kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Fucking Artists / Xabier Montoia / Elkar, 2010

Oroz gain, istorioak kontatu Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-01-16

Istorio kontalari trebeek luxu bat baimen diezaiokete euren lumari: kontatzeagatik kontatzekoa, alegia. Kontakizunaren osagaiak nahasi, fikziozko sinesgarritasunarekin ordenatu, testuinguru bat hondo edota agertoki gisa, saltsa gisa nahi baduzue, paratu, eta istorio kitzikagarri bat hariLkatzea, horratx helburua. Erregistroak, hizkera, idazkera, ahotsak, teknikak…, baliabide literarioak azken batean, anitz izan daitezke, desberdinak kontakizunen arabera edo elkarren antzekoagoak, baina narraturiko istorioak betiere nagusitasuna, lehentasuna edukirik.

Xabier Montoia kontalari trebeak baimen hori eman dio bere buruari, ene ustez, Fucking Artists izenburuko ipuin bilduma honetan. Hamar istorio eskaini digu, distantzia batetik gatz korrosiboz onduriko saltsa desberdinen gaineko nabigazio gidatu batean, baina betiere egurats errealistaren baitan giroturik. Saltsak edo hondoko testuinguruak anitz dira —bai espazio, bai egoerei dagokienez; ez, aldiz, denboran, gaurko errealitateetan baitaude guztiak egosirik—, bizipen edo arazo desberdinei buruzko gogoetetan murgilarazi nahi izan balio bezala irakurleari narrazioen harira, baina ia guztietan kontaturiko istorioen zertzeladak nagusituko dira geure, irakurleon, irudimenean: saltsa horien barnean murgildu gabe, nabigazioaren uberari jarraituko diogu kontakizunaren porturatzeraino. Eta portuak (amaierak), narrazio guztietan, bitxiak, ustekabekoak izanen zaizkigu.

Saltsa edo testuinguruen adibideak: euskal nazionalista ohi baten egoera berria, bizkartzain bat ordu oro aldamenean, EAEko gaurko gobernu “anti-nazionalistaren” zerbitzura lanean jarri ondoren; puntako futbolari loriatsu izan nahi duten hiru lagunen ametsak eta errealitatea, euren curriculumean eta amaieran; sexu-jolasak haurtzaroan arreba-neben artean, arrebaren etorkizuna markatuko dituztenak; gaztaroan ikurtzat jo izaniko baina katalogo eta erregistroetatik desagerturiko musikari baten arrasto bila joanen den fan baten peskizak, helduaroan jada; langabezia eta haren irtenbide pornografiko bat, enpresari berri eta iradokitzaileen aldeko gaurko kultura honetan; guregandik lekutan dagoen herrialde bateko tirania eta sadismoa; adulterioak pizturiko kontzientzia txarra emakume batengan… Ipuinen hurrenkeraren arabera nik zerrendaturiko saltsa desberdin batzuk, guztiak iruzkin honetan sartu ezinean. Nahikoak, ordea, ideia bat irakurleari emateko.

Guztietan, erranik doa, nola edo hala, sorpresazko amaierak. Ia guztietan, istorioaren garapena eta gorabeherak nagusituko zaizkie saltsa horiek gorpuzten dituzten arazo eta kezka filosofikoei. Hiru salbuespen, nire ustean: istorioak beraiek nagusitu arren, hondoko bizipen edo egoerei estuago loturik agertzen dira futbolarien eta musikarien bi kontakizunak, puntako loria mediatikoen amets edota errealitatearen inguruko parabolak izan baitaitezke biak; hirugarren salbuespena, Izorratuta izeneko ipuina, bereziagoa da, eta, ene irudiko, narraziorik aberatsena literarioki.

Bakarrizketa da, eliz-ikastetxeetan ezaguturiko pedofilia kasuak saltsa gisa. Errekurtso literarioen aldetik, 15 orrialdeko paragrafo bakarrekoa dugu hau, abokatuaren aurreko aitorpen eta aldi berean auto-justifikazio bezala garatua, salaketa ere bai aitorlea pagaburu jarri eta kondenatu nahi duten lankide eta anaikideen kontrakoa, berauek ere bekatu berberean arrunt sartuak…: inplikazio handiagoa eskatzen digu irakurtzerakoan, eta horri esker zuzenago sartzen gara istorioan ez ezik, istorioa bera lohitzen den saltsa lodian ere.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak