kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Itsasoko izaki / Amaia Lasa / Maiatz, 2010

Libertaterako borrokan Beñat Sarasola / Berria, 2011-05-22

Aurreko udazkeneko liburuetatik Amaia Lasaren poema liburu berria, Itsasoko izaki, igaro zitzaigun oharkabean, eta kontuaren garrantzia aintzat harturik, orain helduko diogu, apur bat berandu bada ere, Jose Luis Padronen hitzaurrearekin zein Lurdes Muñozen marrazkiekin datorkigun liburuari.

Lasa 1971n irten zen euskal letren plazara, bere anaia Mikel Lasarekin batera argitaratutako Poema bilduma hartan. Liburu hura, oro har, eta Lasa beraren ekarpena, funtsezkoa izan da euskal poesiaren bilakabidean. Ia estreinakoz agertu zitzaigun emakume baten ni poetikoa konplexurik gabe, indar betez, besteak beste bere poema sonatuenak aditzera ematen digun gisara: “a e i o u berri bat esan nahiko nuke”. Ordutik oso tarteka argitaratu izan du getariarrak. 1977an eta 1979an plazaratutako poesia liburu bana, Hitz nahastuak eta Nere paradisuetan hurrenez hurren, eta bere obra poetiko guztiaren bilduma den Geroaren aurpegia 2001ean. Esan dezakegu, beraz, hogeita hamar urte pasatu ditugula Lasaren ekarpen berririk jaso gabe. Haatik, idazlearen jarraitzaileak neurri batean baizik ez ditu asetuko liburuak, poema berriez aparte zahar batzuk ere osatzen baitute Itsasoko izaki.

Liburu berriak Lasaren poesia moldean sakontzen du, ez du errotiko aldaketarik proposatzen. Esate baterako, izenburutik bertatik ikus dezakegu itsas-iruditeria hori, bere ibilbidean errepikaria dena: arrainak, olatuak, hondarra, haizea, kaioak eta abar. Liburuari izena ematen dion poema ederrak berak ni-aren eta itsasoaren besarkatze bat irudikatzen du: “Bada kosmos oparoan / itsasoa / lurra eta ni / besarkatzen garen / une bat (…) itsasoko izaki izanik / ni”. Lasaren poesia aski neurtua da, hitz bakoitza artez eta tentuz hautatua izan dela ematen du, baina aldi berean, badauka halako bortiztasun gordin bat. Erantzun isilaraziak edo Amildegiaren dantza poema zaharrak (bilduma honetan ageri ez direnak) horren adibide garbiak dira, baina bada, halaber, poema berriotan etsenplu gehiagorik: “Arimaren amildegi sakonetan / iraindua / bortxatua / zanpatua / gorrotatua / garaitua naizela / sentitzen dudanean” (Nire unibertsoa). Aitzitik, bortiztasun hori ez da, Lasaren garaikideak diren beste zenbait poetaren kontrara, halako etsipen eta desosegu nihilista batean amiltzen; askatasuna erdiesteko bidea dugu, munduaren kontra borrokan baino lor ezin daitekeen libertatea lortzeko bidea. Liburuaren lehenengo poemak —Jaungoiko guztiak ukatzen dituen—, Poema bilduma hartan argitaratu zena eta Lasaren emaitza onenetakoa dena, horixe bera ematen digu aditzera. Askatasuna, bada, gatazkaren erdian azaltzen zaigu beti Lasaren poesian, ez da bere kabuz datorren zerbait, eta poema berrietan ere gisa honetan zaigu azaltzen: “Naizena izan nadin / behar zaitudala jakin dut, / izarren distira kementsuak / berriro / nire barneko grina ahaltsuak / ernatu dituzten unean.” (LIBERTATEA, neuria).

Nolanahi den, poema berriek badakartzate elementu berriak ere. Nabarmenena, niretzat, halako ukitu exotikoen agerpena, bere ibilbidean orain arte ageri ez zena. Harlem, Nikaragua, Tropikoa… erreferentzia berriak dira orain arte testuinguru oso kantauriarra zuen Lasaren poesian. Akaso etorkizunerako bide berriak iradokitzen dizkigute erreferentzia berri hauek, nahiz eta, sakonean, arestian esan bezala, poesia ildo berean jarraitzen duen. Ez dugu urtero izaten Lasaren tamainako poeta baten sorkuntza berriak irakurtzeko aukera, eta, honenbestez, pena litzateke liburu hau berehala jaramonik egin gabe igarotzea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak