kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zer barkaturik ez / Alberto Ladron Arana / Elkar, 2011

Literatura beltza Javier Rojo / El Correo, 2011-09-17

Alberto Ladron Arana nobela beltzaren inguruetan ibiltzen da bere idazlanak egiten dituenean. Zer barkaturik ez izeneko liburu honetan ere esan daiteke literatura beltzaren generoaren zordun dela, argumentuan honelako literaturan agertu ohi diren topikoak, literatura-mota hori zehazteko eta bereizteko balio duten ohiko ezaugarriak agertzen baitzaizkigu nabarmen. Lehenengo eta behin, protagonista dugu. Pertsonaia hau tipo arrunta da, gaixorik dagoen funtzionarioa, hilketekin eta krimenekin inolako zerikusirik ez duen gizajo arrunta. Dibortziatu berria delarik depresioak jota dago, eta nahi gabe bera baino askoz handiagoa den trama batean sarturik ikusten du bere burua, bere anaia alprojaren erruagatik. Bere anaiaren desagertzea hasiko da ikertzen eta konturatuko da istorio horren atzean beste istorio baten misterioa gordeko balu bezala. Gauzak horrela, Espainiako Gerra Zibilaren osteko urteetan Nafarroako mugetan zaindari ibilitakoak, mugaren bestaldeko lurraldeak okupaturik zituzten naziak, iheslari juduak eta beste hainbat gauza korapilatuko dira istorio honetan hari desberdinetan irekitzen den argumentu konplexua sortuz, generoari dagokion moduan.

Jakina, honelako nobeletan ezin huts egin dezake femme fatale-aren presentziak, kasu honetan bere aitonaren istorio zahar baten atzetik dabilen neska ederra agertuko baita istorioaren hariak gehiago nahastuz. Eta ez dugu ahaztu behar honelako literaturan moralitatearen aldetik askotan azaltzen den zehaztugabetasuna. Ladron Arana idazle trebea da honelako istorioak idazteko, baina nobela beltzak irakurtzean askotan inpresioa geratzen zait argumentuan dirudien baino hutsune gehiago daudela. Nobelan dena berez eta ezinbestez gertatu behar dela irudikatu behar da, kasualitatearen itxurapean agertzen den idazlearen esku jainkotiarrari leku askorik utzi gabe. Baina nobela honen argumentua abiatzen hasten da protagonistak inolako logikarik ez duen gezur bat esaten diolako poliziari. Edo beste era batez esanda, gezur horrek logika edukiko luke baldin-eta pertsonaiak geroko gertakarien berri izango balu, hau da idazleak beste jakingo balu.

Sinesgarritasunaren aldetik badaezpadakoa dirudien hasierako mugimendu horri kasu handirik egiten ez bazaio eta irakurlea proposatzen zaion jolasean sartuz gero, nobela dibertigarria gertatuko zaio.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak