kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Scanner / Leire Bilbao / Susa, 2011

Erdibidean Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-10-16

Leire Bilbaok 2006an argitaratu zuen Ezkatak aurreneko poema liburua, zeinaren lehen erdian gorputzak garrantzi nabarmena baitzuen eta bigarrenean poesia intimista batera hurbiltzen baitzen. Argitaratu berri duen Scanner honek ere badu alde bi horietatik zerbait, gorputza aurreneko liburu hartan baino gutxiago azaltzen bada ere. Badirudi idazleak ni poetiko baten eraikuntza prozesua azaldu nahi izan digula liburua osatzen duten sei ataletan.

Amaz erditu naiz deitzen da lehenengo atala. Ni poetikoaren sorrera kontatzen du lehenengo; haur txikia zeneko zenbait irudi azaltzen ditu gero, hala nola ia beti itsasoan zen aitari zion gorrotoa eta amak zuen garrantzi ikaragarria; eta ama heldua azaltzen zaigu amaieran ni poetikoaren begietatik, ni horren nolabaiteko ispilu. Atal honetan badira arrainekin lotutako irudi pare bat, errealak diruditenak, liburuko irudi metaforikoak baino indartsuagoak iruditu zaizkidanak: batean, haurrak arrainei begiak kendu eta kaniketara jolasten da haiekin; bestean, ama eta ahizparekin batera aitaren bila doala, arrain buruak ikusten ditu umeak lurrean.

Bigarren atala da laburrena, lau poema baino ez ditu, literaturaren ingurukoak; idazle eta artisten erreferentziak aipatzen dira, emakumezkoak gehienak, eta paperezko lagun horien sinbologiaren eta idazleak bizi duen mundu errealaren arteko talka ikus dezakegu orriotan. Nork bere arloan irudi indartsuak sortzen zituzten emakume horiek, eta liburu osoa irakurrita indar horren falta sumatu dudala aitortu behar dut ??”Maitale imajinarioa-k, esate baterako, badu indar hori, nire ustez??”.

Hirugarren atalean, ni poetikoaren gorputza jartzen zaigu lehen planoan: ama izateko adinean omen dagoen gorputza ageri zaigu hasieran, baina sexuarekin lotuta azaltzen da gorputza poemarik gehienetan, sexua izaten edo sexua desiratzen. Animaliak behin eta berriro ikusten ditugu poemotan: behorra, armiarma, txoria, elefanteak. Neurri batean nabarmenegia egin zait animaliak eta sexua lotu izana, baina idazleak egin du ahalegina animalia bakoitzari balio ezberdin bat emateko.

Poema hauetako batzuetan, berarekin ez dagoen pertsona bati zuzentzen zaio ahots poetikoa, elkarrekin sexua izateko proposamena egiteko edo; hurrengo atalean, urrats bat gehiago egin izan balu bezala, bakarrik da poemetako ahotsa, eta bakardadearen deskribapenak hartzen du gorputzak eta sexuak zuten lekua, eta badu hori adierazteko lerro interesgarririk, esate baterako: “Ohearen beste aldean jarriko naiz adibidez / alde batera begiratzen dudanean / ni baino falta ez nadin”. Horrez gainera, nabarmentzekoa iruditzen zait beste hau: “Leungarri, lixiba usain eta ia markarik gabeko / heriotza publiko bat gehiago da hau”, liburuak eraiki duen ni poetikoarekin guztiz bat ez datorrela iruditu zaidan arren, hainbat eta hainbat emakumeren, bereziki etxekoandreen, heriotza programatua deskribatzen baitu.

Bosgarren atalean garraiobideak ditugu poema guztietan, eta ni poetikoaren bizitzaren zenbait arlotako metafora gisa erabiltzen dira, maitasunari lotutakoak gehienak. Atal honetan irakurri ditut nik liburuko poema biribilenak, gehienak eskema berari jarraitzen badiote ere ondo ebatzi baititu. Azkeneko atalean, badirudi ni poetikoa bere orainalditik ari zaigula, eta etorkizun bati irekitzen diola atea.

Poemarik biribilenak bosgarren atalean aurkitu ditudala esan dut, eta horixe da liburuko poema askotan faltan sumatu dudana, poemen biribiltasuna. Gustura irakurri dizkiot zenbait lerro atal guztietan, baina poema asko erdibidean geratu zaizkidala iruditu zait, eta hala geratu naiz ni ere liburuarekin, erdibidean.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak