kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Hariaz beste / Aritz Gorrotxategi / Alberdania, 2011

Hari filosofala Igor Estankona / Deia, 2011-05-28

Harriari tiraka, hari filosofala aurkitzeko ahaleginean kausitu dugu Aritz Gorrotxategi Hariaz beste aski metafisiko honetan. Taxi bat Hamletentzat (Hiria, 2002) eta Zaldi hustuak (Erein, 2007) poemategien egilea bere ezaugarri behinenekin itzuli da poesiaren lurralde ezezagunera, ezagunagoa zaiguna zenbait erreferentzia errepikatzen direlako: klasizismoari egindako keinuak, unibertsala izateko aspirazioa eta metafora hain handiak, non alegoriak diruditen.

Klasizismoaren begi bistakoa da. Ajax eta igarlea poeman hezurmamitzen dira Ajax bera, Filoktetes, Odiseo, Neptolemo, Herakles… eta erakusten digute nondik gatozen, gure hariak zeintzuk diren, mitoak nola egin gaituen mendebaldarroi. Istorio horien ostean —hirugarren zatian— liburuak haiku edo pieza hiper-laburren lurralde labainkorrera egiten sartu-irten bat, emaitza bikaina eta detaile gogoangarriak utziz: “Eskua hitzaren ildaxkan, irailari begira, mahatsa mahatsondoan larri”. Zati hori sentimendu hutsa, eta beraz salbuespena den Ez zaude bakarrik itzelarekin bukatzen da. Gero Hariaz bestek leun jarraitzen du poema/narrazio luzeekin, amaierara iristeko. Amaiera horrek, gainera, hasiera zaporea du. Bidaia, beraz, Itakara izan da.

Metaforetan metaforena, liburu honetan gehien erabiltzen dena, dudarik gabe harria da. Harri gogorra, harri biguna, izotzezko mendia, harribila. Liburua era berean hari eta harri diren horiekin hasten da, norbere burua aurkitzeko erabiltzen diren erreferentziekin: “Harria da besteek utzitako mundua: guk ere utziko ditugu gureak basoan ez galtzeko, harribilak, ipuinetan bezala”. Argonauten antzera, Gorrotxategi egiaren xerka doa, apaltasunez: “Ulertzea, besterik ez. Horretarako sortuak. Ulertzea, lanbide. Inori minik eman gabe. Eskua zabaldu… Garen kontzientzia-ibaiari itsasoratzen utzi, pixkana”.

Izpirituaren etengabeko hobetze eta ulertze horretan berriro kausitu dut Zaldi hustuak liburuko sentipen berbera, hitzen lasaitasuna eta irakurtzearen plazera. Irudien inflazioa barik, poesiaren bertutea lantzen duen idazlea begitandu zait beti Grosekoa. Egunkari honetako orrialdeetan Zaldi hustuaken gainean idatzi nuena ezer ukitu barik ekar daiteke oraingoan ere gogora: “sufrimenduaz diharduenean pairamenezko arrandiarik gabe ari da, eta jendeaz ari denean xamurtasuna nahiago du erabili laztasuna baino. Idazteko era orekatu hori plazer iturri da, abesti leun bat izan daitekeen antzera. Ez da idazteko modu bakarra, noski, baina (…) eragina apurka-apurka igartzen da horregatik. Orrialdeak dastatu ahala. Tentuz landutakoaren xarma dauka, eta ondo landutakoak ematen du berez atera dela idazlearen lumaren estreinako ahaleginetik”. Agian, oraingoan, sufrimendu eta pairamen eta xamurtasun gutxiago dago, gehiago zuzendu duelarik idazleak luma gogoetara, berdetuz eta berrituz aspaldiko gizakiaren kezkak. Horren adibide garbia eta laburpen ona da hasierako Borgesen zita, egokiri ekarria: “Inoiz ez dugu haria aurkituko; behar bada aurkitu bai, baina fede-zurrean, kadentzia batean, ametsean, filosofia deritzoten berbetan, edo zorion soil eta garbian, galdu egiten dugu”. Hari horien bila dabil idazlea, existitzen ote diren jakin barik.

Hasierako puntura iritsirik liburuaren amaieran, aho-zapore gozo batekin bukatu dut irakurketa. Juan Ramon Makusoren hitzak (Diario Vasco, 2011-05-06) egingo ditut neure, laburpen moduan: ez zara damutuko, irakurle, liburu honekin.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak