kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Itsasoko izaki / Amaia Lasa / Maiatz, 2010

Gatzaren zaporea Igor Estankona / Argia, 2011-05-15

Leun eta babesturik sartzen da bat altzo formako liburu gozo honetara, kontuak entzutera. Lurdes Muñozen marrazki borobilduek apaindua, Jose Luis Padronek labur eta ondo hitzaurretua, Kattin eta Mikel seme alabei eta “nire anaiei ere” dedikatua, Itsasoko izaki aspaldiko liburu baten fruitu berria dela ematen du. Aurrez argitaratutako poemak ere badaude bertan, eten ez den kate horren adibide, baina era berean Amaia Lasak zer edo zer berria kausitu duela dio: “zu zeunden / hondoan / bakar bakarrik / behargorri / biluzik / negarrez / maitasun eske / edozein emakume bezala”.

Denborak astiro ondua (Zoriaren hegadak, 65. orrialdea), apur bat atzokotua eta sano orekatua da Itsasoko izaki. Bizitzari buruz bozkarioz hitz egiten duen liburu bitalista horietakoa da, eta era berean pausatua. Lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna agertzen dira plano berean. Hirurak batzen diren puntuan, gainera, Amaia Lasaren paradisu paganoa dago: “Bada kosmo oparoan / itsasoa / lurra eta ni / besarkatzen garen / une bat” (69. orrialdea).

Emakume ezpain gorri freskoekin eta talaiako ikuspegi zabalarekin idazten du getariarrak. Igartzen da edertasunarekin batera esperientzia eta jakituria, denak biltzen diren bizitzako arotik idazten digula Amaia Lasa lasaiago batek, nire belaunaldikook ezagutu ez genuen beste Amaia Lasa haren jarraipen eta ukapen, Geroaren aurpegia (EHU, 2000) lanaren ildotik aurrera doanak.

Politikaz eta heriotzaz dihardu, maitasunaz eta bakardadeaz, norberarena eta kolektiboa bereiztu barik, emakumea eta mundua bereiztu barik. Biografia eta historia askotan nahasten dira Itsasoko izaki honetan —“aingura astun baten / burnizko hariak hautsiz / ozeano urdinaren ur sakonetan / emeki-emeki murgildurik…”—.

Liburuaren gatz zaporeak lurrarekin eta ugalkortasunarekin identifikatzen den emakume-ahotsa urarekin nahasten du. Amaia Lasaren itsasoa, finean, liburu honetako pertsonaia nagusia da, ez soilik markoa. Itsasoa da askatasuna eta lasaitasuna, itsasoa da abentura. Itsasoa da, edozelan ere, gure gainetik dagoen zerbait, denok itzuliko garen sabela: “Zaldi urdinen zurda zuri gainean / arrazoi hutsaren bide hotzetan / galdurik / olatu handietako aparretan / leherturik / arrazoi ezaren / lurraldeetan murgiltzen”.

Itsasoaren maila irudimenaren maila da liburu honetan: gero eta sakonago, gero eta inkontziente eta askeagoak dira Lasaren konposizioak, itsasgora eta itsasbeheren pentzura dabiltzanak, apur bat urrunago iristearen pozean beti.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak