kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Desterratuen piztiarioa / Asier Serrano / Alberdania, 2011

Piztiak gure baitan Igor Estankona / Deia, 2011-07-23

Irun Hiriko Kutxa Literatur Sarien epaimahaikide Iñaki Aldekoa, Jon Kortazar, Lourdes Otaegi, Carlos Otegi eta Patri Urkizuri Desterratuen piztiarioa galtzaile eleganteen liburua iruditu zaie, eta saritu egin dute ikuspuntu hori, bizitzari begiratzeko modu poetiko jakin bat: “Gizarteak galtzailetzat hartzen dituenei eginiko begirada bat dago idazlan honetan. Bakardadearen eta izuaren mamu-piztei, bihotzaren nahigabe gordinei ematen zaie hitza lerro hauetan, errealitate aldakor, ziurgabe eta nolabait mehatxagarriari buruz mintza daitezen. Estilo barietate horren bidez, sentimendu unibertsal batzuk agerian utzi ditu, bortitz eta zuzen, hein berean”.

Bat nator epaiarekin. Hiri gorritik (Elkar 2010) itzelaren jarraipena, Desterratuen piztiarioak haren ezaugarri batzuk ditu, haren hondarrekin egina dirudi, nahiz eta ez izan hain landua. Inoiz esan izan dugu mugimenduan den poesia korronte erromantiko eta arean hermetiko baten ordezkari dela Serrano: esentzien jagole, zinismo eta apaltasunaren nahaste perfektu baten adibide, adierazi beharrekoa edertasun jasanezinez adierazten dakien esteta. Bada, fuerte dabil esteta hori, eta ahapaldi sano indartsuekin jarraitzen du: “Bizitza madarikazioka hartzen duzuen horiek, / ez al dakizue haur jaioberri bat ari dela / izu negarretan / zuen madarikazioak madarikatzen?”. Epikaren eta laztanaren arteko poesia itxuraz gogor batekin, amodio ilunaren betiko deskripzioekin eta tonu iluneko piztiekin (ardi beltzak, kaioak, gizon-emakumeak, uhandreak…) giro urbanotik urrundu da pixka bat idazlea. Bada hiri gorri bat (Elkar, 1997), Picassoren zaldia (Elkar, 2007) eta aipatu dugun Hiri gorritik (Elkar, 2010) erdigunetik periferiara egindako bidaia dela esan daiteke, hiriaren kanpoaldera garamatzala, eta bertan natura hasten dela agertzen, zikin, baina eder.Uste dut baserriko larreak (81. orrialdea) eta zeru bat “oro hodei zuri” (51. orrialdea) lehenengoz dakartzala irakurlearen begietara.

Liburuaren oinarrian dagoen kanpoalde/barnealde dikotomia hau Sarietako epaimahaikideek eurek ere nabarmendu dute. Lourdes Otaegik denen izenean dioen legez, Serranoren poesia hedatu egin da, hiritik atera: “Piztiak ugariak eta askotarikoak diren bezala, poemen erregistro aberastasuna zabaltzen da, gizarteko desterratuen poemak sakonak eta filosofikoak dira edo, bestela, jolasgarriak, onirikoak, fantastikoak edota inauterikoak izan daitezke. Sakoneko hausnarketak biltzen du ahots horien ugaritasuna, etorkizunaren aurreko kezka, zalantza eta izuaren lorratza aditzera emateko”.

Piztiarioetan animalia bakoitzak bere funtzioa badauka, sinboloz beteriko liburu zaharretan nola, honetan ere asmatutako piztiak dira poetari lagun egiten diotenak, eta sentimenduen nahaste naturala irudikatzen dutenak: izatearen zama, tristezia, bakardadea, maitasuna, bizipoza… denak aurkituko ditu irakurleak hemen, eta posible da harritu barik ikustea ilargia eguzkia erditzen eta, profeziekin konparatuz, otsoa eta artxoa bata bestearen ondoan, eta artza eta behia batera bazkatzen, eta ume bat sugegorriaren zuloan jolasean. Aurreko liburuen aldean apur bat inprobisatuagoa da, ez da hain borobila, baina Asier Serranoren kontraesanak eta luma paregabea maite dituen kritikariaren iritzi subjektiboa baino ez da hau, eibartarraren jarraitzaile amorratu baten ustea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak