kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Joan / Patxi Zubizarreta / Txalaparta, 2010

Zenbat errealitate paralelo! Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-03-13

Gatibu nau Patxi Zubizarretaren literaturak, haren planteamendu narratiboek batik bat. Ez du etsitzen eredu bakar bati jarraitzera, eta obra bakoitzean bide berriak jorratzen ausartzen da. Hori bai, guztietan, bi ardura nagusi: literatura eta irudiak uztartzearena, batetik, eta narrazioa bide gisa gogoetak egiteko, bertzetik.

Irudiak eta literaturari dagokionez, ohiturik gaitu narrazioetan txertaturiko argazki esanguratsuak ikusaraztera. Gaurko honetan, argazkiak ez ezik, irakurketa iradokitzaileago egiten duen DVD musikatu bat erantsi dio liburuari, kontakizunaren hiru paisaia funtsezkoenak antzematen dituelarik: Lisboa, Granada eta Zuberoa.

Narrazioa gogoeta-bide gisako ulerkeraz, argi du kontua eleberri honetako ahots batek, Joãok hain zuzen: ?”Argi dut nire gogoetak garatzeko narrazioa gero eta beharrezkoagoa zaidala, geldi ez, baina ibilian dabilen pentsamendua?”. Zerikusirik ez, ordea, tesi-eleberriekin; ez, behintzat, euren zentzu estuan, ideia bat frogatzeko asmoz pertsonaiak sortu eta gertaerak antolatzen dituzten eleberriekin, alegia. Tesi batek agindurikoari ez, narrazioak berak eta idazlearen senak eskatzen dutenari badaki lotzen paisaiak, giroak, pertsonaien izaera eta gorabeherak. Atmosfera aldakor batean murgildurik ikusiko du irakurleak bere burua, eta gogoetetan sakontzera bultzaturik.

Bortz atal, bortz narrazio, bortz ahots kontari aurkeztu digu Patxi Zubizarretak eleberri honetan. Bortz ikuspegi oso era desberdinetan azaldurik, Joãori buruz eta horrek abian jarriko dituen gertaeren segidan. Amaliaren fadoa zeharkako estiloan kontatua, Thomas Bernharden Alferrikaldua gogorarazten diguna, puntuazioa askoz konbentzionalagoa izanik ere Zubizarretarena. Marioren fadoa-n, bigarrenean, Joãoren anaia Marioren ahotsak ikusarazten digu berriro Amaliak azaldurikoa, bere emaztearekiko sesioak eta bidaia xelebrea anaiaren bila: narrazio bizia, adabakiz josia, pertsonaia dispertso eta segurtasunik gabeko baten ikuspegia. Barne-egunkari antzeko oharren bidez hitz eginen digu gero Adela Marioren emazteak Adelaren fadoa-n. Laugarrenean, Rubenen fadoan, sakelako telefonoz trukaturiko elkarrizketa zuzenen bidez, Mario eta Ruben lagunaren artekoak; bizi-bizia kontakizuna, Lisboa, Granada eta Zuberoa lotuko dituena. Lehenbiziko lau fadoetan, João, Lisboatik Pirinioetara ihes eginda, izanen dugu hari nagusia, zeinaren inguruan txirikordatuko baitira narratzaile bakoitzaren zertzeladak eta bizipenak, elkarrekin gurutzatuak, baina Adelak dioen bezala, ?”zenbat errealitate paralelo?” iradokitzen ez ote diguten!

João artista dugu, bai, hari nagusi eta aurreko lau ahotsen leitmotiv. Alta, azken fadoan, Joãoren fadoan, bertze mundu paralelo batean murgildurik ikusten dugu narratzailea, pinturatik ihes eginik, argazkietan babesturik nonbait, baina etxe bazter batean aurkituriko ipuin misteriotsu bat frantsesetik euskarara ekarri nahian. Sendagile gaixoa da ipuina, non Zuberoako herrietan dabilen Rene medikuak kontatzen dituen bere bizipenak, eta non eleberriko azpitituluak aipaturiko piztiak eta bertze batzuk, legendazkoak eta sinbolismoez beterikoak, mugituko diren geografia zehaztu gabe baina antzemangarri batean. Itzulpenak egin artean, João oin-oharrak txertatuz joanen da, bere mundua eta sendagilearena paralelo bihurtuz. Herri-kondairetako eta bizitzaren piztiek, misterioek, osinek, oihanek, mendiek, abestiek, pastoralek…, eta Joãoren ideia-asoziazio ahalmen izugarriak eramanen dute irakurlea era anitzetan leitzera eleberri oparo hau.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak