kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Azken tranbiaren itzala / Jose Inazio Basterretxea / Elkar, 2011

Mandioko itzalak Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-04-10

Arkitektura landua, eleberri honena. Funtzionala, erran nezakeen, ongi hausnarturiko bi funtzio betetzeari begira eraikita dagoen aldetik, ene ustez. Batetik, zein den gaia kontuan harturik, oreka zail eta fin bat mantendu nahi du, historia familiar batek planteatzen duen hurbiltasun emozionalaren eta narrazioari eman gura izan dion distantzia diskretuaren artean. Bertzetik, orrialdeetan zehar tentsio narratiboa eta irakurlearen interesa pizturik gordetzeari begira.

Bi narrazio-ildok altxatzen dute eraikinaren zutabe funtsezko bana. Zorutik, gaurko lurrean oinak dituen protagonistak —lehen planokoak, zeren benetako protagonistak bertzeak baitira—, bi zutabe horietatik gora, gaurtik iragan aldera, sabai goibel halako batera igo ahala nagusitzen diren itzaletatik aterarazi nahiko ditu pilareen profilak; zehatz-mehatz ikertu nahiko ditu. Lehen planoko protagonista horrek ere hirugarren historia bat harilkatzen du. Guztira, bada, hiru historia hiru planotan, hiru dimentsioko eremu bakar bat sortuko dutenak.

Paralelo doaz gora, iragan goibel eta itzal artekora, bi pilareak, bi ildo narratibo funtsezkoak. Kostako zaio irakurleari, eleberriko ikerleari bezainbertze, ikustea nola lotuko diren elkarrekin bi historia horiek, zer zertxak deskargatuko duen bi pilareetan teilatuaren zama, hots, narrazio-eremu bakar bihurtuko duen estalkiaren zama. Baina, nola edo hala lotura hori itzaletatik aterako delakoan, aurrera jarraituko dute ikerketan interesaturik, bai eleberriko ikerleak, bai irakurleak. Narrazio bakoitzak berez pizten duen interesaz gain, zirraragarri ere izanen zaigu lotuneari buruzko jakin-min hori, suspense baten pizgarri erantsia.

Bi historia paraleloak, faxistek iraganeko Bilbo konkistatu berriaren giro goibelean galdurik daudela, horren itzaletatik erreskatatu nahian, eta erreskatean, dautza. Ildo batean, biktima garbiak, ikerlearen aitona-amonak; bertzean, irabazleak, biktima egileak. Kasualitate huts batek gurutzatuko ditu elkarrekin bi ildoak, zertxaren lana eginen du eleberriaren eraikinean. Ez, baina, inondik ere, deus ez machina artifizio trakets baten antza. Alderantziz, kasualitate historiko horrek sortuko du kontakizunaren zentzua.

Hiru historiak zatika egituratu dira, fragmentoka kontaturik, etengabe txertatuz zatiak elkarren artean eta, paradoxaz, batasun sentsazioa lortuz, itxuraz elkarri lotu gabe garatuz joaten diren bi historia nagusien arteko batasunarena. Bertzalde, nahiz eta hirugarren pertsonan mintzatu, hau da, narratzailea idazlea bera izan arren, lehen pertsonan idatzirik egonen balitz bezala bizi izan dut nik neuk nobela, narratzailea eleberriko ikerlea izanen bailitzan. Balio erantsia, ene ustez.

Badakit, higuingarriak dira konparazioak, baina zintzotasun inozoa —inozokeria ere izan daitekeena— barkatuko didazuelakoan nago. Ausartuko naiz, bada, erraten: Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao ekarri dit gogora Basterretxea Poloren honek, bai gaiaren aldetik, bai hurbiltasun familiarraren sentsazioaren aldetik, bai fragmentariotasunaren aldetik… Baina arkitektura, tentsio narratibo eta goian aipatu oreka zail eta finaren aldetik, sendoagoa, beteago deritzo irakurle honek Azken tranbiaren itzala-ri.

Saiatua baina lortu gabea iruditu zitzaidan egile honen Marearen erraietan. Bete-betea, aldiz, eta freskoa eta bizia, Mandatariaren gerra. Bertze erregistro batekoa, esperantza galduetako tragedia bati dagokiona dugu gaurkoa, baina eleberrigile sendo bat gehiago dugula egiaztatu digu nik irakurri diodan hirugarren honek.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak