kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Igelak benetan hiltzen dira / Iñaki Irasizabal / Elkar, 2011

Errudunaren atzetik Iban Balerdi / Gara, 2011-07-02

Istorioa hamabi urteko Aroa neskatoaren desagerpenarekin hasten da. Gertaera lazgarria da bai familiarentzat bai herri osoarentzat. Ezer gertatzen ez den inguruneko egunerokotasuna aztoratuko du denbora batez, baina pistarik ezean, pixkanaka ahantzi egingo da guztia eta bizitza arruntak aurrera egingo du. Dena den, eragindako zauri eta oinazeak ez dira berez joango, are gutxiago gertukoenen kasuan. Honela, neskatoaren aitak ahalegin guztiak egingo ditu ikerketa bertan behera gera ez dadin. Ahalegin hauek, ordea, aurreikusi ezin diren ondorioak izango dituzte.

Hedabideetan oihartzun handia izaten duten egoerak agertzen dira, baina, era berean, gurea bezalako gizarteetan aurretik juzgatzeko edota norbanako konkretuak seinalatzeko aproposak ere badirenak. Gainera, gure kostaldeko herri batean kokatzen da kontakizuna, eta desagertzearen erruduna bertakoa dela ziurtzat jotzen da. Esamesak, begirada maltzurrak, mesfidantzak eta antzekoak ikus ditzakegu, hortaz. Bestetik, Aroaren ingurukoek dituzten erreakzio desberdinak daude. Ama, aita eta ahizpa modu desberdinean saiatuko dira aurrera egiten, batentzat ona dena, besteentzat kaltegarria izan daitekeela konturatu arren. Esan daiteke autoreak gizartearen azterketa egokia eta sinesgarria egin du, gertaerak muturrera eramaten baditu ere. Hala ere, bazuen agian nobela apur bat luzatzea eta aspektu horietan gehiago sakontzea.

Kontatzeko moduari dagokionez, idazleak kronika gisa helarazten digu informazioa. Horretarako, herri berean bizi den baina gertatutakoei bazterretik behatzen dien narratzailea hautatu du. Kasu honetan badu honek arrisku bat, lehenengo pertsonan bizi ez izanda hainbeste detaile jakitea posible ote den zalantza sortzen baitu. Baina baita autoreak ederki aprobetxatzen duen beste alderdi bat ere. Izan ere, gizartearen azterketaren bidetik, narratzailearen eta bere bikotearen sentsazioak interesgarriak dira, zuzenean ukitzen ez dituzten gertakariek euren bizimoduan ere baduelako eragina.

Aipagarria da, halaber, nobelaren erritmoa. Pelikula batean bezala eszena laburren alde egin du Irasizabalek eta honek arintasuna ematen dio irakurketari. Aspertzeko denborarik gabe, egoera batetik bestera eta pertsonaiatik pertsonaiara garamatza, beti ere tentsioa eta jakin-mina mantentzen ahaleginduz. Gainera, ekintzak ugarituz doaz amaiera aldera hurbildu ahala. Horren ondorioz, aukeratutako bukaerak irakurleren bat hotz samar utz dezake. Horixe litzateke giza azterketarako azken eszena.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak