kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Lau kantari / Juan Gorostidi / Pamiela, 2011

Kanona berriz pentsatzen Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-09-30

Aztertuko den objektuaren aukeraketa esanguratsua da. Juan Gorostidiren liburuaren berri izan nuenean, deigarria egin zitzaidan bere lanerako Beñat Axiari, Mikel Laboa, Imanol Larzabal eta Ruper Ordorika aukeratu izana. Laboa eta, beharbada, Ordorika kenduta, gainerakoak ez dira inolaz ere euskal musikako kantari kanonikoak. Imanol figura inkomodoegia da; okerragoa da Axiariren kasua, oso giro minoritarioetan baino ez baita ezaguna Hego Euskal Herrian behintzat, giro horietan erreferentzia handia bada ere. Baina euskal musikaren kanonarekin arazoak izan ditut beti, eta onartu behar dut lau izenok irakurtzeak liburua gogo onez hartzera bultzatu ninduela.

Bada irakurtzen hasi aurretik kontuan hartu beharreko beste zerbait. Liburua Lau kantari deitzen da, eta ez Lau musikari. Irakurle gehienek bezala, nik ere badut musikari buruzko ikuspegi bat, eta erosoago sentitzen naiz musikari hitzarekin kantari-rekin baino. Hitz bakoitzak gauza batean jartzen du azentua. Dena dela, ez dut liburuaren izena aipatu nire gustu terminologikoak zabaltzeko, baizik eta liburuaren irakurketa baldintzatzen duelako. Gorostidik tarte oso handia ematen die liburuan lau egileek kantatu dituzten hitzei, eta une batzuetan iruditu zait musikaren analisiaren aldean toki gehiegi hartu duela hitzen azterketak. Baina kantaria bada aztertzen ari dena, eta ez musikaria, justifikatuago ikusten dut gauzak horrela egin izana.

Liburua musikari buruzko zati teoriko batekin hasten da, batez ere Eugenio Trias eta Peter Sloterdijk filosofoen ideietan oinarritzen dena. Horren ostean, lau kantariei buruzko gogoetak azaltzen ditu, hiru zirkulutan banatu duen egitura baten bidez.

Gorostidirena orain arte euskal musikaz idatzitako libururik onena iruditzen zait. Euskal Herrian egindako musikari buruzko testurik onenak egunkari eta aldizkarietan idatzi direla uste dut, liburuek ez dutela behar besteko maila eman, salbuespen batzuk kenduta. Liburu honek iskin egiten dio orain arteko liburuetan niri behintzat gustatu ez zaidanari —biografismoa, anekdotarako joera, akritikotasuna, etab.—. Hasteko, musikaz hitz egiten du, eta ondo gainera —bistakoa dirudi musikari buruzko liburu batek musikaz jardun behar duela, baina ez da beti horrela gertatu—. Ideia interesgarriak botatzen ditu lau musikariei buruz. Pare bat aipatuko ditut. Laboari buruz Artzek behin idatzi eta geroztik behin eta berriro errepikatutako hiru kanta-moten ideia zalantzan jartzen du, baita Lekeitioak salbuespen direla dioen ustea ere, eta haren lan guztia “Lekeitioekin sortutako atmosfera barruan” entzutea proposatzen du, ondo arrazoitutako atal batean. Oso interesgarria egin zait Ruper Ordorikak euskal musikari ekarri dion berritasuna azaltzeko saioa ere. Esperimentazioaren berezitasuna azaltzea nahiko erraza izan daiteke, agerikoa baita, baina hainbeste barneratu dugun musika mota batek ekarri zuen haustura azaltzea askoz zailagoa iruditzen zait, eta horixe da Ordorikarekin egin duena. Lehenago ere esan dut hitzen azterketak leku gehiegi duela nire ustez musikaren beraren azterketaren aldean, baina diskordantzia teorikoa baino ez da, oso gustura irakurri baititut hitzei buruzko atalak ere. Horrez gainera, kritikoa da musikarien lan batzuekin; gustuko ez dituen kantak eta diskoak aipatzen ditu, eta horren zergatia azaltzen du. Desmitifikatzailea eta hunkigarria ere bada.

Liburu hau urrats bat baino ez izatea espero dut euskal musikaren narrazioaren idazketan. Maila honetan idatzitako liburu gehiago behar ditugu, baita euskal musikaren irudi kanonikoaz bestelakoa emango duten liburu gehiago ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak