kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Spray / Paddy Rekalde / Susa, 2011

Erresistentziaren epika Javier Rojo / El Correo, 2011-04-30

Paddy Rekalderen poesiaren oinarriak sinple bezain gardenak dira, inolako ahaleginik egin gabe identifika daitezkeenak. Euskal idazlearen literatur bideak Bukowskiren planteamenduaren gainean eraikitzen dira. Gauzak honela, Rekalderen literaturan errealismo zikina deitu izan den horren osagaien birformulazioa agertzen zaigula ikus dezakegu. Eta estetika berezi horren adibide hautatutzat har dezakegu Spray izenburua daraman liburu hau. Marjinatuen mundua azaltzen zaigu, non inora ez doazen izaki galduak agertzen zaizkigun, mozkortiak, prostitutak… Ematen du modernitatearen adibidetzat har daitekeen hiriaren bazterretan geratutako pertsonaiak direla nagusi haren poesian. Hiria erasokorra da, bertan irabazleak baino ez daude eroso, eta galtzaileen galeria aurkezten zaigularik, hiria hondatutako esparrua izango balitz bezala aurkezten zaigu, hondakinez betea, desegiteko zorian. Baina planteamendu estetiko hauek erabilita, Paddy Rekaldek beste osagai bat gaineratzen dio bere poesiari. Izan ere, mundu hori ideologizatuta agertzen zaigu. Ez da munduaren aurreko jarrera lausoren bat adierazteko erabiltzen, baizik-eta modernitateak errepresentatzen duenaren aurreko kontraeraso moduko bat azaltzeko, zeren poesia batere gustuko ez duen errealitate bati aurre egiten dion amorrua bideratzeko prozedura bihurtuta agertzen baitzaigu liburu honetan. Lirikotasuna alde batera uzten da, eta poesiaren indar politikoa azpimarratuta agertzen zaigu behin eta berriro, poesia etorkizunez beteriko arma delako hura behin baino gehiagotan gogoratuta.

Bide horretatik abiatuta, oroimenaren bideetan sartzen denean, idazleak Espainiako Gerra Zibilarekin egiten du topo, hainbeste aldiz non gai errekurrentea dela ematen baitu. Baina gerra hura ez da behin jazotako gertakari historikoa, behin eta berriro gertatzen den beste gerra baten (boteretsuen eta menperatuen arteko gerraren) adibide bat baizik. Erresistentziaren epika bat eraikitzen da honela, ia-ia epika iraultzailea, modernitatean agertzen zaizkigun kontraesanak azpimarratzeko asmoarekin altxatzen dena. Eta borroka-epika honetan sistemaren kontra dauden guztiak kausa berean lotuta agertzen dira.

Edonola ere, ematen du idazleak ez duela kontuan hartu gure artean sistema bikoiztuta daukagula, eta askotan sistemaren aurka egoteak gehiegi zehazten ez den beste sistema baten alde jartzea esan nahi duela.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak