kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Biodiskografiak / Iban Zaldua / Erein, 2011

Musikarekin batera Iban Balerdi / Gara, 2011-07-30

Alde batetik, ipuin guztiak, hogeita hemeretzi orotara, musikari edo musika talderen baten inguruan josiak daude. Hurrenkera kronologikoan bakoitzaren disko bat aukeratu du, 1966ko The Beatles-en Revolveretik, 2008ko Paul Weller-en 22 Dreams-eraino. Gehienak musika anglosaxoiari (Itoiz euskalduna eta Los Planetas granadarra izan ezik) eta pop-rock estiloari lotutakoak dira. Diskoa bera edo bertako abestiren bat aitzakia moduan hartuta osatu ditu Zalduak honako kontakizunak. Argitu behar da, hala ere, aurrez Nabarra aldizkarian ere argitaratuak izan direla.

Bestetik, formatu aldetik ere nahikoa berezi eta freskoa da. CD baten kaxaren itxura du eta badirudi irakurgaiarekin batera, alde bietan ipuinetako kanten bilduma egon daitekeela (tamalez ez dago horrelakorik). Autoreak azaltzen dituen kasete garaietan egiten zirenen modukoak. Aipagarria da, halaber, kontakizun bakoitzaren ezkerraldeko orrialdean aukeratutako diskoaren azala koloretan agertzen dela. Estilo zaindua eta ondo hautatua.

Istorioei dagokienez, autoreak esana da fikzio, autofikzio eta errealitatearen artean dantzan dabiltzanak direla. Hauetan bere ohiko gai eta estiloak baliatzen ditu, obsesioen perbertsioa, lehenago edo beranduago azaleratzen den itxurakeria, errepikatzen diren istorioak… egiazko eta ezinezkoaren bitarteko mugak zeharkatuz, betiko ironia finaz. Hala ere, musika tartean egonik, bestelako gaiak ere aurki daitezke. Nork ez du abesti edo talde konkretu bat momentu, pertsona, bidaia edo egoera batekin lotzen? Nori ez dio doinu batek pentsakizun triste edo alairen bat gogorarazten? Gainera, musikarekin, pop-rock estiloarekin bederen, erlazionatzen den drogen kontsumoa ere erabili du idazleak istorio hauek osatzerakoan.

Lehen ikusi bezala, hamarkada desberdinetako musikari eta taldeak hautatu ditu, pop, rock sinfoniko, psikodelia, new wave eta beste zenbait estilo jorratu zituztenak. Alde horretatik, musikaren gainean gehiago ikasteko oso baliagarria izan daiteke, baita aipatutako autore eta diskoetatik abiatuta gehiago ezagutzeko ere.

Laburbilduz, oso liburu gomendagarria irizten diot Iban Zalduaren ipuingintza maite duenarentzat, pop-rock anglosaxoia gustuko duenarentzat edo liburu desberdin bat eskuratu nahi duenarentzat. Istoriotxoak oso azkar irakurtzen dira, baina behin baino gehiagotan irakur daitezke, detaile berriren bat azalduko baita, autorearen jolas txikiren bat esaterako. Aipatzekoak dira, bukatzeko, beste bi musikazaleren kolaborazioak, Fermin Etxegoienen hitzaurrea eta Mikel Hernandez-Abaituaren hitz-atzea, liburuari hasiera eta amaiera emateko.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak