kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Tatxatuaren azpiko nazioaz / Ibai Atutxa / Utriusque Vasconiae, 2010

Nazioaren dekonstrukziorantz Beñat Sarasola / Berria, 2011-03-13

Azken boladan, euskal literaturan, saiogintzak aurrerapauso nabarmenak egin dituela aski onartua dago dagoeneko. Horien artean, badago lerro kritiko bat indar berezia hartu duena eta abertzaletasun esentzialistaren kritika gisa defini daitekeena. Beren arteko ezberdintasunak ezberdintasun, Santi Leone, Imanol Galfarsoro edo Andoni Olariagaren idazkiak, nahiz Joxe Azurmendiren pentsamenduaren aldarrikapena ildo horretan koka daitezkeela esango nuke. Adierazgarria da, halaber, ugaritasun horretan, saiogileetako asko figura nahiko berriak direla euskal letretan, eta aire berria ekarri dizkiotela. Ezbairik gabe, multzo horretan kokatuko nuke Ibai Atuxa.

Euskal abertzaletasunean gorpuztutako nazioaren ideiaren kritika da funtsean Tatxatuaren azpiko nazioaz: Euskal nortasunaren errepresentazioei buruzko azterketa Itxaro Bordaren eta hertzainaken (sic) punk musikan. Lana bi atal handitan banatua dagoela esan daiteke. Lehenengoan —liburuko 2. eta 3. kapituluetan—, nazioaren errepresentazio moderno-esentzialistaren genealogia deskribatzen da, Sabino Aranaren eta Jorge Oteizaren testu banatan oinarrituta batez ere. Bigarrenean —liburuko 4., 5. eta 6. kapituluak—, aurreko ikuspuntuari kontrajarria-edo (ez zehazki kontrajarria, dena den), nazioaren errepresentazio antiesentzialista bateranzko zenbait norabide azaltzen zaizkigu; nagusiki, Itxaro Bordaren literatura eta Hertzainak rock taldearen musika. Auzia ez da nolanahikoa; giltza, nazioaren ikuskera esentzialista-klientelistari kritika egitea baita, baina antinazionalismo edo negazionismo arruntean (Jon Juaristi, Fernando Savater, eta abarrenean) erori gabe. Horretarako, aparatu kritiko aberatsa darabil Atutxak, baina horien artean postestrukturalismoak garrantzi berezia hartzen du arazo hori saihesteko ahaleginean. Horrela ulertu behar da, hain zuzen, tituluko tatxadura bera: nazioa kontzeptua erabiltzen jarraitu baina bere karga metafisiko guztiaz biluztuta.

Dagoeneko bat baino gehiago jabetuko zen gisara, eztabaida aski konplexu eta teknikoa da, nahiz eta egun jokoan dauden auzi politiko eta kultural ugariren muinean dagoen arazoa izan. Dudarik gabe, lengoaia kritiko-akademikoarekin zaildutako irakurleentzako liburua da batez ere. Egiatan, lan akademiko batean oinarritutako testua baita.

Hertzainak taldea eta, batez ere, Drogak A.E.K-n kantua aztertzen duen zati egin zait niri interesgarrien. Errepresentazio modernoen zatia puntu askotan presakakoegia iruditu zait, gauza gehiegi biltzen direla horietako bakoitza sobera garatu gabe. Aski interesgarria da hainbat gogoetabide erabiltzea, baina collage gisako idazketa horrek ere arriskuak ditu, eta nago puntu horretan ezin izan dituela guztiz ekidin. Itxaro Bordarenari dagokionez, neurri batean Joseba Gabilondok jorratua du dagoeneko Atutxak egindako bidea —berrikuntzak badauden arren, esaterako, Judith Butlerren ideietatik ateratako zenbait ondorio— eta zalantza egin dut halako gai batentzat ez ote den egokiena %100 basque liburua aztertzea.

Esan dugu ez dela, duen konplexutasun teorikoa dela medio, liburu erraza irakurtzen. Idazkerak ere ez du ziur asko sobera laguntzen, zenbait kalkoren errepikapen (gisa) eta egitura traketsengatik batez ere. Edizioa beraren modura: aipatutako azpitituluko akatsaz aparte, oin-ohar batzuk ere ez datoz zenbakiarekin bat. Nolanahi den, hasieran esandakoarekin amaitu nahiko nuke, eta Tatxatuaren azpiko nazioaz abertzaletasunaren nozio esentzialista eta kontserbadoreei eginiko kritikarako ekarpen bikaina dela azpimarratu.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak