kritiken hemeroteka

6.964 kritika

Azken kritikak

« | »

Fucking Artists / Xabier Montoia / Elkar, 2010

Lerroa gurutzatzean Ibon Egaña / Deia, 2011-03-05

Euskal Hiria sutan anbiziotsu eta mardula kaleratu eta lau urtera, ipuin liburu

berria argitaratu zuen iazko hondarrean Montoiak, tartean Golgota eleberria ere argitaratua duen idazle emankorrak. Badu begi bistako desberdintasun bat Fucking artists honek Montoiaren aurreko ipuin liburuekiko; Gasteizko hondartzak, Baina bihotzak dio eta Euskal Hiria sutan ez bezala, azken bilduma ez da ideia, leitmotiv, espazio edo kontzeptu mailan lotura duten ipuinez osatua. Ez da, baina, liburu honen azalean sakonegi hazka egin behar Montoiaren ibilbideko obsesio, gai eta motibo betikoekin topo egiteko: traizioa eta saldukeria, mendekua, jendearen (“artisten”, zentzu zabalean) gainbehera eta infernurako jaitsiera… Plastikozko loreak erregearentzat etorriko zaio burura Fucking artist ipuinaren irakurleari, Elvisen eta soularen lurralde eta musikariekiko lilura berritzen baitu; Euskal Hiria sutan-en zorrotz egindako Euskal Herriko klase ertainaren kritika oroitarazten dute beste ipuin frankok (Adonis ehiztaria, Itsaso bera nonahi); Jean Etxegoien-ek Hilen bizimoldea trilogian ezagututako infernua ez dago urrun Uzbekistanen deskribatutakotik (Kaka lepotik beheiti); artista edo futbolarien gainbeherak Denboraren izerdia-ko Jon Ezenarroren oihartzunik badu…

Idazle morala da sakonean Montoia, pertsonaia eta istorioen bidez gizon-emakumeon balio moralen eta haien galeraren inguruan hausnarketa egin nahi duena. Gogoeta hori bideratzeko, liburu honetako pertsonaia frankok beren (edo gizartearen) kode morala apurtzen dute eta transgresio horren ondorioekin aurrez aurre paratzen ditu Montoiak. Transgresio edo lege hauste horrek maizenik sexuarekin du zerikusia: bikotekidearekiko fideltasun eza, desira homosexual ezkutatua, pornografia, sexu gehiegikeriak edo pederastia dira ipuinotan tratatzen diren gaietakoak. Ziurrenik, gertaera horiek transgresiotzat hartu ala ez irakurlearen esku dago,eta horrek baldintzatzen du, hein batean,ipuin hauen irakurketa eta haien eragiteko gaitasuna.

Egoera arruntetatik, pertsonaiak zoriontsu edo arrakastatsu direla hasten dira ipuinetako asko, baina idazleak apurka amildegirantz, infernurantz bultzatzen ditu pertsonaiak (batzuetan beren transgresioa tarteko), Kaka lepotik beheiti ipuinean pertsonaiak giza gorotzetan sartuta grafikoki irudikatzen den bezala. Zeru/infernu,

eder/munstro, on/gaizto… dikotomia indartsuetan, aurkako polo biren arteko dialektiketan oinarritzen dira narrazioetako asko eta baita idazkera ere. Ziurrenik idazleak planteatu nahi dituen dilema moralak irudikatzeko behar ditu polo indartsu horiek, baina iruditu zait planteamendu horrek berak daramala maiz narratzailea pertsonaiak eta egoerak trazu lodiz marraztera eta ongi justifikatu gabeko estremoetara (adjektiboak ere gehiegi sinplifikatuz: eder, gaizto, itsusi…). Bereziki gai batzuen gordinak finezia handiagoa eskatzen zuelakoan nago. Ziurrenik horren ondorioz, sinesgaitz egin zaizkit narrazio zenbait (Etxeko lanak, batez ere), pertsonaiekiko idazleak distantzia handiegia ezarriko balu bezala. Horrez gain, narratzaileek zenbaitetan guztia agortzen dutela iruditu zait, ez diotela tarte handirik uzten irakurleari eszenak irudikatuz haria eraikitzeko eta prozesu guztiak esplikatu egiten dituztela, sintetizatu iradoki bainoago.

Montoiaren kontatzeko trebezia beste behin ere nabaria den arren (erritmoa, narratzaileak, hizkuntza eta estiloa…), zabar xamarra iruditu zait istorio, pertsonaia eta gai batzuei emandako tratamendua eta ez dut uste idazlearen ibilbideko gogoangarrienetakoak direnik ipuinok (badiren arren narrazio ederrak, Izorratuta edo Cancerbero, nire gusturako).

Azken kritikak

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Joannes Jauregi

Bertso bilduma
Etxahun - Pierre Topet

Aritz Galarraga

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Estibalitz Ezkerra

Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak
Nikolas Kazantzakis

Hasier Rekondo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Javier Rojo

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak