kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Aralar, gogoko iturri / Koldo Zubeldia / Erroteta, 2011

Hasi hasteko Ainara Maia / Gara, 2011-09-03

Zaindu ezazu zure hizkera. Hitza. Bizitza laburregia da, eta gure lurra txikiegia bera gudu-zelai bihurtzeko.

Irunen, 2011ko buruilaren 1ean. Koldo Zubeldia olerkari maitea, zer moduz zabiltza Aralar alde horretan?

Beharbada txikiegia, laburregia da olerki-liburu hau, baina sakona bere umiltasunean, soiltasunean. Olerki-liburu gisa Zaldibiatik idatzi zenidan eskutitza otsailean, eta nik erantzuten dizut buruilean.

Kandu da bihotza, eta hotz pentsakor gelditu nintzen, neguturik udaberria eta uda pasatu da. Hiztegian begiratu dut “kandu” hitza, eta lanbrotu zait bihotz eguzkitsua, itxaropentsua. Lore bakun honen kirtenetik aterako ote da fruiturik?

Ez dakit, baina maite dut. Nire bihotza maitasunez beterik dago, eta oraindik ere, ahul bada ere, ematen segituko du. Ez dakit uda hotz eta bakarti hau nire errua izan den osoki, baina bihotzeko lagunak beti eramaten zaituztet bihotzean, gau eta egun, baita maitemindu ninduen hura ere duela ia sei urte. Uda hotz honetatik udazken epela dut amets, eta lagun minaren besarkada bilatzen dut.

Zur eta lur irakurri ditut olerkiok, harriturik, ezin baita poesiarik ulertu buruarekin, batez ere bihotzetik jalkitako hitz xume bezain jatorrak direnean. Harriturik nola hitz gutxirekin horrenbeste esan daitekeen.

Sor eta gor, zein naizen ni galdegin dizut zeure buruari, eta zu beti sufrimenduari atxikirik harriaren zama bihotzetik dilindan, oroitzapenek bulkatzen naute eta ametsek tiratzen gaur eta hemen ni.

O Zaldibi olerkariaren hizkuntzaren harrobi, o sufrimendu, o sormen, bihotz atsekabeak sorminean du bilatzen besarkada amultsu hori, eta soin izugarri horrek euria jasaten du. Kopeta izerdiz bustia, olerkaria malkoen mikaztasunean ongi sentitzen da, itsasoko uhinetan zain baitago. Ni ere zain nago itsasoari begira. Noizko? Zergatik?

Norberaren bidea eta egia bilatzeko irakurri ote dut zure eskutitzezko olerki-liburua?

Zutoin sendoa naizela diostazu, ez egoteko lo, begiratzeko niri so. Egizak on eta begiratu non, eta bila bonbilla pila borobila. Ez dago aditz askorik olerkiotan, soilik hitzak, hitz jolasak eta herriak, sentitutako toki-izenak. Idaztea jolas hutsa baita, eta liburuak lau edo hamalau izanagatik ere, nik ere ez nahi eguna bihurtzerik gau. Idaztea jolasa dugu, baita babesa eta lanabesa ere.

Aralarreko belardiak ihintzaz blaituak dira, goizez oskarbi naizena, gauez naiz euri. Herri-jakintza zabala biltzen duzu, olerkari, zure baitan, xume. Mendian ibiltzen dira batzuek, beste batzuek mendian bizi diren bitartean.

Maite zaitut nik ere, olerkari maite, maite dut Oiartzungo txistu isila, maite dut Lartzabalgo bihotzeko laguna, maite Gorramendiko artzaina, maite dut Donamariako dama, Amaiurko sorgina, maite dut Alpeetako Leidia eta Irungo Madame-andrea… maite dut ama, eta maite zaituztet guztiok, ene bihotzean zaudeten guztiok, ene gogoko iturri zaren hori, fisikoki ikusi ez arren, gau eta egun eramaten baitzaituztet nirekin.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak