kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Errua eta maitasuna / Markos Zapiain / Elkar, 2002

Dakienak idatzia Igor Estankona / Gara, 2002-05-04

Esku artean duzun “Mugalari” honetan zein beste komunikabide batzuetan argitaratutako iruzkinen bilduma da Errua eta maitasuna. Guztiak daude arretaz idatziak eta guztiak dira zorrotzak, baina Markos Zapiain ez da kritikari arrunta. Nahiago du askotan bihozkada soil bati jarraituz idatzi eta hortik sortzen den gogoeta izatea artikuluaren muina. Kritikak irakurtzeko ohitura daukanarentzat laguntasun handia da, astun eta teknikoegi jartzen baikara askotan sasiepaileok.

Irundarrarekin egoteko aukera Galeuscak eskaini zidan, Pontevedran. Ez genuen iruzkinaren ofizio gazi-gozoari buruz luzeegi hitz egin, baina txibierro eta ardo katiluen artean igarri nion, igarri, gauza handirik ez zegoen lekutik teoriak ateratzeko abilezia. Horrek salbatu gaitu askotan, zertan ukatu, epel utzi gaituzten liburuei buruz hitz egitean. Ondo pentsatuz gero, istorio guztiek eta idazteko ahalegin guztiek galderak pausatzen dizkigute. Berauek identifikatu eta hortik abiatzeko erraztasuna da hemen biltzen diren iruzkinen sekretua.

Euskal literatura zein kanpokoa disekzionatzeko trebezia handia izatea, ordea, ez da nahikoa izaten. Apaltasunez ere idatzi behar da. Eta zorroztasunez. Eta liburua amets egiteko zerbait dela erakutsi behar da. Eta erakargarri bihurtu behar da, adibidez, filosofia asko baitira orrialdeotan aholkatzen dituen saiakera liburuak. Buruan hainbeste gauza eduki behar direnez, ihes egiteko tarteren bat bilatzea zilegi da. “Liburuari kohete bat erantsi”, hori omen da egin behar dena. Kohete horrek beste planeta askotara eramango gaitu, baina, ezustean, erantzuna ere liburutik urrun aurki dezakegu. Perspektiba deitzen zaio horri. Eta perspektiba da kritikan ahalegintzen garen askori falta zaiguna. Liburua zer edo zer autonomoa dela sinistu izan dugu askok. Errua eta maitasuna hau osatzen duten artikuluek guztiz kontrakoa frogatzen dute: liburu bati buruzko mila ideia baino baliagarriagoa dela testuinguru egokia ematea. Eta sakonean badago, halaber, serio aztertu beharreko bateragarritasun falta. Idaztearen eta iruzkinak egitearen arteko bateraezintasuna, alegia. Idazle ere bagarenok gure fobiak proiektatzen ditugu inoren lanetan eta irakurketaren plazerarekin zerikusirik ez duten gaietan trabatu ohi gara. Inbidia sanoa ematen dit horregatik artikulu hauen ikuspuntu zabalak.

Edorta Jimenezi “Baleen berbaroa”ren inguruan egindako elkarrizketa interesgarria, Iban Zalduarekin izandako polemika eta Ramon Saizarbitoriaren “Aberriaren alde (eta kontra)”ri buruzko hausnarketa atipikoak bildu nahi izan ditu liburu honek. Bada, hiru adibideok ederki egokitzen dira kohetearen teoriarekin. Bizitzari, politikari, umoreari… guztiari egiten zaio lekutxo bat. Literatura aitzakia bihurtzen da, eta aitzakia literatura.

Bizitzako alor guztietan igartzen da zer egiten den maitasunez eta zer erdi derrigorturik. Ez da milagroa, horrenbestez, kritikan ere hori berori gertatzea. Hemen aztertzen diren liburuak oso desberdinak izan arren, guztiak daude maitasunez tratatuak. Inork idatzitakoaren epaile izateko tentazioa baztertzea ez da erraza izaten —kritikariak horretarako ausardia izan behar du, irakurlearen mesedetan baitabil, eta ez idazlearenean— baina Markosek beti erakutsi du liburua izaki aberatsegia dela keinu soil batez aprobazioa eman edo sutara bota ahal izateko.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak