kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Scanner / Leire Bilbao / Susa, 2011

Loturetan sakonduz Javier Rojo / El Correo, 2011-10-22

Scanner izenburua daraman liburu honek bigarren mugarria jartzen du Leire Bilbaok poesiaren alorrean egin duen ibilbidean, 2006an argitaratu zuen Ezkatak izenburuko haren ondorengoa. Liburu honetan agertzen diren poemak zuzenak dira, eta normalean lirikotasunarekin erlazionatzen den hizketatik urruntzen dira bertoko lerroak. Izan ere, lirikotasunaren izenpean askotan postromantizismo moduko bat ezkutatzen da, eta estiloaz behintzat, hemengo poemek ez dirudite zerikusi handirik dutenik postromantizismoarekin.

Liburu honetan argitaratzen diren poemak sei sailetan antolatuta daude, antolamendu horren oinarrian giak daudelarik. Poema batzuetan, Amaz erditu naiz deitzen den sailekoetan, agertzen zaigun gai ardatz hori amarekiko harremanean aurkitu ahal dugu. Poetak bere burua ikusten du islatuta amaren irudian, eta antzekotasunak eta desberdintasunak kontuan hartuta, bere identitateari buruzko hausnarketan aritzen da. Izan ere, bera eta ama izaki desberdinak izanik, badago hari bat biak lotzen dituena, eta lotura hori funtsezkoa da subjektu poetikoarentzat. Harantzago joan gintezke harreman honetan eta amaren eta alabaren arteko erlazioa klabe sinbolikoan uler liteke.

Beste poema batzuek gorputza dute hizpide. Alde honetatik deigarriak dira Galdera bat da gorputza saileko poemak, eta esanguratsua sail horretarako hautatu duen hitza, “galdera” alegia. Sentsazio fisikoez hitz egiten dute eta gizakiaren gorpuztasunean ezkontzea dute helburu. Batzuetan sentsualitate handiko poemak izatera heltzen dira. Eta gizakiaren gorpuztasunaz aritzean animalien irudiak agertzen zaizkigu askotan, gorpuztasun horretan gizakiaren animaliatasuna ere aurkituko balitz bezala. Leire Bilbaok bere poesia egiteko irudien iturria hurbileko munduan aurkitzen du, eguneroko gauza arruntetan bilatzen baititu sinboloaren mailara igotzen saiatzen den objektuak. Eta batzuetan objektu horien erabilera kontuan hartuta, irudien erabilerak surrealismo ukitu baten aztarnak uzten ditu: “belarra atera zaio etxeko sofari” bezalako lerroak idazten ditu Bilbaok (bide batez esanda, Tom Waits-en kantu baten oihartzunak dakartzana).

Edonola ere, liburuan nagusitzen den sentimendua, batzuetan ezkutuan besteetan agerian, arroztasuna da. Bizitza mundu ezezagun batean zehar egindako bidaia izango balitz bezala, izakiak umezurtz aurkitzen dira. Hortik amari lotzen dion haria indartu beharra.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak