kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

Joan zaretenean / Jokin Muñoz / Alberdania, 1997

Aitaren etxetik askatu Aritz Galarraga / Argia, 2011-03-27

Bada Bizia lo aurreko Jokin Muñoz bat. Ahaztua, atzendua, ezezaguna ez dakit, baina bada izan, eta irakurgarri, noski. Izan zitekeen estreinakoa, Hausturak narrazio lana, 1995ekoa. Izan zitekeen Atlantidara biajia bidaia liburua (nola definitu purrustada kitzikagarri hori?). Haragia ahula da, ordea, eta Joan zaretenean aukeratu diot, nobela nola ez, genero erregea, iragarpen txatxu bat eginda, eta gauzak daudenean, etorkizunean iraungo duen genero bakarra izango baita, akaso besteak bere baitan hartuta, nobela kreola. Edo, itxaron, ez al zen nobela hiltzen ari? Berdin dio, Aingeru Epaltzak aurreratu zigun Muñozen hau bikaina dela. Ikus dezagun.

Hiru pertsonaiaren gainean eraikitzen da kontakizuna: Alvaro, lehenik, nagusiki, bera baita narratzailea, bera zuzentzen baitzaio Helenari, lagun izandako neskari. Helena dugu, hain zuzen, bigarrenik, eta hirukia osatzen du Mikelek, Alvaroren gazte garaiko adiskideak. Helena joana zaio dagoeneko, Mikel inpentsan eroriko da Alvaroren txapitulan, jarri berri duen bonba autoaren beste puska bat bailitzan, iragan hondarrak bortizki harrotuz. Mikel mendetan iraunkortasuna eta leialtasuna sobera estimatu dituen mundu ikuskera baten oinordekoa da. Alvaro garaiokin hobeto ezkontzen diren ahuldade eta iraungikortasun neurrigabe baten semea. Baina biak ala biak, Helena, zera besterik ez dira: aurrekoek altxatutako etxea defendatu eta iraunaraztera kondenatutako oinordeko ziztrin batzuk.

Eta, bai, euskal gatazkaren presentzia etengabe eta molestagarria da hemen ere, Muñozek ohi dituen irudi gogor, kolpagarriez, nolabait esatearren, apaindua, espaloi bazterrean botatako haur-gorpu lehertu haien imajinaz, esaterako. Bai, Bizia lo hartako estilo astun, zurrun, errepikakorra da hemengoa ere, obsesiboa, luze-zabala, Helenari zuzentzen zaio bakarrizketa atsedenik gabean Alvaro nahasia. Bai, Muñozen ibilbide literarioan aurkitzen diren konstanteak ditugu hemen ere, ihesarekiko antsia, distantziaren beharra, errebeldia indibiduala. Bai, errealismoa da hemengoa ere, errealismo psikologikoa, existentzialista nahiago bada. Baina, bikain, harrapatzen du belaunaldi bat, egiten du haren erretratu gordin gupidagabe deserosoa, aitaren etxetik askatzeko aldarria, aurreko belaunaldiek eragiten duten karga arintzeko ariketa, eta egiten du aipatu erremintekin, egiten du ondo, ados izan zein ez, egiten du zerbait mugiarazteko irakurlearen barrunbeetan. Beraz, bada Bizia lo aurreko Jokin Muñoz bat, kurioski, Jokin Muñozen antz izugarria duena.

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak