kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zakurraren poema eta beste hezurrak / Martin Etxeberria / Elkar, 2011

Galtzaileen poetika Javier Rojo / El Correo, 2011-10-08

Poema liburuetan askotan irakurlea bi gauza hauekin topatu ohi da: munduari buruzko ikusmoldea eta poesiaren gaineko hausnarketa. Aldez edo moldez hori agertzen da poema liburuetan. Agian idazleak batzuetan ez dira kontzienteak izango hori eskaintzen dutela, baina haien hitzetatik horrelako ondorioak atera ditzake irakurleak. Lehenengo osagaiari dagokionez, poemak sinpleak eta oso zehatzak badirudite ere sinbolizazioari esker poema sinple horiek existentziaren irudiak bihurtzen dira, non idazleak existentziaren aurrean duen jarrera islatzen den. Normala ematen du honek, eta poesiak sakontasun sinboliko hau berezko duela esan daiteke. Bigarrena dela eta, agian ezkutuago egongo da, baina gero eta nabarmenagoa da poema liburuetan poetika bat erabiltzeaz gain poetikaren gaineko hausnarketa ere aurkitzen dela. Martin Etxeberriak ere bi osagai horien islak aurkezten ditu bere poema liburu honetan, Zakurraren poema eta beste hezurrak izenburua dakarren idazlanean. Ia konturatu gabe bere poetikaren laburpena uzten digu liburu horretan agertzen den poema batean; Lo nago belazean du izenburua, eta laburra izanik hona transkribatzen dut osorik: “Begiekin idazten dut / haizeak irakurtzen didana”. Idazleak beste nonbait idatzita dagoen misterioaren presentzia sumatzen du, eta misterio hori poesiaren bidez adierazgarri izan dadin saiatzen da, begi-bistako irudiak erabiliz. Horixe da idazleak liburu honetan egiten duena, poesiaren bidez baizik adierazi ezin daitekeen misterio horretara hurbiltzea. Eta horrexegatik mezuak dira batzuetan hain ilunak, itxuraz poemak oso sinple eta argiak badira ere.

Eta poetikaren laburpentzat-edo har daitekeen planteamendu honekin batera, idazleak mundu-ikuskera bat ere eskaintzen du. Existentzia neurri batean absurdoa dela adierazten da, helburu zehatzik gabea. Transzendentziarik gabeko existentzia honen aurrean idazleak umezurztasun irudiak uzten ditu hor-hemenka: gauak, tabernak, bakardadea agertzen zaizkigu behin eta berriro, eta poetak galtzaile tristearen irudia eskaintzen du. Ziur aski hau irudipena da, nahiko topikoa (gogoratu Pessoaren hitzak), baina poeta galtzaile tristea sentituko ez balitz, hau da, pertsona irabazle eta alaia izango balitz, ez litzateke poesia bezalako langintza marjinal batean arituko. Izan ere, maskararen atzean dagoen errealitatea maskara bezalakoa izan baitaiteke askotan.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak