kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Txatartegirako ipuinak / Xabier Etxaniz Rojo / Erein, 2010

Txatartegirako koitaduok Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-12-19

Manriquetar bizitza-filosofia bat dario Etxaniz Rojoren ipuin bilduma honi. Aldatu du metafora, bai horixe, ez baikaude alferrik zibilizazio tekniko honetan: itsasora isurtzen diren ibaien ordez, txatartegia helmuga dugun izaki gara gaur gizakiok. Manriqueren malenkonia elegiakoa ironia malenkoniatsu bihurtu da Etxaniz Rojoren bihotzean. Guztiz adierazkorra liburuaren titulua.

Bederatzi ipuin, gehienetako protagonistak zahartzaroan edo haren atalasean. Pertsonaia arruntak gehienak, anbizio berezirik gabe eta eguneroko errutinekin maitemindu edo haietara gustura ohiturik bizi izandakoak. Halaz ere, zerbaiten falta dute historia bakoitzeko unean, eta ilusio berri xume baten bila doaz (Zure hirurogeita bigarren urtebetetzea, Maitasun betierekoa), edo azkeneko eginkizun bat bete nahi dute, agian aurretik ongi zaindu ez zituzten maiteekiko (Allariz-Miseria-Allariz), edo euren patua onartzen dute laino tristeki (Hogeita hamaika egun Londresen). Tankera errealistakoak gehienak, absurdoari ere emanik istorio batzuetan (Klaxonen festa), kutsu sotilago batekin, absurdoa errealitatea bera denez, bertze zenbaitetan (Gaizki hasitako egunak). Guztiak, edo Donostia-Hendaia korridorean eta haren giro urbanoan kokaturik, edo, hortik kanpo suertatu arren, mundu horrekin nola edo hala loturik. Idazlearen etxea, zer erranik ez. Eta ez die muzin egiten gure euskal etxeko arazo politikoen adierazpenik famatuenari, indarkeria politikoari alegia; zuzen-zuzenean batzuetan (Atrezzoari begira, Gari-zainzuriak, Gaizki hasitako egunak), zeharkakoago bertzeetan. Autoa, aipatzeke gelditu zaidana, herri txikiago bati dagokio giro aldetik, baina guztiz alegiazkoa da Euskal Herriko egurats soziologiko itogarriaren pertzepzio batetik.

Ez dira erretratu psikologikoak, ez da hori egilearen asmoa. Gehiago dira, indibidualizatuak izanik ere, egoera zehatzetan kokaturiko pertsonaien sentipen nolabait estereotipatuak. Planteamendu guztiz zilegi eta literarioki emankor izan daitekeena, kasu honetan gertatzen den bezala, izatez. Trebea da Etxaniz Rojo ipuingintzan. Teknika berdintsua erabili du narrazio guztietan: hasiera anodinoa (protagonisten arruntasun eta errutina zaletasunaren isla), irakurleak ez dakiela norantz eramanen duen narratzaileak, kontakizunaren zehar dosifikatuz doaz istorioa bideratuko duten datuak eta ñabardurak, pixkanaka joanen da gorpuzten ipuina eta bere amaierara erakarriko gaitu, naturalki eta ia konturatu gabe pizturik gure interesa. Irakurgarriak, oso, ipuin hauek. Narratzaile orojakilea, hirugarren pertsonan, gehienetan. Eta guztietan, narrazioan zehar txertatuz bizitzari buruzko hainbat gogoeta, goian aipaturiko filosofiak-edo inspiraturik, ezertan ere bortxatu edo artifizialki eten gabe kontakizunaren ildoa eta giroa.

Aukeran, Gari-zainzuriak-ek utzi nau frustratua. Maisuki kontaturik, bai, baina halako moralkeria erraz batean erori dela erranen nuke, idazlearekiko nire begirune eta estimu osoz. Interesgarria, interesgarria denez, irakurleari aurkezten dion egoera: gaztetan, Erriberako ezpondak gorrien odolez blai jarri zituztenetako militar ohia, Intxaurrondon ibilitako guardia zibil baten aita, zahar-etxe batean bere heriotza-bezperetan, aurrez aurre bere zaindari batekin —kartzelaturiko ETAren kide baten aita berau— solasaldietan. Ez tremendismo, ez manikeismorik bien artean —zoriontzekoa da lorturiko erregistroa—, baina nago askoz zuku aberatsagoa lor zezakeelakoan idazleak planteaturiko harreman horietatik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak