kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sakoneta / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2011

Sakoneko stablishment-ari barre Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-05-08

Izkiriatzaile honen ohiko irakurleen tribu txikiak badaki gustukoak ditudala idazkera fragmentarioko liburuak. Zatika idatziak, baina liburu bat, osotasun bat, gauzatzen dutenak. Jasanezina suertatzen zait, aldiz, liburu gisa planteatu dena zatika ikusi beharra, dela webgune batean, dela paperezko euskarri batean. Gustu pertsonaleko kontuak, inondik ere, irakurleak barkatuko dizkidanak. Baina gaurko Sakoneta eleberriaren ildotik dator agian lekuz kanpoko aitorpen hau. Aukera izan genuen, izan ere, ataltxoka irakurtzeko nobela hau egilearen blogean; baina aitortu nahi dut ezgauza sentitu nintzela ni zatiz zati leitzen jarraitzeko. Hiruzpalau ataltxo irakurri eta utzi nion. Gero, ordea, obra osoa ikusi, eta orduan bai, oso gustura murgildu naiz Xabier Mendiguren Elizegiren nobela labur honetan.

Narratzaile errealistatzat jo behar dugu, oro har, egile hau. Berari entzun nion iaz, bertze liburu baten aurkezpen batean, irakurle batek leporatu ziola errealismo sozialeko kide anakronikoa-edo izatea. Eta Xabierrek, zintzo eta ez auto-ironiarik gabe, erran zuen: “Izanen naiz, ba”. Pentsa daiteke, bai, horrelakoa dela. Baina Sobietar Batasuneko eskola ofizial hark, bai eta mendebaldeko literaturan haren jarraitzaileek ere, fede iraultzaile batekin, mundua langileena egiten lagundu behar zutelako fedearekin eta tesi iraultzaile baten alde erabaki zuten hura zela etorkizuneko literatura onargarri bakarra. Garai berrietan gaude gaur, eta ezin erran narraziogintza errealista, errealista izateagatik, errealismo sozialekoa denik, bertzerik gabe. Segurik, anakronikoak direnak bategite sinple hori gauzatzen dutenak ditugu. Izan ere, nobela hau, eleberri kritiko, errealitate baten salataria dugu. Baina ez iraultzaile sensu stricto, ez tesi baten eraikitzaile. Mundu esperpentiko erreal bati egiten dio barre, eta nola!

“Euskadi sakona aipatzen didan hurrengoari, ostia pare bat!”, dio Anttonek, nobelako pertsonaia nagusietako batek, kazetaria berau, jaioterri duen Gipuzkoa sakoneko paraje batera bidalia, gertakari bati etekin informatiborik onena lortuko diolakoan. Hain zuzen ere, Sakoneta baserriko biztanle bakarra, ETAkide ohia, bertatik aterarazteko Ertzaintzaren operatibo baten inguruan harilkatzen da narrazioa, AHTaren proiektuak agindu duen desjabetzeari uko egiten diolako preso ohiak. Horren inguruan, parafernalia tipiko osoa: ETAkide ohiaren erresistentzia, jakina, terrorista baizik ezin daiteke izan stablishment-eko iritzigile, politikari eta eragile guztientzat; erresistentzia bera ikur gisa baizik ezin daiteke uler ekologista militante sutsu eta gazte idealista menturazale anitzen aldetik; tartean, horrela da bizitza, ustezko maitemintze nerabeak, ligatzeko nahi lainoak…; europar kazetari pare baten presentzia, Poliziaren operatiboaren efikazia guztiz inefiziente egin dezakeena… Saltsa ederra, umore zorrotz eta esperpentikoz loditzeko eta izpiritu kritikoko edozein irakurleri on egiteko egokia.

“Patetiko” hitzaren inguruan ardaztu du euskal kazetari ospetsu batek bere blogean eleberri honi eginiko komentario bat. “Patetiko” gisa nahiago du kalifikatu, “sarkastiko” baino, bertze komentariogile batzuek egin dutenaren aurrean. Jakina dela sarkastikoa, esperpentikoa ere izateraino, baita patetikoa ere aldi berean: baina patetikoa da, ez errealitate esperpentikoa islatzen saiatzen den narrazioa, baizik eta errealitatea bera, sakoneko edozein ez-lekutan irudika dezakeguna, eta, kasu honetan bezala, obra literario guztiz irakurgarri bat sor dezakeena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak