kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Garabi suizidaren amodioak / Jeremias Erro / Pamiela, 2011

Txinpartak eta ahuldadeak Beñat Sarasola / Berria, 2011-05-08

Bere estreinako argitalpenean, nobela aski berezia eskaini digu Jeremias Errok (Markelain, 1964), azal hegalean irakurri dugunez, Juantxo Urdiroz ponteko izenez. Hainbat komunikabideetarako (Euskaldunon Egunkaria, Egin…) idatzi izan badu ere, hauxe baita, esan bezala, bere lehenengo liburua. Eta nobela ezohiko bat eskaini digu idazkera, istorio zein egituraz, eta neurri horretan, aintzat hartzekoa.

Jon Konda protagonistari Iruñeko Gazteluko plazako garabi batean dagoen suizida bat haren asmo okerraz konbentzitzeko ardura ematen diote. Abiapuntua Quim Monzoren Quan la dona obre la porta ipuinaren oso antzekoa da. Monzorenean teilatutik bere burua botatzera doan emakumea dugu protagonista, eta, kasualitatez, gertu dagoen gizonaren egitekoa da emakumea geldiaraztea. Bi kasuetan pertsonaia parearen arteko elkarrizketa absurdu eta komikoak dira narrazioen oinarri. Garabi suizidaren amodioak-en suizidak jolas literario bat proposatzen dio Kondari lehenik, eta honek, denbora irabazi nahian, kontua luzatzen ahalegintzen da hainbat ipuin kontatuz. Ipuin eta istorio horiek hartzen dute, egiazki, liburuaren zatirik handiena, eta bi pertsonaion artekoa testu ezberdin horiek guztiak lotzeko hezurdura da azken batean. Izan ere, aurretik idatziak zituen zenbait ipuin nobela osatzeko erabili ditu eta, neurri horretan, Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren egitura gogora ekar lezake nolabait, nahiz eta emaitza harengandik urrun geratzen den.

Liburua amaiturik, istorio ezberdinen txertatze hau guztiz ongi egokitzen ez delako irudipena geratu zait. Nobela halako sakabanatze narratibo batean galtzen dela batzuetan, zatien arteko lotura eta liburu guztiaren osotasuna taxuz ehundu gabe geratzen dela. Irakurlea hainbatetan galdurik sentitu daiteke testua irakurri bitartean, eta noraez hori nobelaren beraren ahuldadeek eragiten dutela, proposamen literario kontziente eta konplexu batek bainoago.

Dena den, ahuldadeak ahuldade, Erroren idazkeraren bizitasun nahiz grazia azpimarratu beharra dago. Umorea, satira eta ironia gure artean gutxik bezain ongi menderatzen ditu, gizarte eta moral zuzena zirikatuz betiere. Nobelaren lehenengo orrialdeak, esaterako, bikainak iruditu zaizkit, eta baita Eneko Sagastibeltzaren istorioa ere. Azken horren pasarte batekoa dugu honakoa:

“Munduan badago maitatzeko tenore bat, badago gorrotatzeko beste bat, eta gero hirugarren tenore berezi bat, edadeko emakumeak txokolategi batean biltzeko tenorea.

“Zer moduz hire semea?

“Gaizki, nire senarra zena baino tuntunagoa da eta”.

Bereziki burla egiten du artista eta poetaren ideia erromantiko ohikoaz, eta harekin loturik joan ohi diren ideiez (jenialtasuna, inspirazioa eta abar). Neurri batean literaturaren beraren parodia ere bada liburua, eta erreferentzia literario zein kulturalak errepikakorrak dira. Zolitasun horretan Itxaro Bordaren —kontu horietan, ziur aski, gure arteko idazle behinenaren— lan batzuen tonura iristen da zenbaitetan, eta horregatik pena da liburu guztian ez hedatzea orrialde horietan lortzen den maila.

Estreinaldi itxaropentsua izan da Errorena, idazkera indartsu eta berezia duen idazlea dela frogatu duelako; ez dena, ezagun denez, gutxiesteko moduko kontua. Alabaina, zenbait orrialdetako maila altua ez da gai izan nobela guztira zabaltzeko, eta hala, nobelak, azkenerako, halako sentipen gazi-gozo bat utzi dit. Aparteko txinpartak dituen emaitza irregularra, beraz. Espero dezagun etorkizunean zertzelada horiek emaitza osoago bat emateko gai izatea.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak