denean, ostera, gozo sartu bai, baina ez da ailegatzen.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak